Frankismoaren biktimak ikertzeko egitasmoa martxan da Zornotzan

Frankismoaren biktimak ikertzeko egitasmoa martxan da Zornotzan

Peru Azpillaga Diez

“Herrietan zer gertatu zen argitu nahi dugu, zeinek sufritu zuten frankisten errepresioa; zergatik eta nola”, jakinarazi du Javier Buces Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak. “Sufritu zuten horiei izen-abizenak jartzea da helburua”, erantsi du. Horretarako, hainbat ikerketa ditu martxan Aranzadi elkarteak Euskal Herriko zenbait herritan; besteak beste, Zornotzan.

Urtebete daramate bertan jazo zen errepresio frankista ikertzen, eta, orain, herritarren testigantzak jasotzeko epea ireki dute, Memoria bulegoa izeneko espazio bat zabalduz, Konbenio kalean. 1931 eta 1959 bitartean giza eskubideen urraketa pairatu zuen edozein pertsona edo senitartekoren inguruan informazioa biltzea izango da bulegoaren egiteko nagusia. “Testigantzen bidez, artxiboetan agertzen ez den informazio hori guztia jasotzea da asmoa”, azaldu du Bucesek.

Iaz abiatu zuen Zornotzako ikerketa Aranzadik, udalaren eskaera bat jaso ostean. “Udalak eta elkarteak jarri ohi dira gurekin harremanetan. Gure intentzioa tokian tokiko memoria berreskuratzea eta frankismo garaian jazotako errepresioaren berri biltzea da, oroimena eta erreparazioa bermatu ahal izateko”, zehaztu du Bucesek.

Gipuzkoan, esaterako, ikerketa asko egin dituztela azpimarratu du, han instituzioek konpromiso “handia” hartu dutelako. Bizkaian, pixkanaka bada ere, hala izatea espero du. “Garrantzi handia du instituzioek gai honekiko kontzientzia hartzeak eta beren herrietan gertatutakoa argitara ateratzeko konpromisoa hartzeak”, esan du. Bizkaian orain arte oso pauso gutxi eman direla adierazi du Bucesek, eta udalen eta beste instituzioen partetik egoera aldatzea espero du. “Gipuzkoan eta Araban sail bereziak dituzte egitasmo hauetarako, eta diputazioek finantzatu egiten dituzte halako ikerketak”.

Aranzadik tokian-tokian lantzen dituen ikerketen asmoa herrietan gertatu zena argitzea dela esan du: “Nork sufritu zuen, zergatik, nola: jazo zenaren erradiografia moduko bat egiten saiatzen gara”. Horretarako lehenbizi tokiko artxiboak arakatzen dituztela adierazi du Bucesek, eta gero beste mota batzuetakoak aztertzeari ekiten diotela: probintzialak, militarrak… Sufritu zuten pertsona horiek topatzea eta zer-nolako urraketak jasan zituzten argitzea da ikerketaren helburua. “Hori lortzeko, oso beharrezkoa da herriaren inplikazioa. Beste hainbat herritan bezala, Zornotzako Udaletik deitu ziguten ikerketa hori martxan jartzeko, eta horretan daramagu jada urtebete”, adierazi du.

Orain arte ikerketa historikoan zentratu direla esan du Bucesek, eta artxiboetan dagoen informazioa bildu dute horretarako. Izan ere, nabarmendu duenez, Zornotza toki estrategikoa izan zen. “Gerra fronte bat izan zen, emakumeen kartzela bat egon zen… Errepresio mota asko egon dira, eta biktima asko ari gara identifikatzen”. Kontatu duenez, 3.000 pertsona identifikatu dituzte dagoeneko. Horietatik 500 inguru Zornotzako bizilagunak zirela zehaztu du, eta besteak, bertan errepresioa jasan zuten kanpoko pertsonak; besteak beste, kartzelan egondakoak.

Testigantzak oinarri

Ikerketak bi zutabe ditu. “Ikerketa historikoa egiteaz gain, jendearen testigantzak biltzea ere funtsezkoa da, benetan zer gertatu zen argitu ahal izateko”. Hain zuzen ere, hori da Memoria bulegoaren funtzioa. “Jendea animatzea gustatuko litzaiguke, guretzat ezinbestekoa delako testigantza horiek jasotzea eta badelako garaia historia hori berreskuratzeko”, esan du Bucesek. “Interesgarria da jendearen bizipenak batzea, badaudelako errepresio mota batzuk dokumentazioetan ez direnak agertzen. Kartzeletan egon zirenak, adibidez, artxiboetan topa ditzakegu. Baina emakumeek jasan zuten errepresioa edo euskararen estigmatizazioa pairatu zutenak… Errepresio mota hori ez da paperetan ageri”.

Horregatik, ikerketaren bigarren fase gisa jarri dute Memoriaren Bulegoa martxan Zornotzan. Eguaztenero egongo da zabalik, goizez zein arratsaldez. Pandemiaren zailtasunak kontuan izanda, gainera, kontakturako telefono bat (943-46 61 42) eta posta helbide bat ere (memoria@aranzadi.eus) jarri dituzte herritarren eskura; parte hartzea bermatu ahal izateko. “Ahalik eta erraztasun gehien ematea da gure helburua, jendea animatu eta haien senitartekoen testigantzak biltzeko aukera egon dadin”.

Bucesek azaldu duenez, normalean errepresioa pairatu zuten horien senitartekoak dira agertu eta garai hartan jazotakoaren berri ematen dutenak. Bildutako testigantza eta dokumentuekin liburu formatuko argitalpen bat aterako dutela erantsi du, garai hartan jazotakoa betirako memorian gordetzeko.