Igor Elordui Etxebarria
Euskal berba da gabarra, jator-jatorra. Hala onartzen du RAEk ere (Espainiako Errege Akademia) bere hiztegian. Wikipedian begiratuta, bere definizioaz gain —ibai edo kanal batean merkantzia astunak garraiatzeko erabiltzen den ontzia—, beste aipamen hau dakusagu: “Athletic futbol-taldearentzat gabarrak esanahi berezia du. Talde honek txapelketaren bat irabazten duenean garaipena ospatzeko erabiltzen du Nerbioi ibaian zehar nabigatuz”.
Aspaldian ez da mugimenduan gabarrarik ikusi Ibaizabaleko uretan, ez lanean, ez Athleticen titulu bat ospatzen —irabazi arren—. Gainera, zurrumurruek diotenez, Athletic gabarra —non joan baitziren laurogeiko hamarkadan Liga eta Kopa txapelketak irabazi zituzten jokalariak—, zaharkiturik dago, eta, gaur-gaurkoz, titulu bat irabazita ere, ezingo litzateke nabigatzera atera. Hori ikuskizun dago. Hala eta guztiz ere, etorriko da debatea. Oxala, seinale ona izango da!
Hamaika partida geratzen zaizkio Athletici. Asko dira hamaika euskal imajinarioan. Kontrarioak ere, latzak. Lesioak tarteko, taldea arean gutxituta dago. Baina, zorionez, harrobitik datozen gazteen ekarpena handia izaten ari da eta, jokalarien esfortzu eta konpromisoari esker, tinko eusten dio Athleticek. Artean, lau puntu azpitik daude Bartzelona zein Atletico Madril, bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Hortxe dago, beraz, begi-bistan, Athleticek Superliga eskuratzeko aukera. Eta, adi, Athleticeko mutilek ere ekar dezakete eta UEFA Europa Ligueko kopa —lerrook idazteko unean Valentziaren kontrako itzuliko partida jokatzea falta zaie final laurdenetara igarotzeko—.
Zein ederra litzatekeen jokalari guztiak, Athleticeko neskak eta mutilak batera, gabarran ikustea! A zer irudia!
Edozelan ere, mutilekin zein ez, ligako —edo gero jokatuko den Kopako— txapeldun geratuz gero, gabarra ateratzeko ausardia izateko eskatzen diet, bai klubari, bai jokalariei eurei. Athleticeko bazkide eta bost urteko alabaren aita baten partez.
Ez dezagun ahaztu: aitzindaria izan da Athletic, gizonezkoen futbolean bezala, emakumezkoenean ere bai. Ikusi besterik ez dago nola jarraitu dioten bere ereduari orain arerio diren beste hainbat talde handik. Aitzindari izan ginen, halaber, zaleok, emakumezkoen futbol partida bat ikusteko San Mames bete genuenean. Eta, ostean, titulua ospatzeko Bilboko kalera atera ginenean. Gabarrarik ez zen egon orduan.
Pasatu dira hamar urte baino gehiago. Oraingoan, jokalariek zelaian erakusten duten adorea eta kemena edukitzeko eskatzen diot Athletic Clubi; eta Athletic EFTko jokalariei, seguru bainago irabaziko dutela, ez diezaiotela uko egin, jende gutxi hurbilduko garen beldurrez, ez baita hala izango, merezi duten horri. Alegia, gabarrari.
Eta zurrumurruek diotena egia bada, hau da, lehengo gabarra zaharkituta dagoela eta ezin dela atera, aterako da beste ontzi bat. Akaso, garai berrien erakusgarri. Bidenabar, museoan gordeko ditugu, gabarra zaharrarekin batera, zenbait iritzi zaharkitu.