Ibai Maruri Bilbao
“Bilboko Udalak zergatik ez du isunik jarri oraindik?”. RACVN auto gidarien elkarteak egindako galdera da. Orduko 30 kilometroko abiadura muga hiri osora hedatu zenetik aste bi igaro direnean, elkarteak erabakiaren aurkako mezua zabaldu du berriz ere. Martxan jarri aurretik adierazi zuten ezinegona, eta orain ostera egin dute protesta. Mario Garcia bozeramaileak argi du erantzuna: “Ez da isunik egon, arau berria betetzen ez den arren, gidariak oso haserre daudelako”. Uste du giroa baretzen denean Udaltzaingoa arau haustea zigortzen hasiko dela “masiboki”. Izan ere, haien arabera, “gehiengoa” dira hiriburuko sarbideetan eta auzoen arteko lotuneetan orduko 30 kilometroko abiadura gainditzen dutenak. Oraindik eztabaidak pil-piliean jarraitzen du Bilbon. Asteotako ohiko gidarien, autobus gidarien, taxi gidarien eta banatzaileen protesteei, eragileenak batu zaizkie. Baina aldeko iritzirik ere egon da, noski; ekologistena, besteak beste: neurriak jasotako kritika guztiei erantzun diete, muga berriaren onurak zein diren azalduz.
Garciak gogoratu du neurria Europako Mugikortasunaren Astean sartu zela indarrean; horregatik uste du udal gobernua “titular bila” ibili dela: “Hiri modernoa eta aitzindaria dela saldu nahi izan dute”. Baina eurek argi dute erabaki okerra izan dela: “Abidura muga berriak modu artifizialean gidatzea dakar, eta, praktikan, hainbat kaletan ezinezkoa da betetzea”.
BAT Bizkaiko Automozio Tailerrak mekanikoen elkarteak ere oharra plazaratu du. Gidarien elkarteak bezala, ibilgailuentzat kaltegarria dela ohartarazi du. Eta iruditzen zaie ez dela lortuko gutxiago kutsatzeko helburua. “Orduko 30 kilometroko abiadura etengabe mantendu behar denez Bilbo osoan, ibilgailuak martxa laburragoan gidatu beharko dira. Eta martxa luzean baino gas kutsagarri gehiago isurtzen dituzte martxa laburrean doazenen ibilgailuek. Hau da, kutsadura hazi egingo da”, ohartarazi du Eli Ceballos BAT elkarteko presidenteak. Bizkaiko mekanikoek belaontzi estiloan gidatzea gomendatu dute, kutsadura murriztea lortu gura bada. “Erraza da: martxa eskuz aldatu behar zaien ibilgailuei inertziaz jarrai dezatela utzi behar zaie, baina martxa engranatuan eta azeleragailua zapaldu gabe, hurrengo semaforora, Stop seinalera edo auto ilarara irisi arte. Balazta eta azeleragailua zapaldu gabe aldatzen da martxa, eta posible bada, lehen martxan, lozagia eta balazta soilik gelditzeko sakatuta”.
Ceballosen esanetan, horrela, ez da erregaia kontsumitzen eta balaztak ere ez dira gastatzen; beraz, “gutxiago” kutsatzen da. Gaineratu du, egungo ibilgailu gehienek Start/Stop sistema dutela. “Semaforo edo zebrabide arteko tartea luzea den hirietarako oso egokiak dira, baina ez da Bilboren kasua izango, abiadura motelagoan semaforo gehiagotan gelditu beharko delako. Motorra gehiagotan piztu eta itzalita, gehiago kutsatuko da, ezinbestean”. Haren ustez, neurri hauen “helburu bakarra gidariei trabak jartzea” da, autoaren ordez garraio publikoa edo bizikleta erabili dezaten. “‘Zenbat eta ibilgailu gutxiago, kutsadura gutxiago’, uste dute. Baina ez dituzte herritarren beharrak eta egoerak kontuan hartu. Badira garraio publikoak premiak asetzen ez dizkietenak; badira zailtasunak dituztenak”.
Besteentzat eredu
Hainbeste kritikaren aurrean, Ekologistak Martxan taldeak abiadura neurri muga berria babestea erabaki du. Europako hainbat hirik muga bera ezarrita dutela ekarri du gogora, nahiz eta Bilbo izan bere eremu osora zabaldu duen 300.000 biztanletik gorakoetan lehena. “Eredua”, taldearen arabera. Iaz ipini zen muga hori Bilboko kale gehienetan, baina ez printzipaletan. Harrezkero igaro diren 16 hilabeteetan lortutako onurak zein diren gogoratu du Ekologistak Martxan-ek: “Lehen araudi horren aurretik, hiriko batez besteko abiadura orduko 30 kilometro baino txikiagoa zen, 29,6 kilometro, hain zuzen ere. Ezarri ondoren, abiadura %5 murriztu da, orduko 28,2 kilometrora”.
Gogoratu dute Bilboko joan-etorri gehienak —%61— oinez egiten direla. “Biztanleriaren %10a bakarrik mugitzen da autoz. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ibilgailu batek oinezkoa edo txirrindularia orduko 50 kilometroko abiaduran harrapatuz gero, hilgarria izateko arriskua 30eko abiaduran baino zortzi aldiz handiagoa da”. Azken hamasei hilabete hauetan, biktimak izan dituzten istripuak %10 murriztu direla zehaztu dute talde ekologistako kideek. “Iazko bigarren seihilekoan 356 istripu izan ziren; epe berean, berriz, 397”. Beraz, segurtasunean mesedegarri dela uste dute.
Ekologistak Martxan-ek erabat ukatu ditu beste eragileek kutsaduraren inguruan emandako argudioak. Datuak eman ditu horretarako. Izan ere, sinetsita daude orduko 30 kilometroko abiadurak klima aldaketa murrizten laguntzen duela, abiadura txikiagoak karbono dioxido gutxiago isurtzen duelako. Azaldu dute hori ibilgailuek bideetatik igarotzean altxatzen dituzten partikula esekien murrizketarekin lotuta dagoela. Gainera, esan dute abiadura txikiagoak energia aurrezten duela, erregai kontsumoa murriztu eta gidatzeko ohiturak aldatzen baititu. “Iazko uztailetik hona, Bilbon ez da 2016an eta 2017an neurtu ziren berotegi efektua eragiten duten gasen gehiegizko isurketarik berriro gertatu; hau da, ez da NBEk gomendatutako kopuruen gainetik neurtu harrezkero”. Kutsadura akustikoa arazo handia da Bilbon, eta batez besteko zarata hiru dezibelio jaitsi da iaztik hona.
Sindikatuek autobus gidarien izenean egindako kritikak ere “zentzugabeak” direla uste du Ekologistak Martxan-ek. “Bilbobusen batez besteko abiadura orduko 11 kilometrokoa da. Zergatik? Eurentzako bakarrik diren bideetan sartzen diren autoengatik eta ilarengatik. Paradoxikoki, abiadura 30era murrizteak trafikoaren arintasuna hobetzen du, autoak abiadura uniformeagoetan ibiltzen baitira”. Eta bizikletaren erabilera ere %30 hazi da muga berria kale gehienetan ezarri zenetik. “Aldaketak soilik kaleen %13ari eragin die. 30eko muga aspalditik zegoen, eta argi dago onurak baino ez dituela ekarri. Zergatik sortu da orain eztabaida? Nori egiten dio mesede?”.