Peru Azpillaga Diez
“Lemoiz inguruan egoera oso larria da”. Iosu Alberdi Entzandarri mendi taldeko kidea kezkatuta azaldu da, panpa lezka landare inbaditzailearen uda honetako hedapena ikusita. “Aurtengo udako lehortea dela-eta, ez du lehiakiderik izan, eta ohi baino gehiago hedatu da gure mendietan eta basoetan”. Esan du “kontrolik gabe” hazten ari dela.
Panpa lezka edo panpa belarra bezala ere ezaguna den espeziearen hedapena, ordea, ez da aurten sortu den arazo berri bat Bizkaiko ekosisteman. Alberdik gogoratu duenez, 2006an Bizkaiko Foru Aldundiak landare inbaditzaile hori deuseztatzeko plan bat onartu zuen, eta ohartarazi du, lehenagotik ere, kaltegarria den landare hori ezereztatzeko ahaleginak egin izan direla, Euskal Herriko ekosistema babesteko. Izurritearen iturria orube eraldatuetan dagoela esan du Alberdik, lurra mugitu eta eraldatu egin den lekuetan; hala nola errepide bazterretan. 2006. urtean aldundiak egindako mapan ere halaxe ageri zen. “Panpa belarraren hedapenaren mapa egin zuten, eta AP-8 eta AP-68 autobideen eta Txorierriko lasterbidearen ertzean kokatu zuten batik bat landare hori; hau da, nahiko mugatuta zeuden eta lur mugimenduak gertatzen ziren eremuetan, Lemoiz bezalako eremu batzuk aipatu gabe utzi bazituzten ere”, azaldu du Alberdik.
Gaur egun, ordea, panpa lezka askoz zabalduago dagoela nabarmendu du, eta, neurriak hartu ezean, Bizkaiko ekosistema arriskuan dagoela ohartarazi. “Bere garaian instituzioek ahalegin batzuk egin zituzten arren, ez zuten planarekin segitu, eta panpa lezkaren hazkundeak urteak daramatza agenda politikotik kanpo”. Muturreko baldintzetan bizitzera ohituta dagoen landarea izanik, esan du tenperatura epelek eta lehorteek mesede egiten diotela. Hortaz, klima aldaketa ere alde duela ohartarazi du. “Bertokoak ordezkatzen ditu, alboratu… Ez du lehiakiderik, edozein lurzorutara egokitzen delako eta edozein baldintzetara egokitu daitekeelako”.
Azaroaz kezkatuta
Dentsitate handia hartzen duen espezia dela azaldu du, multzo oso zabalak sortuz, Bizkaiko kostan nonahi ikus daitezkeenak. Oso erraz hedatzen dela azpimarratu du, erreproduzitzeko gaitasun handia duen landarea delako. Orain, urrian, fruitua ekoizten hasiko da, eta azaroan, haziak sakabanatu egiten dira; gero, martxoan, landareak haziko dira. Azarora begira, kezkatuta azaldu da Alberdi: “Pentsa zenbat hazi sakabanatuko diren aurten nonahi topatu daitezkeen landare multzoetan; ikaragarria izango da”.
Horregatik, uste dut ahalegin handia egin behar dela landare mota hori deuseztatzeko: “Hazi asko ekoizten ditu: ale bakoitzak milioi bat hazi ekoiztu ditzake bere bizitza osoan; bestalde, landarea erre arren, berriro sortzen da. Hiltzeko metodo mekanikoak eta kimikoak uztartu behar dira, eta horrek lan handia eskatzen du”. Entzandarri mendi taldeko kidearen aburuz, diputazioak zein udalek urteak daramatzate “ezer egin gabe”, eta, horren ondorioz, panpa lezka inolako eragozpenik gabe hedatu da; besteak beste, Bizkaiko kostaldeko itsaslabarretan.
Lemoizko zentralaren ingurua jarri du kudeaketa faltaren adibide nagusi bezala: “Zentralarekin lotuta dago panpak hemen izandako hazkundea. Urteetako utzikeriaren ondorio larri bat da”. Zentralaren eremua eraikinena baino askoz zabalagoa da. Eremu hori guztia, baina, hutsik eta hesituta dago zentrala eraiki zutenetik, eta herritarrek ezin dute erabili: “Zentrala dagoenez, eukaliptoa hedatu ez den toki bakarrenetakoa da. Oso leku interesgarri eta politak gordetzen ditu, baina, hesituta egotearen ondorioz, jendeak ez ditu ezagutzen”. Gaur egun, zentral nuklearraren jabetza publikoa da, baina, momentuz, bertan ez da inolako egitasmorik jarri martxan. “Erabat utzita dago, orain dela ia 40 urte zegoen bezalaxe”.
“Arazoa benetan larria da; orain arte, esaterako, itsaslabarrak nahiko garbi egon dira, oso muturreko baldintzak dituztelako”. Alberdik azaldu duenez, “oso itsaslabar politak” daude Lemoiz inguruan, baina panpa eremu horietan ere agertzen hasi da jada. Dagoeneko leku guztietara hedatu delako kexatu da. “Argi dago arazo oso larri baten aurrean gaudela, eta Euskal Herriko administrazio publikoek serio hartu behar dutela. Neurriak hartu behar dira beranduegi izan baino lehen, jada berandu gabiltzala jakin badakigun arren”.