Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Sufritu gabe joan da

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Inguruko pertsona bat hiltzen denean aurrez hildako beste guztiez akordatzen naiz. Hileta ospakizuna, une horretan hildakoarena da, eta baita joandako beste guztiena ere. Heriotza batek eragiten duen minak beste heriotzek eragindakoak azalarazten ditu. Joan zirenen zerrenda luzatu ahala egiten da zuloa sakonago, eta ezinbestean gogoratzen naiz maite izan ditudan beste hildakoetako bakoitzarekin.

Norbait hiltzen denean, isiltasunari diogun beldurrez hasten gara hizketan. Nola hil da? Gaixorik al zegoen? Sufritu gabe joan da, behintzat. Umerik utzi al du? Aspaldi entzun nuen makal zebilela, baina ez nuen espero. Urte asko hartu zituen, hori ere hala da. Etxekoak agurtzeko aukera izan du gutxienez. Gazteegi joan da, ez da bidezkoa. Ezin dut sinistu. Bizilegea da, denok joango gara berandu baino lehen.

Eta, nahi gabe, hildako bakoitzaren balioaz hitz egiten dugu. Gazteegia zer den definitzen dugu eta zaharrak heriotza behar duela ondorioztatu. Bizi izandako intentsitateaz ez dugu hausnartzen, irakatsitakoaz, gozatutakoaz, egindako barreek eragindako bekoki gaineko zimurrez. Bizitzako urteak kuantifikatu eta sufrimenduarekin gurutzatzen ditugula iruditzen zait. Eta emaitzak kontsolatzen ez gaituen arren, zerbaitetan pentsatu behar da mina ate joka dugunean.

Oraindik ere azken agurretarako horren ohikoa den eliza inguruan elkartu ginen. Elizpean geundela, hildakoaren aurpegia, izen-abizenak eta hari idatzitako hitzak biltzen zituen paperezko oroigarriak sobreetan sartuta banatu zituzten. Protokoloa ondoegi ikasita zuten ingurukoek, bazekiten horrelakoetan nola jokatu eta zer egin. Bizitzan hildakoak metatzen zaizkigula pentsatu nuen, eta Karmele Jaioren Orain hilak ditugu liburuaren izen bereko poemaren pasarte batez akordatu nintzen.

Orain hilak ditugu.

Hildako lagunak,

hildako ama edo aita.

Orain badakigu

zer egin behar den,

nora deitu,

zenbat balio duen

lore-koroa batek.

Elizpean jendea ikusi nuen ezer gertatu izan ez balitz bezala jantzita. Ezer gertatzen ez denean duten usain bera zuten askok eta elkarrizketa batzuen arintasunak ere berdina iradokitzen zuten. Miresten dut hildakoaren gertukoenei hitz egiten asmatzen duen jendea. Elizpeko berbaro isilean hitz aproposen bat edo beste ahoskatzeko gai den jendeak jakingo balu zeinen beharrezkoak diren. Malkoak maskararen barruan metatzen dituztenek nekez begiratzen diote inori begietara. Isiltasun tarteetan kremailerak eta belkroak entzuten dira. “Sufritu gabe joan da behintzat”, errepikatu du enegarrenez norbaitek.

Agurrei eta doluei diegun beldurrak berak erakusten digu zeinen garrantzitsuak diren. Batzuetan zalantza izaten dut hildakoaren faltak eragindako pena sentitzen ote dudan edo nire buruarekikoa. Joandakoaren hutsuneak ez ote didan nire hutsunea ere gogorarazten.

Nik ez dut oraindik hil nahi, urte batzuetan behintzat bizi egin nahi dut, esan zidan gertuko batek. Buruarekin baietz esan nion, nik ere bizi egin nahi nuela. Horrelakoetan hitz egokiak esaten asmatzen duenak itxi zuen eguna: “Sufritu gabe ez du inork alde egiten, baina bizi gabe ere ez”.