“Medikuntza, Odontologia eta Erizaintza Fakultateak Bilbon behar luke 2017an”

Carmelo Garitaonandia (Bilbo, 1949) EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea da, eta abenduaren 4ko hauteskundeetan Iñaki Goirizelaiaren taldean aurkeztuko da, kargu berbera betetzeko. Errektore taldeko beteranoenaren gisa aurkeztu du bere burua. Horrek administrazio eta kudeaketa alorrean esperientzia handia eman diola dio.

Bada uste duenik hauteskundeetan hautagai bakarra egonik ez dagoela bozketarako arrazoi ugari. Zer deritzozu zuk?

Hala da. Hautagai gehiago egoteak bozkatzeko gogoa sustatzen du. Jendeak bataren eta bestearen programen berri izan nahi du, hautagaiak ere motibatzen ditu, baita gizartea bera ere, komunikabideak, iritzi publikoa… Askoz interes handiagoa pizten du kanpainak. Halere, askok ez dakite botoen herenak behar direla errektore taldea ateratzeko.

Uste dut abstentzio maila altua izango dela. Espero dut, baina, babesa emango diguten boto asko egotea. Oinarrizkoa litzateke EHUko errektoreak babes handia izatea, erakundeekin ordezkaritza adierazgarri bat izanik hitz egin ahal izateko; batez ere, Eusko Jaurlaritzarekin.

Ikasleen kezka nagusietako bat da unibertsitateak ez dituela behar bezala prestatzen lan mundurako. Zein neurri hartuko dituzue?

Inkestak egiten ditugu gure lizentziadunen jarraipena egiteko, lan merkatuan hiru urte bete ostean. Azken hiru urteetan, integrazio maila %90ekoa izan da, lehenengo sei hiletan. Lan baldintzei dagokienez ere, egokiak zirela ebatzi dugu. Baliteke datorren urtean emaitzak askoz ere txarragoak izatea, kontuan hartuta krisia 2008an hasi zela.

Guk esfortzua egiten dugu. Doktoretza aurreko bekak ditugu, ikerketa prozesuei jarraipena emateko. Atzerriko enpresetan lan egiteko bekak ditugu. Lanari ekiteko programak eta enpresa-mintegiak ere baditugu; Bizkaian hiru. Unibertsitateko Orientazio Zerbitzua eta enplegu gunea ditugu Bilbon eta Leioan…

Argi daukagu hezkuntzan eta ikerketan inbertitzeak garestia badirudi ere ez inbertitzea are garestiagoa dela. Ikusi dugu ladreiluak ez garamatzala inora. Gure gazteak hobeto prestatzeko lanetan eta ikerketa, transferentzia eta berrikuntzan inbertitzen dugun guztiak etorkizuneko gizartea eratuko dute.

Non dago gakoa?

Ikerketan, berrikuntzan, patenteetan, ezagutzaren transferentzian… Baita egiten ari garen apustuetan ere, besteak beste, Leioako Parke Zientifikoan: Plataforma Zientifikoarekin, Animalia Bioteknologia Zentroarekin, Biofisika Institutuarekin, animaliategia handitzearekin, martxorako martxan egongo den Titan mikroskopioarekin…

Partikula azeleragailuaren afera zertan den ere ez dakigu. 180 milioi euro behar zituen. Erdia Jaurlaritzak jarri behar zuen, eta bestea, Espainiako Gobernuak. Azken horren aurrekontuetan, baina, ez dute diru sailik aurreikusi. Gu ezin izango gara langileei dagokienez garapen bidean dauden herrialdeekin lehiatu, eta berrikuntza arloan ezinbestekoa da lehiatzea.

Beste alde batetik, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Eskola Barakaldotik ateratzea ez dute oso begi onez ikusi bertan. Eta eskola zegoen eremuak berak, gutxienez, hezkuntza izaerari eustea gura dute. Zein asmo duzue?

Hasiera batean, unibertsitate ikasleentzako egoitza bat egiteko ideia neukan, eta eurak ere ondo iritzi zioten. Zein da arazoa? Hasteko, 14 milioi euroko inbertsioa behar du. Jaurlaritzarekin adosten den inbertsio plana 2017ra arte itxita dago. Beraz, Jaurlaritza berriak 14 milioi euro ematea oso zaila izango da. Bestetik, azterketa bat egin genuen ikasleen artean egoitza bat non gurako luketen jakiteko. %54k Bilbon nahi zuten, San Mamesen; %25ek, Leioan; %6k, Barakaldon, eta %5ek, Bilbon, baina Zorrotzaurren. Era horretako inbertsio bat egin behar bada, eta galdetutakoen %6k baino ez badute egoitza hori Barakaldon nahi, bideraezina da.

Bestalde, iazko ikasturtean Fisioterapia gradua sortu zen, eta Jaurlaritzak aurten Medikuntzako kopuru mugatua igo digu. Presio handia eragin du horrek osasun eta medikuntza alorretako graduetan. Horregatik planteatu genuen Erizaintza bideratzea Barakaldora. Azkenean, baliteke Fisioterapia eraman behar izatea. Aukera desberdinak aztertzen ari gara. Dena den, Jaurlaritzarekin adostuta daukagun Unibertsitate Planak aurrera egitea da gure asmoa. Beraz, 2017an Medikuntza, Odontologia eta Erizaintza Fakultatea eta Fisioterapia gradua Bilbon egon beharko lirateke.

Irailean martxan jarri zenituzten Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko eskola berriak, lehen Bilboko Erakustazoka zegoen lekuan. Zein onura dakartza leku aldaketa horrek?

Casillako eskola oso hondatuta zegoela kontuan hartu behar da. Bestalde, polo teknologiko bat sortu dugu. Bertan, sinergiak sortuko dira hiru ingeniaritza eskolen artean —administratiboak, akademikoak eta irakaskuntza eta ikerketaren alorrekoak—, eta ingeniaritza gradu guztiak berregituratu ahal izango dira.

Dagoeneko behar bezala funtzionatzen dute instalazio berri horiek?

Guztiok nahi izango genukeen gauzak bikain zeudela hastea. Hala ere, eraikitze lanetan aurreikusi ezinezko gauzak gertatu ziren. Lanek uda aurretik bukatuta behar zuten, baina obra irailaren 17an entregatu ziguten, eta hil horren 24an hasi zen ikasturtea. Sarri esan dut ikusi nahiko nukeela zein enpresa pribatu den gai eraikinaren obra bat bukatuta eman eta zazpi egun geroago martxan hasteko.

Zeintzuk dira zuen lantaldeak berehala landu nahi dituen alorrak?

Batetik, Leioako campusaren berregituratzea amaitu. Liburutegiaren eraikina garrantzitsua da: Kafetegi berri bat jarriko dugu. Supermerkatu eta autoeskola bat nahi ditugu. Arte Ederren anpliazioa ere amaitu nahi dugu, baita errektoretzaren sarreraren erreforma ere. Inbertsioen planean sartutako beste bi alor Medikuntza fakultatea Basurtura eramatea eta Leioako ekialdeko aparkalekua eta autobus geltokia amaitzea dira.

Ikasleen Kontseiluekin batera, bestalde, ikasle etxeen proiektua ere garatu nahi dugu. Espaziook Mikel Laboa plazaren inguruan jarri nahi ditugu.

Parke Zientifikoa ere garrantzitsua da. Baliabide garrantzitsua izango da unibertsitateko ikerketak berrikuntzarekin eta ezagutza transferentziarekin lotzeko. Enpresen I+G zentroak bertan kokatzeko ateak zabal ditzake. Apustu garrantzitsu hori datozen bi urteetan gauzatuko da.

Plan horien guztien artean, zein leku egin diozue euskarari?

Bizkaiko hamalau zentroetan karrera edo gradu guztietan, derrigorrezko ikasgaiak euskaraz egin daitezke. Euskarak garapen txikiena graduondoko ikasketetan du. Luzatu egin dugu datorren urtera arte Euskararen Gida Plana.