Magnetofonotik Twitterrera

Andresek ezin du sinistu ere egin. Twitter bidez jarraitu du jokatzen ari den Bizkaiko bertsolari txapelketako finalaurrekoa. Bera bertsozale petoa, urte luzeetan hamaika plaza zapaldutakoa.

Andresek esango luke aditu zuen lehen bertsoa irratiz aditu zuela. Egun esango luke bertso potoratua zela hura. Ahots karraskatu bat entzun zuela. Ez bertsolariaren eztarriaren erruz, ez bada garai hartako grabazioen erruz. Basarri izan zitekeen bertsolaria, Joxemari Iriondok grabagailu zahar batekin haren bertsoak jaso eta irratiz emititu zituen batean. Azpillaga edo Lopategi ere izan zitezkeen geroago. Izan zitekeen Lazkao Txikiren kantakera zaurgarria emozioz aditu zuena ere. Bertsoak zioenaz ez baina bertso hark eragin zion sentipena ez du ahazteko, bihotza irauli zion. Nola zen posible bat-batean kantatua irratiz jaso ahal izana? Nola zen posible unean eta bertakoentzat egindako sormen lan hura bere belarrietara heltzea? Etxeko sukaldera sartzea, ondoko probintziako herri bateko plaza batean gertatutakoa, berez, haizeak eraman zezan sortutakoa bazen?

Magnetofono zahar batekin aritzen omen ziren euskaltzale zoro batzuk, tramankulu pisutsu hura autoan sartu eta bertsoa non, magnetofonoa han jartzen. Garai bateko testigantzak jasotzearren.

Orduan hasi zen Andres bertsoarekin maitemintzen. Maitasun guztietan bezala aldika- aldika bere gorabeherak izango zituen arren.

Gaur egun, txapelketa guztiak jarraitzen ditu Andresek. Negua bete-betean sartu dela eta domeka arrastietarako plan hoberik ez. Bizkaiko bertsolari txapelketaren aitzakiaz bateko eta besteko herriak bisitatzen ari da, dela Sopela, Berriatua, Basauri, Durango… bertsozaletu zenean bezala, bere auto orain ez hain zaharra hartuta.

Asteburu honetan, ordea, ezin izan da finalaurreko saiora hurbildu. Eta bere zoritxarrerako ez dute irratiz eta zuzenean saioa emitituko. Orain arteko saio guztien zertzeladak dakizki. Nola galdu hau! Finalerako txartela zein bertsolarik hartu duten jakiteko desiratzen dago eta! Eta azkenik, bere ilobak erakutsita, aurkitu du saioa jarraitzeko modua. Sarean, Twitter bidez.

Andresen harridurarako, bada saioko gai eta zertzelada guztiak idatziz zuzenean emateko hautua egin duen bertsozalerik. Sasoi bateko bertso-jasotzaileen pare, baina grabagailu astunaren ordez mugikor batekin. Eta han irakurri ditu gaiak, bertsolarien azken puntuak, kasu batzuetan bertso osoak eta saioko puntuazioa bera ere bai.

Gehien harritu duena, ordea, bertsolariei mugikorrak kentzea izan da. Kartzelara bidaltzen dituztenean guztiz isolatuta egon daitezen. Inork ez dezan tentaziorik izan, oholtzara irteteko zain dauden bertsolariei puntuen edo gaiaren berri Whatsappez emateko.

“Laster zure mugikorretik bertatik ikusi ahalko duzu zuzeneko bertso saio bat”, esan dio ilobak Andresi. “Zauden lekuan zaudela. Zeure etxeko ezkaratzetik gura baduzu”. Eta Andres aho zabalik geratu da, lehenengoz irratiz entzun zuen bertso potoratua aditu zuenean bezala.