Peru Azpillaga Diez
Enpresarekin akordio bat lortzeko ezintasuna ikusita, GAM Txorierri Mungialdeko langile batzordeak mobilizazioen bidea hartzea erabaki du. UGT, CCOO, LAB eta ELA sindikatuek egindako proposamena onartu eta kaleak hartu dituzte beharginek aste honetan. Azaroaren 2tik aurrera presioa handitzea erabaki dute, gainera: hilaren 2an, 5ean, 9an, 11n, 13an, 16an, 17an, 19an, 20an, 23an, 24an, 25ean, 26an eta 27an, txandako bi orduko lanuzteak egingo dituzte. Eta akordiorik lortu ezean, greba mugagabera joko dute abenduaren 1etik aurrera.
GAM Txorierri Mungialdea enpresa Bizkaibuseko zerbitzuak kudeatzen dituzten sei enpresetako bat da. Besteak beste, Txorierriko eta Uribe Butroeko zerbitzuaz arduratzen da. Hori dela eta, lanuzteek linea hauetan izango dute eragina: Bilbo eta Mungia lotzen dituena, Bilbotik aireportura doana, eskualdetik EHUren Leioako campusera doazenak, Getxo eta Zamudioko parke teknologikoa lotzen dituena, eta Urdulizko ospitalera eta Gurutzetako ospitalera doazenak, besteak beste.
Javier Camara langile batzordeko buruak jakinarazi duenez, hitzarmen kolektiboa berritzea da protesten aldarri nagusia: “Ezin izan denez hitzarmen berri bat negoziatu, ezin izan da lan poltsa erregulatu eta behin-behinekotasuna amaitu. Gidarien %25 dira behin-behinekoak, nahiz eta, 2016ko greba bertan behera uztearen truke, lan poltsa hori erregulatzea adostu zen”.
Gaizka Miguel ELAko Garraio Zerbitzuen Arloko arduradunak eta Alvaro Gonzalez LABeko ordezkari sindikalak bat egin dute Cameraren baieztapenarekin. “260 langileren egoeraz ari gara”, hasi da esplikatzen Miguel. “Hitzarmeneko baldintzak izoztuta daude 2019a hasi zenetik. Geroztik, enpresarekin negoziatzeko ahaleginak egin dira, langileek aurkeztutako hobekuntza proposamenak kontuan hartu zitzan. Enpresa, ordea, ez da inoiz negoziatzeko prest agertu, eta haren intentzio bakarra prozesu hau luzatzea izan da”. Ideia berari eutsi dio Gonzalezek: “Enpresaren jarrerak ekarri gaitu hona. Kudeaketa eskasa egin du: baldintzek, hobetzera ez, baino okerrera egin dute. Ez du inongo momentutan negoziatzeko borondaterik”.
Miguelek azaldu duenez, erregulaziorik gabeko lan poltsa bat duten kontzesio bakarrenetarikoa da GAM enpresarena, behin behin-behinekotasun tasa “izugarri handiarekin”, eta diru publikoz hornitzen den enpresa batentzako “duinak ez diren” kontratazio irizpideak aplikatuz. Gainera, Gonzalezek salatu du enpresak bere mesedetan erabiltzen duela behin-behinekotasun hori: “Enpresak, horrekin, langileak mendean izatea lortzen du, apalduta eta beldurtuta, edozein momentutan lana galdu dezaketelako. Lan poltsa batekin, konpondu egingo litzateke hori”. Sei urte daramate hori lortzeko, baina “adar jotze hutsa” izan da: “Enpresari ez zaio interesatzen”.
Kudeaketa “eskasa”
Enpresaren kudeaketa “eskasa” dela deritzote biek, eta baldintzek “okerrera” egin dutela. “Larriena da Aldundia jakinaren gainean dela”, kexatu da Gonzalez. Miguelek esan duenez, hainbat salaketa aurkeztu dituzte lan ikuskaritzan. “Gaur bertan [astelehenean], epai bat jaso dugu, hitzarmenean dagoen artikulu bat ilegala dela adierazten duena. Artikulu horren bidez, bajan zeuden egun bakoitzeko, behar baino ordu gutxiago aitortzen zitzaizkien”.
Baldintzen egoera kontuan izanik, akordio bat lortzeko beharra azpimarratu dute biek. Soldaten erregulazioa ere eskatu dute. “Bizkaibusen gutxien ordaintzen duen enpresa da-eta hau”, zehaztu du Miguelek. Galdutako lanpostuak berreskuratzea ere gura dute, eta baita arlo sozialean hobekuntzak egitea ere. “Osasun larrialdia aitzakiatzat erabiltzen dute negoziazioak are gehiago luzatzeko. Baina honelako enpresak diru publikoz hornitzen dira oso-osorik, eta, beraz, haien aurrekontua ez da batere murriztu”, jakinarazi du Miguelek. “Are gehiago, seguru gehiago irabazi duen enpresaren bat ere izan dela, zerbitzu batzuk emateari utzi baina dirua jasotzen jarraitu duelako”.
Pribatizazioa
Miguelek salatu duenez, zerbitzu bat “pribatizatzen denean” gertatzen dena gertatu da kasu honetan ere: “Zerbitzua zenbait enpresaren artean banatzen dute, eta, gero, enpresa bakoitzak bere baldintzak jartzen ditu ahalik eta irabazi handienak ateratzeko”. Egoera ez dela berria gehitu du Gonzalezek: “Urteak daramatzate enpresa berberek hau kudeatzen. Aldundiak diru gutxirekin ateratzen ditu lizitazioak. Enpresek langileoi eskubideak kenduz lortzen dute irabazia, gurea, herritarrona den diru bat bereganatuz publikoa den zerbitzu bat emateagatik”.
Egoera zaila den arren langile gehienek mobilizazioak onartu dituztela nabarmendu dute biek. Langileen babesa duten bitartean aurrera jarraituko dutela nabarmendu du Miguelek, zerbitzu publikoen aldeko defentsa aldarrikatzearekin batera: “Osasuna, hezkuntza, garraioa… edozein arlotakoak izanda ere, kalitatezko zerbitzu publiko baten beharra jarri behar dugu erdigunean”.