113. udalari ezetz esan diote Batzar Nagusiek

Eguazteneko osoko bilkuran ezetz esan diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo herrialde historikoko 113. udalerri bihurtzeari. Foru aldundiak proposatutako Bizkaiko mugapeen foru arau berria onartu zuten. Arau horrek, besteak beste, udalerri berriak sortzea debekatzen du. Usansolo Herria plataformaren ekimenez, emendakina aurkeztu zaio, duela 20 urte eurek hasitako bideari behintzat eusteko eskatuz. Alegia, araua onartu aurreko prozesuak ez gelditzea zen asmoa. Baina osoko bilkurak ez zuen onartu. EAJk emendakin horren aurka bozkatu zuen, Bildu eta PSE-EEk alde eta PP abstenitu egin zen. Hala, aurkako bozak aldekoak baino bi gehiago izan dira.

Bozketa bukatu berri, Gernika-Lumoko batzar etxean bertan, honela azaldu zuen Monika Mena plataformako kideak euren aldartea: “Ezina sentitzen dugu, baina itxaropentsu ere bagaude”. Ezina, ez dutelako ulertzen jeltzaleen jarrera. Itxaropena, uste dutelako oraindik beste bide batzuk geratzen zaizkiela.

“Beste behin ere EAJ bakarrik geratu da. Agerian geratu da borondate politiko falta itzela dutela”. Menak Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzalearen adierazpenak gogoratu ditu, gainera: “Azken egunetan behin eta berriz entzun dugu erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak egiten. Orain praktikan jartzeko ordua iritsi zaie, baina ez dute aplikatu”.

Menak ukatu egiten ditu segregazioen aurka erabili diren argudioak. Ez du onartzen kostu ekonomikoak handituko liratekeenik. “Krisi ekonomikoa jartzen dute aitzakia modura. Guk askotan eskatu dugu Usansolo herri modura bideragarri den edo ez argituko duen txostena egiteko, baina ez dute egin gura. Aurretik eginda daudenetan bideragarria dela ondorioztatu da eta gainera argi uzten zen Galdakaok ez zuela inolako kalterik sufrituko”.

Plataformako kideak ez du ezetza prozesuaren bukaera moduan ulertu. Aurrera egiteko beste biderik badutela uste du. Momentuz lege berria argitaratu arte itxarongo dute, irakurri, aztertu eta gogoeta egiteko. Baina araua ez dela bidezkoa sinetsita daude, eta epaitegira jotzeko asmo tinkoa dute. “Oso aldrebesa da. Legeek aurretik irekita dauden prozesuak onartu behar dituzte, baina honek itxi egiten ditu aukera guztiak. Gainera, koherentzia falta handiak ikusten dizkiogu”. Merari “harrigarri” egin zaio arauak desanexio eta segregazio prozesuak debekatzen direla azpimarratzea, Bizkaian dagoen kasu bakarra eurena denean. “Beren beregi guri begira idatzitako artikulua dela dirudi, eta ez dugu ulertzen”, salatu du.

Usansolo Herria plataformako abokatu Juan Landak ere badu itxaropenik. Argitu du eurak emendakin horrekin ez dutela desanexioa eskatu. “Ez genuen nahi gaur Usansoloren desanexioa onartzerik, duela 20 urte baino gehiago hasitako prozesua ez etetea eskatzen izan dugu. Desanexioaren bideragarritasuna ikertzeko txostenak egitea eskatzen dugu, besterik ez”.

Mena pozik agertu da Bilduk eta sozialistek babesa erakutsi dietelako. Haien jarrera ulertzen ez duen arren, bazekien EAJ aurka agertuko zela. PPren abstentzioa, ordea, ez zuen espero. “Bagenuen esperantzarik”, dio

Plataformak desanexio prozesuaren aldeko mozio bat prestatu du. www.usansoloherria.org web orrian daukate eskegita, eta edonork sinatu dezake. Horrez gain, hainbat udaletan aurkeztu dute: eskualdean, Arratian, Uribe aldean eta aurretik desanexioa lortu duten herrietan. “Hainbatetan onartu dute. Deigarria egin zaigu zinegotzi jeltzaleak abstenitu egin izana. Ez dute aurka egin”.

EAJ, auzo alkatearen alde

Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza ahaldunaren esanetan, “arau honek etorkizuneko lurralde eredua finkatzeko balioko du, gaur eguneko errealitate ekonomikora egokituz”. Udalerrien mugape eta mugatzeen inguruan sor daitezkeen auziak arautuko ditu lege berriak, hauen eremuetan aldaketak egitea ahalbidetuz. Baina ez du onartzen udalerri berririk sortzerik. Gainera, tokiko entitateen izenak, armarriak, bandera eta herrigune nagusiak zein diren finkatuko ditu.

Unai Rementeria batzarkide jeltzaleak udalerri berriak sortzeak eragingo lukeen kostua azpimarratu du. Onartu du desanexioak baimentzen zituen aurreko araudia “oso ona” izan zela “bere garaian”, historikoki udalerri izandako herriei “euren lekua aurkitzen lagundu” zielako.

Arauari agertutako babesa defendatu du Rementeriak. Dio “erakundetze aurreratuagoa” ahalbidetzen duela. Gainera, arauak auzo alkateak izendatzeko aukera aitortzen duela ekarri du gogora: “Usansolorako konponbide aproposa izan daiteke”.

PPko Esther Martinezek ere irtenbide horren aldeko iritzia agertu du. Araua “aproposa” iruditu zaio. Hala ere, EAJ egin du “segregazio nahi” horren erantzule: “Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik banatu aurretik ohartarazi genuen orduan halako prozesuak babesteak gerora zer ekarriko zuen”.

Bilduko Irune Sotok, bere aldetik, ukatu egin du udalerri berriak sortzeak kostuak handitzea dakarrenik: “Kudeaketan herritarrekiko gertutasun handiagoak, eraginkortasun handiagoa esan gura du”. Usansoloko herritarren borroka guztia “bordatik bota” izana egotzi dio EAJri eta galdetu die ea aurretik zergatik babestu izan dituzten beste desanexio prozesu batzuk.

PSE-EEko Iñaki Egañak ontzat jo du araudia, “errealitatea krisi garaietara” egokitzen duelako. Baina, iruditzen zaio Usansoloren kasuan salbuespena egin zitekeela, prozesua martxan delako.