Aireak kezkatzen ditu oraindik

Aireak kezkatzen ditu oraindik

Ibai Maruri Bilbao

Erandioko Auzotarrok elkarteak EAEko Arartekora eta Ingurumen Fiskaltzara joko du, Asua auzoko Befesa Aluminio eta Sangroniz auzoko Befesa Oxido Zinc enpresek egiten dituzten isurketak salatzeko. Industria hondakinak birziklatzen dituzte bi planta horietan. Bereziki Erandiogoikoko bizilagunek eta, oro har, udalerri osokoek eta inguruetako herrietakoek dagoeneko sei urte daramate egoera erakunde publikoen aurrean salatzen.

“Erantzun eta konponbide faltak nazkatuta”, elkarteak aireko partikulak neurtzeko gailu bat eskatu du, eta neurketak egiten hasi da duela aste bi. Joan den astean, ezusteko bat izan duten Asuako merkataritza gune bateko aparkalekuan zeudela: elkarteko kide bi zorabiatu egin ziren. Azalpena neurgailuak eman ziela kontatu dute: metro kuboko PM 2.5 partikula kopurua 600dik gorakoa zen, eta PM 10 partikulena, 800dik gorakoa. “Baimendutakoa baino 15 edo 20 aldiz handiagoak dira kopuru horiek”, azaldu du elkarteko Txetxu Aurrekoetxeak. “Egoera oso larria da, eta administrazioak zerbait egin behar du; inguruetako bizilagun askoren osasuna arriskuan dago”.

Airearen kalitatearekiko kezka ez da berria udalerrian. Joan den mendearen erdialdean, Bilboren auzoetako bat zen Erandio, denetan industrialena. 1960ko hamarkada bukaeran, herritarrak kexu ziren airearen kalitateagatik: kutsadurak osasunean sortzen zizkien ondorioak sufritzen zituzten. 1969an, manifestazio jendetsuak eta grebak egin ziren, eta horietako batean bi erandioztar hil zituen Poliziak, tiroz: Josu Murueta eta Anton Fernandez. “Orduan ere, arazo gehien sortzen zituen enpresa Remetal zen. Eta hori da Befesak erosi duen enpresa. Harrezkero, produkzio prozesua aldatu dute, eta, ustez, enpresa egokitu dute isurketak saihesteko, baina 50 urte igaro diren honetan, antzeko arazoekin jarraitzen dugu herrian. Kutsatzen jarraitzen du oraindik ere”. Iragazkietatik igaro beharrean, gasek teilatuko zirrikituetatik ihes egiten duten susmoa dute.

Isurketak errekan

Erandioko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari hainbatetan ohartarazi diote egoeraz. Gobernuak elkarteak urteotan osatu duen dokumentazio guztia duela esan du Aurrekoetxeak. Bilera eskatu dute, baina oraindik ere zain daude. Udalak azaldu du 2018tik sarri jaso dituela herritarren kexak, eta Jaurlaritzara bideratu dituela. Potxiena errekan izandako isurketen berri ere izan du udalak.

Meteorologiak asko baldintzatzen ditu isuriak: haizea norantz, harantz joaten da fabrikek isuritakoa. Baina, bereziki, Erandiogoikorako bidea hartu ohi du: “Bideoak ditugu, eta argi eta garbi ikusten da auzoan egin diren txalet berrietara joaten dela”. Azaldu du inguruetako bizilagunek eztarriko lakarra sentitzen dutela sarritan, buruko minak eta usain txarrak. Hain zuzen, hil hasieran SOS Deietan Erandiogoikoko eskolako gurasoen deiak jaso dituzte bi egunetan, umeek “eztul handia” zutelako eta “eztarrian azkura” sentitzen zutelako.

LABURRAK

Ingurumen kalteen bila dabiltza Arratian

Makatzak Arratiako ekologista taldeak dinamika bat du ingurumenak eskualdean dituen puntu beltzak identifikatu ahal izateko. Ondorengo salaketak jaso dituzte, besteak beste: garbiketa falta, N-240 errepideko trafikoa, Lemoako zementu fabrika errauskailu moduan erabiltzen dela eta landare inbaditzaileak. Makatzak@gmail.comhelbidera idatzita edo Facebook kontuan duten galdetegia beteta salatu daiteke.

Lindano gehiago Nerbioin eta Ibaizabalen

Ekologistak Martxan taldeak salatu du 2017. urtetik «okerrera» egin duela lindanoak kutsatutako lurzoru eta ibaien egoerak. Bereziki, Ibaizabalen eta Nerbioi ibaiaren arroetan neurtu dituzten gorakadek sortu dute «kezka» talde ekologistan, hark esan duenez.