Peru Azpillaga Diez
Mastinak, pitbullak, dozenatik gora katu, astoak eta txerri vietnamdar bat. Talde berezia osatu du El Refugio De Sabios elkarteak Urduñan, Rondina futbol zelai abandonatuan. Pare bat hilabete baino ez dira igaro animalientzako aterpea martxan jarri zutenetik, eta, tokia atontzeko aurretik lan dezente badute ere, oraindik hazten ari den familia bat da elkartea. Jardun horretan, ordea, bidelagun ugari daukate.
Aterpearen helburua tratu txarrak jasandako edota abandonatutako animaliak artatzea da; animalia horiek osatzea eta adopziorako prestatzea. Maria Jose Barquin da El Refugio De Sabios elkarteko presidentea, eta egun errealitate bilakatzen ari den proiektuaren sortzaile nagusia ere bada, eta bere senar Victor Sanchezekin batera zuen ametsa da aterpea. Egun, udalaren eta auzokideen laguntzari esker, haien eguneroko bizitzaren oinarri bilakatu da.
“Txikitatik, animaliak izan dira nire bizimoduaren oinarria. Beste gauza batzuetan lan egin arren, haiekin ibiltzea da benetan gustuko dudana, eta halako proiektu bat martxan jartzeko irrikaz nengoen”, aitortu du Barquinek. Inolako irabazi asmorik gabe, haien eskuekin eta herriko boluntarioen laguntzarekin eraiki dute aterpetxe berria, eta, gaur egun, lanetik aparte duten denbora guztia bideratzen dute hura kudeatzera: “Astelehenetik igandera, goizetik gauera, bokazio hutsez egiten dugu lana hau; benetan gogobetetzen gaitu”.
Egitasmoa ez da hutsetik abiatu, eta, aterpetxearen ateak duela bi hilabete eskas ireki bazituzten ere, Barquinek azaldu du elkartearen lana lehenagotik datorrela: “Nik animalien babeserako elkarteetan lagundu izan dut aurretik, eta nire senarra ere hainbat babes elkartetan lanean ibilitakoa da”. Hala, badute esperientzia tratu txarrak jaso dituzten animaliekin lan egiterako orduan. Hori dela eta, Barquinek azaldu du zenbait kontu hobetu nahi izan dituztela ohiko babes elkarteen jardunarekin alderatuta: “Adibidez, alde ekonomikoa modu gardenean kudeatu nahi dut, nahi duenak jakin dezan zertan gastatzen den dirua. Duela urtebete hasi ginen aterpea kudeatzen, eta, itxialdiak iraun bitartean, Urduñako jende nagusiarekin lan egin genuen. Hasieran, haien txakurrak paseatzen genituen, haiek kalera ez ateratzeko eta arriskuan ez egoteko. Gero, erosketekin ere lagundu genituen”, adierazi du Barquinek.
Haien helburua, ordea, aterpea irekitzea zen, hasieratik. Rondinako futbol zelai ohia abandonatuta eta oso egoera txarrean zegoela ikusi zuten, eta udalarekin jarri ziren harremanetan, haien proiektua bertan gauzatzeko helburuarekin. “Luze jo duen prozesua izan da, ia urtebete ibili gara paper eta baimen kontuekin, baina, hala ere, oso eskertuta gaude udalak izandako jarrerarekin. Hasieran zalantzak bazituzten ere, hemen hain denbora gutxian egindako lana ikustean, edozertan laguntzeko prest azaldu dira”, kontatu du.
Aterpetxea El Refugio De Sabios elkartearen egitasmoa den arren, bidelagun ugari izan dutela nabarmendu nahi izan du Barquinek. “Herriko jendeak bultzada handia eman digu, proiektuak interes handia piztu du herrian, eta gure auzokideek denetarik ekarri digute prozesuan laguntzeko; janaritik hasita, animalientzako botiketaraino”. Osasun larrialdiak aukera eman zienean hasi ziren tokia prestatzen, eta abuztuan ireki zituzten, azkenik, aterpetxeko ateak. “Futbol zelaia egoera penagarrian zegoen; behiak eta oiloak izan zituzten hemen era ilegalean hainbat urtetan, eta goitik behera txukundu behar izan dugu guzti-guztia. Helburu horretan, gainera, adingabeentzako zentroko bost gazteren laguntza izan dute, eta Barquinek modu berezian eskertu gura izan die egindako lana: “Egunero etorri dira, eta denetarik egin dute. Jada ez daude zentroan, baina ahal dutenean etortzen jarraitzen dute. Esate baterako, haiek jarriko dute uraren azpiegitura guztia. Zalantzarik gabe, hau ez litzateke posible izango haiek gabe”.
Gaur egun, txerri vietnamdar bat, bi asto gazte, bost txakur heldu, zotzi txakurkume eta hamalau katakume bizi dira bertan. Guztiek pairatu dituzte abandonua edo tratu txarrak. Batzuk udalerrian topatu dituzte, noraezean; beste batzuk akabatu egin behar zituzten. Eta egon dira euren jabeekin ondo zainduta egon ez direnak ere. Horiei guztiei bigarren aukera bat eskaini die orain El Refugio De Sabios elkarteak. “Batzuk egoera tamalgarrian iritsi dira; bai osasunari erreparatuz gero, baina baita arlo psikologikoari dagokionez ere. Horregatik, lan handia egiten dugu gustura egon daitezen”.
Heziketa ere helburu
Zelai zabalak dituzten arren, “topera” dabiltzala aitortu du Barquinek: “Txakurrentzako toki gehiago atontzeko asmoa dugu, jada ez dugulako espazio gehiagorik. Ez dugu edozelan egoterik nahi. Lotarako leku egokiak eskaini nahi dizkiegu animalia guztiei; beraz, lana dugu aurretik”. Oraingoz, Urduñan topatutako animaliak soilik jaso ahalko ditu elkarteak. Prozedura ezarri dute horretarako, eta udala izan beharko da bitartekaria animalien errolda osatu ahal izateko.
Animaliak zaindu ez ezik, adopziorako ere prestatzea da asmoa. Txakur bat eta katu batzuk eman dituzte dagoeneko, baina oso arduratuta azaldu dira animalien etorkizunaren inguruan. “Ez dugu ezer kobratzen adopzioagatik, baina jarraipen bat egiten diegu animaliei, ondo daudela bermatzeko”. Hori dela eta, Barquinek ohartarazi du oso zorrotzak izango direla laster adopzioan emango dituzten zortzi txakurkumeekin: “Jostailu gisa ikusten dira askotan txakurkumeak, eta kontuz ibili beharra dago”. Jasotzen dituzten animalia guztiak osatu eta esterilizatu egiten dituzte. “Ez dugu populazioa kontrolik gabe hazterik nahi, eta, txakurren kasuan, gainera, esterilizatzeak eragina izaten du haien aldartean”.
Animaliei bigarren aukera bat emateaz gain, gizakien hezkuntzan ere ekarpena egin nahi du elkarteak. “Prebentzioa da tratu txarrak eta abandonua saihesteko bide bakarra, eta hori lortzeko, pertsonak hezi egin behar dira”. Hori dela eta, boluntarioen lana sustatzen du elkarteak, eta, gaienera, pasierak egiten dituzte herriko umeekin. “Orain, eskolara hasi direnetik, gutxiagotan etortzen dira, baina udan egunero etortzen ziren. Hasieran, txakurrek beldurra ematen zieten, baina, gero, konfiantza hartu eta gurasoei guk irakatsitakoak erakusten ere hasi dira”, azaldu du.
Etorkizunean proiektua zabaltzeko esperantza du Barquinek. “Oraingoz, boluntario gehiago behar ditugu, hobeto antolatzeko, baina, espazioa are gehiago egokitzeaz gain, beste proiektu batzuk ere txertatu nahi ditugu”. Zentzu horretan, eta herrikideekin duten elkarlanari eutsiz, animaliak denbora batez uzteko doako zerbitzu bat jarri nahi dute martxan. Barquinek aitortu duenez, egunen batean baserri eskola bat ere sortu nahiko lukete.