“Arraina zirri-zarra ibilian hasten denean apurtzen da sare gehien”

Ume-umetatik portura joan-etorrian ikusi dute ondarrutarrek Maite Burgoa San Severino (Ondarroa, 1953). 33 urte zeuzkanetik sareak konpontzen ditu, eguna joan eta eguna etorri. Lan gogorra izanda ere, maite ditu arrantza sektoreagaz lotuta dauden ofizioak. Izaera handiko emakumea dela igarri-igarria da beragaz berba egitean.

Bost saregile daude gaur egun Ondarroako portuan, eta premia dagoenean beste bi lagunen laguntza edukitzen dute. Bat edo bat gaixotzen bada, esku biren falta segituan igartzen den horietakoa da euren ogibidea. “Guztiek egiten dute falta”.

Saregile eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartean daude sartuta orain dela bost bat urtetik, Hondarrabitik hasi eta Bermeora arte, eta lortu dituzten gauza guztiak elkartearen bitartez egin dira. Ordura arte, inork ez zien jaramonik egiten, Burgoak esan duenez.

Azken lorpena: moilan aterpea eskainiko dien 72 metro koadroko etxetxoa. Arrantzaleei ateak txikiegiak irizten zaizkie, baina “ibiliak emango du erakutsia”. Aterpean egongo dira, eta hori da garrantzitsuena, haizeari aurre egin beharrik barik. Euriari aurre egin behar barik. Eguzkiari aurre egin behar barik.

Gure Argia izan zen etxean eduki zuten azken txalupa. Hantxe hasi zen Burgoa 16 bat urtegaz. Aitak ez zekien gazteleraz, eta estamentu askotara joan behar izaten zuen. Hori horrela, itzultzaile lanak egin eta txalupa egiteko prozesu guztian lagundu zion.

18-20 urtegaz konpondu zituen estreinako sareak. Amak egiten zuen aurretik, eta, hari laguntzeko, lanetik kentzeagatik hasi zen ofizioan. Gehienak horrela hasi zirela dio Burgoak, familiak txalupa eduki eta etxekoei laguntzeagatik. Hori ez eze, edozer egiteko prest egon da beti: mariñelen partillak, neskatilatzea, arrantza, denetarik egin izan du, etxean lan guztiak egiten diren moduan. Horrelantxerik.

Ordundik, itsasoari lotuta bizi da, errotik lotuta bizi ere. Ordutegi barik, denbora guztian herriari lotuta, itsasora begira.

Itsasora ere joan zen behin baino gehiagotan, Gure Argia egin eta segituan. “Pentsa baino beranduago amaitu zuten ontzia, eta mariñelak, ordurako, beste txalupa batzuetan sartuta zeuden. Iraila zen. Lehen irteera bietan helizeak harrapatuta etorri zen Gure Argia“. Aitari esku bat botatzera joan zen orduan ere. Denetarik egin zuen: arraina kaxetan ipini, zubian egon, sareak konpondu…

Lan fisikoak dira arrantzaren sektoreari lotutakoak. Emakumeek egiten dituzte lan asko eta asko. Eta beti daude kanpoan, babesik barik, moilan. Eguraldia edozelakoa dela, kanpoan. “Emakumeak Ondarroan, portuan, astoak modura egin izan du beharra. Andre gogorrak izan dira, aurrera egitekoak. Isilik egin izan dute lan, gizonen atzean”.

Eskertzeko aitorpena

Portuko biribilgunean monumentua ipini zutenean, asko poztu zen Burgoa, lehengo emakumeek egindako lana aitortzeko delako. Izan ere, oso gogoan dauka sasoi bateko emakumeek egiten zuten beharra. “Txiki-txikia nintzenean, 7 urtegaz-eta, han egoten ziren andreak portuan. Izotz fabrikaren parean, patio antzeko bat zegoen, eta hantxe ibiltzen ziren sareak konpontzen, aterpe barik. Amagaz joaten nintzen, eurei txokolatea-eta eroatera”, gogoratu du.

Gure Argia saldu zenean sartu zen buru-belarri saregileen munduan. 33 bat urte zeuzkan. “Dena lagatzea” pentsatu zuen orduan, portuari lotutako guztia laga eta beste bide batetik joatea. Gizonaren partetik, baina, Lau Anaiak itsasontzia zeukaten. Jarraitzea erabaki zuen, eta gaur arte.

Erretiroaz galdetuta, 67 urtera arte lan egin beharrak kezka eragiten dio. “Ez dakit zelan amaituko dugun holako lanagaz”.

Ongi Etorri eta Lau Anaiak herriko baxurako itsasontzientzat egiten dute lana sare konpontzaileek, eurek daukate lehentasuna. Gero, gainerako lan guztia kanpotarrentzat egiten dute: “Kantabriarrentzat asko, santoñar eta laredotarrentzat urte sasoi honetan. Berdel eta antxoa sasoian, Galizia, Asturias eta Kantabriako pilo bat txaluparentzat”.

Telefonoz jasotzen dute beharrerako abisua. “Beti egon behar dugu lanerako prest, beti gaude sakelako telefonoak noiz joko”. Beti lotuta, laneko ordutegirik barik. Holantxerik joaten zaizkie orduak. Antxoa sasoian, berdel sasoian, sarri 12:00ak aldera sartzen dira txalupak. Ezin dute, hortaz, eguna antolatu. Kontrara, egunerokotasuna lanaren arabera moldatu behar dute.

Eskuz egiteko lana

Sareek normalean konponketa handiak behar izaten dituzte, eta beti ez dira etortzen berdin apurtuta: batzuetan zuzen, besteetan alderdika, apurketa zegaz egin den, horren arabera konpondu behar da, zatia ondo garbitu eta paino ahalik eta gutxien gastatuta.

Painua sare zatiari esaten diote. Piezak fabrikatik datozenean metro askokoak izaten dira, 800 bat metroko luzerakoak, 1.800 bat mailakoak, portuan ikusten diren handi horiek. Lan fina da saregileek egin behar dutena. Eta mekanizatzeko ahaleginen bat edo beste egin izan bada ere, eskuz egitekoa da.

Ibilian apurtzen dira gehien sareak, Burgoak azaldu duenez. Neguan, esate baterako, mugimendu handirik ez dute ibiltzen itsasontziek. Mugimendu handiak hasten direnean, “antxoa eta berdela zirri-zarra hasten direnean”, orduantxe izaten dira apurketa gehien. “Arraina badago eta badabil, orduantxe izaten dira gorabeherak”.

Hori horrela, otsail erditik ekainaren erdira arteko hilabeteak dira lan handienekoak. Ekainaren amaieran, hegaluzetarako hasten dira prestatzen arrantzaleak. Eta hori sasoi lasaiagoa da, sarea haztegietarako karnata egiteko baino ez dute erabiltzen eta.

Ondarroako saregileek 60 urteren bueltan dauzkate. Eta argi daukate: “Ondarroako portua, etorkizunean lehiakorra izan behar badu, beti egingo dute falta saregileek”. Zerbitzua bermatu beharko da, itsasontziak Ondarroako portura etortzea nahi bada.

Eta portua atzean laga eta bere etxeko epelera sartzen den egunean, beragaz amaituko da ofizioa. Alabek beste bide bat hartu dute, itsasotik apartekoa. “Bakoitzak gustatzen zaiona egin behar du”, onartu du Burgoak.