Gurutze Ezkurdia Arteaga
Durangoko Udalak alabatzat hartuko du Gurutzi Arregi Azpeitia, azaroaren 12an, hain justu bere urteurrenean. Gurutzi, 1936. urtean jaio zen, Lemoan, gerra zibilarekin batera. Ume-umetxotan eraman zuten Durangora bizi izaten; beraz, durangar sentitu izan da bizitza guztian. Garai latzak izan baziren ere, ikasteko eta gehiago jakiteko grina berezkoa zuen. Hasieran idazkari eta kontabilitate ikasketak egin zituen, mekanografian, ona, eta takigrafian, ezin hobea —grabagailurik ez zegoen garaietako zenbat hitzaldi eta testigantza ez ote diren egongo jasoak haren esku izkribuetan!—. Mendigoizale, ibiltari, bidaiari eta ekintzailea izan zen, garaiko eliz eta gizarte mugimenduetan parte hartuz. Emakume moduan aritu izan zen euskalgintzan. Amama, Mari Cruz Guruzeta, Arratiako Areatzako alaba zena, 1932an Emakume Abertzale Batzako sortzailea izan zen Areatzan. Gurutzik, emakumeen espiritu berak gidatuta, euskalgintzan ari ziren emakumeekin harremana zeukan, Tere Rotaetxe, Asun Candina, Kontxita Barrutia, Mujika ahizpak, Juliana Berrojalbiz, Karmele eta Mirentxu Goñi eta beste hainbeste…
Ezin dira aipatu, hain espazio txikian, bere bizitzan egindakoak, ez lanak, ez argitalpenak ez eta saria ere. Batzuk esatearren, Gerediaga Elkartean lehen idazkaria izan zen, Eusko Ikaskuntzan Antropologia Sailean, buru; Udako Derioko Ikastaroaren antolaketaren ardura logistiko osoa bere lepo hartu zuen; Labayru Ikastegiko sortzaileetako bat izan zen, eta erretiroa hartu arte bertan egin zuen lan.
(Gurutze Arregi Azpeitia)
Ikertzailea eta intelektuala izan den emakumea izan da Gurutzi. Ez zen ohikoa bere garaian emakumeak goi mailako ikasketak izatea, baina hark zeukan jakin-minak bultzatu zuen bizitzaren zentzua eta erlijiotasuna adierazteko moduak jasotzera; herri sineskerak, santutegiak, haien inguruko ohiturak eta festak, baita usadio eta pasadizuak ere. Herriz herri, auzoz auzo eta ermitaz ermita ibili zen Bizkaiako Ermiten Katalogoa burutu arte. Hor ezagutu nuen, lagundu ere, eta nire irakasle aparta izan dela aitortu behar dut. Bitartean, Antropologiarik ez zegoenez orduan, Zientzia Politiko eta Soziologian lizentziatu zen. Ondoren, egindako ermiten lanean oinarrituta Función de la ermita en la Sociedad tradicional de Bizkaia tesiarekin doktoretza lortu zuen.
Bitartean, 1976an On Joxe Miel Barandiaranen eta, ondoren, Ander Manterolaren gidaritza pean, Etniker Euskalerria taldeen antolaketan parte hartu zuen, idazkari, antolatzaile, jasotzaile, beti ardatz. Taldeen egitasmoa izan den Euskal Herriko Atlas Etnografikoan ekimenaren bultzatzaile kementsua. Azken tomoa falta da, antolatzen hasia zena, Ohiko Herri Egutegia eta Herri Erlijiotasuna bilduko dituena. Haren ikerlanetan iker-muina zena, azkenean ezingo du Atlaseko azken tomo moduan ikusi. Baina haren omenez ekingo diogu lanari Etniker Euskalerriko kideok.
Eskerrik asko, Guru!