Gasolindegietan greba mugagabea hilaren 20tik

Gasolindegietako beharginek aurrerapauso bat eman dute euren lan baldintzen aldeko borrokan eta greba mugagabera deitu dute datorren eguenetik aurrera. ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuetako ia langile gehienek bozkatu dute grebaren alde.

Hilaren 20an grebari ekin aurretik, gainera, mobilizazioen egutegi bat ere jarri dute martxan beharginek. Joan den martitzenean, esaterako, elkarretaratzeak egin zituzten Boluetako (Bilbo) eta Kortederretako (Galdakao) zerbitzuguneetan.

Greba deialdia egin duten sindikatuek gogora ekarri dute Bizkaiko zerbitzuguneen hitzarmena agortu zenetik ia bi urte igaro direla jada. AVECAR eta CEBEK patronalek, gainera, lan erreforman onartutako neurriak ezarri nahi dituztela salatu dute, hitzarmena aplikatu behar ez izateko, hain zuzen.

Patronalak hitzarmenari buruzko negoziaziorik ez duela egin nahi salatu dute sindikatuek. Eurena bertan behera geratzen bada, Espainiako lan hitzarmena ezarriko lieketela ekarri dute gogora, eta horrek jasotzen dituen lan baldintzak Bizkaikoak baino askoz txarragoak direla azaldu dute. Horrez gain, estatuko hitzarmen horrek bi urte daramatza blokeatuta. Beraz, Langileen Estatutuak jasotzen dituen baldintzak izango lituzkete behargin horiek, sindikatuen arabera.

Patronalarekin batzar gutxi batzuk baino ez dituztela egin azaldu dute, eta, horietan, langileen baldintzak murrizten saiatu dela salatu gura izan dute. Besteak beste, antzinakotasuna desagerrarazi gura dute eta beharginei ardura gehiago emateko asmoa dute. Ordutegi malguagoak eta herri batetik bestera mugitzeko erraztasuna ere eskatu dizkiete. Langileek, eros ahalmena ez galtzea eta hitzarmena sinatu eta aplikatzea besterik ez dutela gura aldarrikatu dute.