Interes eta eskubideen arteko talka

Interes eta eskubideen arteko talka

Peru Azpillaga Diez

Orain dela zortzi urte, azaroak 9 zituela, etxetik kaleratzeko agindua jasotzera zihoanean, Amaia Egaña barakaldarrak bere buruaz beste egin zuen. Halako lehen kasua izan zen Euskal Herrian. Geroztik, soilik Barakaldon, 1.723 familia kaleratu dituzte; bataz beste, lau familia asteko. Berri Otxoa elkarteak emandako datuak dira. Astelehenean protesta egin zuten Justizia jauregiaren aurrean, Egaña gogora ekartzeko eta etxe kaleratzeak gogor jarraitzen duen errealitatea direla gogorarazteko.

“Gauzak oso gutxi aldatu dira. Legeak hor daude, baina ez dira betetzen, eta hori da larriena. Etxe kaleratzeek indarrean jarraitzen dute, familiak kale gorrian utziz”, salatu du Sheila Fernandez Berri Otxoak elkarteko kideak. “Ardura falta da”, erantsi du. Legeak betetzeko “borondate politikorik” ez dagoela deritzo. Zentzu horretan, gizarte zerbitzuen paperari kritika egin dio: “Haien lana funtsezkoa da, eta maiz ez dute egiten. Kaleratzeak gelditzeko gaitasuna dute, baina ez dute baliatzen”.

Egañak 2008ko krisiak eragindako hipotekak ordaintzeko zailtasunen zurrunbiloan harrapatuta topatu zuen bere burua. Urteetan ordaintzen ari zen etxearen hipoteka ordaintzen jarraitu ezin zuelako kaleratu nahi zuten. Egun, datuek erakusten dutenaren arabera, alokairuek hipoteken lekua hartu dute etxegabetzeetan. “Lehen, kaleratze gehienek hipotekekin zuten zerikusia. Jendeak kredituak ordaintzen zizkion bankuei, eta, krisia heldu zenean, ezin izan zioten ordaintzeari eutsi”, azaldu du Fernandezek. Orain, ordea, alokairuek hipoteken lekua hartu dutela azpimarratu du. Izan ere, Berri Otxoako datuei erreparatuz, Barakaldon egon diren kaleratzeen %83 alokairuarekin lotutako kasuak izan dira.

Arazo guztiek proportzionala den erantzun bat ekarri ohi dute, eta etxebizitzaren krisiak maizterren sindikatuen loraldia ekarri du. Mikel Alvarez mugimendu berri horretan dabil, eta Bilbon jaio den Maizterren Sindikatuaren kide da. “Sindikatuak bi iturburu izan zituela esan genezake”, hasi da esplikatzen. “Batetik, etxebizitzaren afera bere horretan lantzeko grina eta, bestetik, pandemiak ekarritako egoeraren larriagotzea”.

Hark azaldu duenez, batik bat, 2012ko Espainiako Hipoteka Legea ezarri zenetik—pertsona zaurgarrienak kaleratzea debekatzen du—, alokairuak bihurtu dira etxebizitza arloko “arazo nagusia”. Batetik, diru sarrera apalagoen ondorioz, jende gehiago bizi delako alokairuan, baina baita etxe kaleratze gehienak alokairuarekin lotuta daudelako ere. Zehaztu duenez, azkenengo hiru urteetan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 3.500 etxe kaleratze egon dira, eta horietatik %70, alokairuan zeuden familiak ziren.

Alvarezek azpimarratu duenez, jada indarrean zegoen arazo hori, “larriagotu” egin da pandemiaren eraginez. “Batez ere, elkartasun sareak jarri ziren martxan arazoari erantzunteko. Kontua da berrogeialdia amaitu zenean prekarietate eta zapalkuntza egoera batzuk areagotuko zirela ikusi genuela; adibidez, jende gehiago egongo zela alokairua ordaintzeko arazoekin. Horregatik, arazo horri erantzungo zion mugimendu bat sortu genuen: Maizterren Sindikatua”.

Sindikatuaren ideia, ordea, ez zen berria. Alokairuen arazoa Euskal Herritik kanpo ere zeresan handia eman duen afera izan da, eta zentzu horretan Herrialde Katalanetatik jasotako hainbat esperientzietatik edaten du sindikatuak. “Interpelazioa eta presio politikoa gauzatzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Katalunian ikusi denez, presiorik egon ezean, ez dute neurririk hartuko. Era berean, alokairua ordaindu ezin duten pertsona horiek batzea eta antolatzea ere ezinbestekoa da aterabide kolektiboak bilatu ahal izateko”, esan du Alvarezek

Bizkaian, batez ere, Bilboko metropolian alokairuarekin dagoen joerak kezkatzen du Alvarez: “Alokairuaren prezioa goi-goian dago, Espainiako Estatuko altuenetarikoa da”. Sektore ekonomiko indartsu eta inbertsore handiek alokairua errentagarritasun ekonomiko “handia” ateratzeko eredu bezala ikusi dutela deritzo: “Horrek ekarri du, besteak beste, etxebizitzaren prezioa igotzea. Leku batzuetan etxebizitzak alokatzea “ezinezkoa” bihurtu dela ohartarazi du.

“Gainera, diru sarrerak txikitzen ari direnez, portzentajeetan geroz eta garestiagoa ateratzen da etxebizitza ordaintzea; hots, zure soldataren portzentaje gero eta handiago bat bideratzen dugu horretara”. Hortaz, Alvarezen aburuz, arazoa “ez da soilik jendeak ezin duela alokairua ordaindu”, etxebizitzarako sarbidea izateko oztopoa ere “izugarria” dela deritzo. Ideia berari heldu dio Fernandezek. Ohartarazi duenez, alokairuak “hain garesti daude”, logela batean bizi diren familien kasuak izan dituztela: “Hiru kideko familia bat, logela bat alokatzen ari da, 400 euroren truke. Ostalaritzako langileak dira, eta, orain, pandemiaren ondorioz, diru sarrera guztiak galdu dituzte. Udalera jo, eta gizarte laguntzak eskatzeko epea itxita dagoela esan diete. Orduan, zer irtenbide geratzen zaie?”.

Instituzioak jo puntuan

Alvarezek nabarmendu duenez, etxebizitza galtzeko arriskua, osasun larrialdiak sustatutako “albo kalte bat” izan da. “Azkenean, domino fitxa bat bezalakoa da: diru sarrerena erortzen denean, etxebizitzarena ere botatzen du”. Hala, pertsona horiek alokairua edo hipoteka ordaindu ezinik geratzen dira. Gainera, alokairuaren legearen arabera, hiru hilabete ordaindu gabe egon ostean, kaleratzea “ahalik eta azkarren” egiten da. “Instituzioek huts egiten dute maiz, eta babes sozialeko neurriak ez dira familia bat kalean ikusten duten arte martxan jartzen, martxan jartzen baldin badira”.

Fernandezek adibide bat ipinita frogatu du Alvarezen salaketa: “Otsailean kalean geratu zen emakume bat bi haurrekin Barakaldon. Bi urte generamatzan kaleratzea gelditu nahian, etxebizitza sozial batean bizi zelako. Gizarte zerbitzuek eta udalak ez ziguten kasurik egin, eta, familia kalean utzi zutenean, orduan hasi ziren alternatiba bat bilatzen…”. Behin kalean, Alvarezen aburuz, helburua ez da pertsona horiei “duintasunez” egoera horretatik ateratzeko laguntza ematea: “Egoera prekarioak kateatzera kondenatzen dituzte, duten arazo horretan gehiago katramilatuz”.

EAEn etxebizitzaren egoera “kontraesankorra” dela dio Alvarezek: “Etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartuta du Jaurlaritzak, baina parke publikoa hutsaren hurrengoa da”. Alokairu soziala “egon, badagoen arren”, Fernandezek ere eskaria eskaintza baino altuagoa dela esan du. Alvarez kexatu da etxe hutsak eskaini bain gehiago, etxe berriak eraikitzeko “joera handiegia” dagoela, inbertsio funtsen eta bankuen “mesedetan”.

Abandon eta Zorrotzaurren (Bilbo), esaterako, etxebizitzak eraikitzen ari direla dio Alvarezek: “Horien artean gutxi batzuk publikoak dira, baina ez dute dagoen beharra asetzen”. Inguru horietan alokairuaren prezioak gora egiten ari dela esan du. “Errentagarritasuna ateratzeko elementu bezala ikusten dute etxebizitza, eta ez eskubide modura”.