Saltokiak argitu guran

Krisiak sektore guztietan du eragina, eta merkatariak eta ostalariak ez dira gutxiago. Zer edo zer asmatu beharrean daude, erosketak suspertzeko eta kontsumoa bultzatzeko. Pentsa liteke familia dendek dituztela arazorik handienak, kate handiekaz alderatuta. Dena dela, gehienbat familia dendek eratuta dago Bizkaiko merkataritza gunerik handiena: Bilboko Zazpikaleak, historia eta xarma bereziko lekua, zalantzarik gabe.

Irudi hori zabaldu du, gutxienez, Jon Aldeiturriagak, Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko kudeatzaileak. “Bilboren bihotza” dira, haren esanetan. Bestetik, “topagune eta Bilboko edo Euskal Herriko lehen merkataritza gune” izan direla azaldu du. “Merkataritza zentro bat baino gehiago da”, iritzi dio. Eta argi dauka eremu hori biziberritzeko gogor lan egin beharko dutela. Eta horretarako prest daude: “Merkataritza borrokarako prest eta gogoz gaude, sano kezkatuta, baina borroka egiteko gogoagaz”.

Izan ere, egoera ez da oso baikorra. “Alde batetik, gure kaleak jendez gainezka egoten dira sarri, oinezkoentzat direlako agian. Salmentak, ordea, ez dira horren ugariak. Beste leku eta merkatariekin gertatzen ari den antzera, krisialdia nahiko gogorra izaten ari da”, azaldu du.

Horregatik ahalegintzen dira euren “merkataritza gunea ahalik eta politena erakusten”. Azaroaren 29an piztu zituzten Gabonetako argiak han ere, jendea eta bezeroak erakartzeko asmoz. Eta irtenbideak bilatzeko hausnarketak ere ez dituzte alde batera utzi: “Datorren urteari begira zer egin dezakegun aztertu, eta gauzak prestatzen ari gara. Eta gauza mordoa egingo dugu aurrerantzean ere, lehenengo merkataritza gunea izan dadin: ostalaritzaren eta merkataritzaren munduan, kulturaren alorrean…”. Hainbat jarduera aurreikusi dituzte.

Zazpikaleen egoera, dena dela, beste eremu batzuen antzekoa dela zehaztu du, ez txarragoa. “Izan ere, batzuek esaten dute hainbat lokal itxita daudela. Eta hori gezurra da. Batzuk itxi egiten dira, eta beste batzuk zabaldu, eta orain ere zabaltzen ari dira berriak. Egia da salmentak erdipurdi doazela, baina jendeak negozioak Zazpikaleetan jartzearen aldeko apustua egiten du, zailtasun handiak egon arren”, argitu du Aldeiturriagak.

“Denetarik” dago Bilboko gune historiko horretan. “Batetik, hor jarraitzen dute betiko dendek, hau da, kudeaketa familia artean daramaten horiek. Bestetik, kate handietako dendak ere badaude, ez asko, gehienak bertokoak direlako, baina badaude baten batzuk”, esan du.

Krisiak, gainera, batzuengan zein besteengan eragin bera duela deritzo. “Ezberdintasuna kudeaketan dago”, ondorioztatu du. “Ondo kudeatuta dauden dendak besteak baino hobeto doaz. Hain ondo kudeatzen ez dituztenek zailtasun gehiago dituzte”.

Aldeiturriagaren ustez, askok kontrakoa badiote ere, jendeak gero eta gehiagotan egiten ditu erosketak hurbileko dendetan, hirian bertan. Merkataritza gune handiak ez dira, gainera, eurentzako lehia: “Horiek gu baino txartoago daude. Ez dute onartuko, baina inoiz baino txartoago daude”, adierazi du. “Jendea gutxiago mugitzen da, kontuan hartuta gasolina asko garestitu dela”, iritzi dio.

Urteko salmenten gorabeherei bukaera ona emateko, Gabonetako kanpainan daukate jarrita itxaropena merkatariek. “Espero dugu kanpaina hori ondo etortzea; behar dugu hala izatea”. Kalean hainbat lagun ikusten ditu egunean-egunean gora eta behera Aldeiturriagak. “Jendea ibili badabil; dozenaka lagun ikusten ditut paseoan, erakusleihoei begira, kafe bat hartzen edo dena delakoa egiten”. Poltsa gutxi daramate eskuetan, ordea.

Etorkizunari begira, argia ageri da, dena dela, Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko kudeatzailearen arabera, kaleak argiztatu dituzten bezala. “Egoerak hobera egingo du, ziur”, baieztatu du. “Datorren urtea oso txarra izango dela esaten dute, baina gu borrokatu egingo gara, hain txarra izan ez dadin. Eta lortuko dugu”.

Herrietan ere, borrokan

Balmasedan, “itogarria” da merkatariek duten egoera. Hala definitu du Balmadenda merkatarien elkarteko presidente Juan Antonio Andradek. “Denda batzuk itxi bai, baina berriak ere zabaldu dituzte. Beharbada, jendea langabezian geratzean negozioa irekitzera ausartzen delako izango da; ez dakit”, azaldu du.

Haren esanetan, azkenaldian kontsumitzeko modua aldatu egin da. “Gaur egun, behar duena besterik ez du erosten jendeak; erosketak hobeto neurtzen dituzte”, deritzo. “Egoera ekonomikoa” ere beste arrazoi bat da salmentek behera egin izateko.

Balmasedan, beste herri batzuetan bezala, merkatari txikiek bezeroekin duten arreta “oso pertsonala” dela azaldu du Andradek. “Berton erostea oso atsegina da”. Gabonetakoa da, urtero gertatu ohi denez, “neguko denboraldia salbatzeko” aukera emango dien kanpaina. “Ez dakit zelan joango den, merkatzeen afera liberalizatuta dagoelako. Bono Denda kanpainan ere itxaropen handia daukagu jarrita”. Etorkizunean “argia” ikusten du. “Gainerakoan, negozioak itxita izango genituzkeen”, adierazi du.

Amaia Galvan Berton Bermeoko enpresa txiki eta ertainen elkarteko teknikaria da. Kostaldeko herri horretan, egoerari “eusten” ari zaizkio. Han ere, denda batzuk itxi bai, baina berriak ere zabaldu dituzte. “Kontsumoa pixka bat jaitsi da, eta, batez ere, jendeak kontsumitzen duenean, kalitate gutxiko lekuetara jotzen du”, esan du, merkataritza gune handiei aipamen eginez.

Gabonei begira, merkataritza “sustatzen” ari direla dio. “Zozketak, erakusleihoen lehiaketa, dekorazio bereziren baten bila ari gara bezeroak erakartzeko…”. Kanpaina horrek lagunduko die urteko salmentak salbatzen. Etorkizun iluna ikusten du, sektore guztietan dagoenaren antzera. “Krisia hasi berri dagoela eta txarrena etortzeko dagoela diote. Beraz, egoerari eusten dionak txipa aldatu duelako eutsiko dio. Ezin zara zain egon bezeroa etorri arte; zuk zeuk egin behar duzu zerbait jendea erakartzeko”, dio.

Haren ustez, herri guztietako dendak kalitatezko dendak dira. “Pentsatu gura dut apurka aurrera egingo dugula. Dena den, imajina ditzagun herriak dendarik gabe. Gauetan kaletik baldin bazoaz, argitasunik handiena erakusleihoek ematen dute. Bizia ematen diete herriei. Herriak, dendarik gabe, hilda daude”.