Natalia Salazar Orbe
Kirolaz gain, bizimodu bat ere bada skate egitea. Oso kirol teknikoa da. Hori bakarrik ez, ausarta ere izan behar duzu. Zuk zeuk jartzen dituzu mugak, eta beldurra gainditu behar duzu”. Iñigo Laisekaren berbak dira. Mungiako Malen Skate klubeko kidea da. Biharko rock musika eta skatea uztartzen dituen Atzekaldeta jaialdia antolatu dute herrian bertan, Azken Zarata rock elkartearekin batera. Musika eta skaterren akrobaziak zuzenean eta sarean ikusteko aukera eskainiko dute.
COVID-19ak, beste hainbat alorretan egin duen bezala, Malen Skate klubaren jarduna ere baldintzatu du. Urtero egiten duten txapelketarik egiterik ez zutela izango ikusita, irtenbideren bat bilatu behar zutela pentsatu zuten. Horrela sortu zen bihar Olalde aretora eta sarera eramango duten jaialdia.
Skate txapelketa Olalden, pantailen bidez edo sarean ikusi beharko dute zaleek; koronabirusari aurre egiteko neurriak direla eta, txapelketetan ezin baita egon ikus-entzulerik. Wicked Wizard eta Acid Mess taldeen emanaldiari dagokionez, 200 lagunentzako lekua izango da Olalde aretoan. Hara bertara ez doazenek, berriz, sarean ikusi ahalko dute emanaldi hori ere.
Jaialdia egin beharrekoa iruditzen zaio klubari. Hala azaldu du Laisekak: “Zerbait egin nahi genuen, kulturaren alorrean dena itxita baitago. Ia ez dago ez kontzerturik ez jaialdirik, ez ezer. Beraz, pentsatu genuen sare sozialen bidez ikusi ahalko zen txapelketa bat egitea”.
26 heldu eta 16 ume
Lehiaketa hasita dago. Hilabete inguru daramate skaterren saioak grabatzen. “26 heldu izan ditugu; eta beste 16 txiki”. Sarrerak bost euroan eskuratu daitezke Kutxabanken kutxazainetan. Baita Olalde aretoan bertan ere, bihar bertan, 18:00etatik jaialdia 20:00etan hasi arte.
2010ean hasi zuen bere ibilbidea Malen Skate klubak. Lehenago martxan egon zen Spot-Txeck elkarteari lekukoa hartuta sortu zuten, aurreko elkartean ibilitakoek eta kide berriek. “Elkartean gauza batzuk aldatu behar genituela pentsatu genuen garaian lagun bat aita izan zen, eta Malen izena jarri zion alabari. Besteak beste, klubaren izena aldatu nahi genuenez, Malen jartzea erabaki genuen”. Lagun haren alaba Malen hazi egin da harrezkeroztik. Baita kluba bera ere.
Txapelketak antolatzeaz gain, umeentzako skate eskolak ere eman izan dituzte urteetan. Azkenaldian, utziak zituzten, baina berriz ere ekingo diete aurten. “Oraingoz, ez daukagu data zehatzik, baina berehala hasiko gara. Xehetasun batzuk argitzea besterik ez dugu falta”.
Skatean aritzeak heldua bera ere umeago egiten duela uste du Laisekak: “Ume handi bihurtzen zara”. Eta haren teknikez mintzatu da: “Skater bakoitzak bere estiloa dauka. Batzuek ez daukate beldurrik, beste batzuk oso teknikoak dira, beste batzuk erabat osatuak. Hemen ere, beste edozein kiroletan bezala gertatzen da”.
Hala ere, diziplina horrek beste kirolen aldean berezitasun handi bat du, haren ustez: “Skate egitea kirol indibiduala da, bai, baina normalean taldean praktikatzen duzu, eta errespetua oso garrantzitsua da. Familia txiki bat bezalakoa bihurtzen gara. Berdin da zenbat urte dauzkazun. Txapelketan ere lehia oso garbia nagusi da: denek irabazi nahi dute, baina beti txalotzen dira edo animatzen dira besteak, berez aurkariak diren arren”.
Aurrera begira, helburu argia dute: gero eta txapelketa “handiagoa” egitea. Gure izena gero eta ezagunagoa egitea”. Skater ezagunek hartu dute parte lehiaketan, eta ondokoek finala lehiatuko dute bihar: Jaime Mateu, Peio Gonzalez, Ian Campbell, Julen Arizmendi, Guillermo Sanchez eta Keltsa Sanchez. Belaunaldi gazteei begiratu behar zaie nesken izenak agertzeko. Besteak beste, Naia Laso igaro da finalera. “Apurka gero eta emakume gehiago daude, eta gero eta maila hobea erakusten dute”. Trukorik onenak ere sarituko dituzte.
Mungian duten pista handiak adin guztietako skaterrak elkartzeko bidea ematen du. “Hainbat belaunaldi elkartzen gara bertan. Lagunek eta nik ia bizi osoa egin dugu skate parkean. Bertan ezagutu genuen elkar, eta han batzen gara sarri, praktikatzeko eta beste”. Laisekak esan bezala, bizitzeko modu bat baita skatea.