Ibai Maruri Bilbao
Pazientzia baino gehiago, eskuekin lan egiteko trebetasuna eta zehaztasuna, begirada fina eta zorrotza, eta planoak irakurtzeko eta interpretatzeko gaitasuna: Juan Mari Martinezen ustez, horiek dira maketagile on batek izan behar dituen ezaugarriak. Erretiroa hartu arte Bizkaiko Labe Garaietako behargina izan zen. “Maisu mekanikoa nintzen, eta pieza txikiak manipulatzen nituen egunero. Planoekin egiten nuen lan”, azaldu du. Beraz, erraza egin zitzaion zurezko maketak egiten hastea. Hori eta gitarra jotzea dira haren zaletasun kutunak. Osasun arazoengatik, orain ezin du musikarik jo, eta gaitza egiten zaio maketak osatzea. Baina irrikaz dago laster ekarriko dizkioten plano batzuk hartu eta lehengusinari familiarena izandako itsasontzi baten tamaina txikiko erreprodukzio bat egiten hasteko: Sota sendiaren arrantzontzi bat, Santurtzikoa.
Eredugintza Estatikoaren Bizkaiko Elkarteko presidentea izan da Martinez urte luzez. “Uste dut 1970eko hamarkadan sortu zutela, Portugaleten. Ni gero sartu nintzen. Jada maketa batzuk eginak nituen, eta, halako batean, elkartearen berri izan nuen. Haiek ezagutzera joan, gustatu, eta kide egin nintzen”. Orduko presidenteak kargua utzitakoan hartu zuen lekukoa. Baina makal dagoenetik ezin ditu bere ardurak bete. Elkartean ez diote ordezkorik ipini, inork ez duelako gura, baina Genaro Alvarez dabil harrezkero arduradun lanetan.
Alvarezek azaldu du gaur egun 25 kide inguru direla: “Bizpahiru kenduta, gehienak pentsiodunak gara. Portugaleteko jendea, Barakaldokoa, Getxokoa, Sestaokoa… hainbat herritakoak elkartzen gara, eta gure ateak zabalik daude Bizkaiko maketazale guztiei harrera egiteko”. Normalean, goizetan joaten dira Portugaleteko Maria Diaz Harokoaren kalean duten egoitza xumera. Batzuetan, arratsaldez ere bai. Izan ere, ordu asko behar dituen zaletasuna da maketak egitea.
Martinezek uste du “ondo aprobetxatutako orduak” direla, lan horren emaitzak “izugarri gogobetetzen” duelako. Maketa bakoitza noiz, zelan, zergatik eta norentzat egin duen gogoratzen du berak. Egindako lehena semeari oparitu zioten txalupa bat izan zen; pieza batzuk falta zitzaizkion, eta berak egin zizkion. Orduan piztu zitzaion zaletasuna. Harrotasun handiena sortzen diona, berriz, bere aitak lan egindako bakailao ontzia da: “Tornado zuen izena. Pasai Donibaneko [Gipuzkoa] Pescaderias y Secaderos Bacaladeros de España enpresarena zen. Seme-alabentzat, senideentzat eta lagunentzat beste hainbat egin ditudan arren, oraindik ere hunkitu egiten nau hura ikusteak”.
36ko gerra, txikian
Eraikin esanguratsuen planoak, gerrako tankeenak, hegazkinenak… Era askotakoak egiten dituzte maketagileek. Baina, batez ere, itsasontziak. Eta aspaldion 1937ko Matxitxakoko guduan parte hartu zutenen maketak egiten ibili dira elkarteko kideak, elkarlanean. Goizeko Izarra yatea ere egin dute. Alvarezen esanetan, “Ramon de la Sotak erosi zuen, Londresen. Gerra zibilean, [Jose Antonio] Agirreren Eusko Jaurlaritzak erabili zuen Bilbo husteko. Hiru bidaia egin zituen Frantziara, iheslari bizkaitarrez beteta”. Elkarteko kideek historia eta itsasontziak dituzte gustuko, eta bi zaletasunak uztartzea lortu dute.
36ko gerrako itsasontzien maketekin hainbat erakusketa egin dituzte, Bizkaiko beste hainbat herritan. Orain, geldirik daude, baina hurrengo udaberrirako zerbait antolatu gura dute. Lokalean ez dute leku handirik, eta maketa gehienak etxean dituzte. Genaro Alvarezek uste du guztira 30 edo 40 izango direla. “Egunen batean, egoitza handiago bat lortzen dugunean, han gordeko ditugu guztiak edo gehienak. Baina elkarteak orain ere ondare oparo eta duin bat izatea nahi dugu”.