Peru Azpillaga Diez
Iraganetik oinordetzan jasotako ondasunen multzo zabalak osatzen du komunitate baten kultura ondarea. Ondare hori balioetsi eta ezagutarazteko helburuarekin hasi zen Bizkaiko Diputazioa, orain dela hogei urte, Ondarearen Europako jardunaldietan parte hartzen. Urrian zehar, osasun neurri bereziekin antolatuko duten aurtengo XX. edizioan, hezkuntza izango da jardunaldien ardatz nagusia. Horri lotutako Bizkaiko ondare guztia herritarren eskura jartzeko mota guztietako kultur adierazpenak biltzen dituen egitarau bat atondu dute, herrialdeko hainbat eragile, norbanako eta erakunderekin elkarlanean.
“Duela hogei urte, Europako ondasuna zabaltzea helburu duen egitasmo honen berri izan eta berehala, diputaziotik bat egitea erabaki genuen”, azaldu du Aintzane Egileor jardunaldietako koordinatzaileak. “Ulertu genuen Bizkaitik bagenuela zer erakutsi eta aldarrikatu”. Horregatik ekin zioten Bizkaiko Ondarearen Europako jardunaldiak antolatzeari. “Gure ondasun kulturala ezagutarazi nahi genuen, duguna balioetsi eta, horrela, bere kontserbazioa eta zaintza ere sustatu ahal izateko”, erantsi du.
Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza izenburupean antolatu dute aurtengo edizioa. Hezkuntza jarduerarekin lotutako ondarea balioestea eta ikusaraztea izango da, beraz, helburua: “Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuek ondasun materialak eta inmaterialak sortu dituzte denboran zehar, eta ondasun horiek aitortu, aztertu, baloratu eta kontserbatu egin behar dira”, nabarmendu du Egileorrek.
Urtero gai bat proposatzen dute Europatik, eta lurralde bakoitzak horren inguruan atondu behar du bere eskaintza. “Urte hauetan oso ikuspuntu desberdinetatik eman dugu ezagutzera Bizkaiko ondasun kulturala”, zehaztu du. “Ondasun industrialetik hasita, arkitektonikoraino, ondasun higigarri eta higiezinetatik igaroz”. Horrekin batera, Egileorren arabera, “aniztasuna” da jardunaldien indargune nagusietako bat, ondasun hori guztia gizarteari hurbiltzeko eskaintza “zabala” egiten dutelako. “Edozein kultur jardueratara hurbiltzeko dugun modua gure aldez aurretiko jakintzak baldintzatzen du, eta, aldi berean, esperientzia berri bakoitzak gure ondorengo bizipenak elikatuko ditu”, argudiatu du koordinatzaileak.
61 udalerritan
Hala, urri osoan zehar luzatuko diren jardunaldietan ondare horretara hurbiltzeko ia 140 proposamen atondu dituzte; Bizkaiko 61 udalerrietan banatuko diren 200 ekitaldi baino gehiagotan eskainiko dira. “Oso zaila izango da kultur jarduerarik gabeko egun bat aurkitzea”, azpimarratu du Egileorrek. Bisitak, ibilaldiak, tailerrak, hitzaldiak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, lehiaketak… “denetarik” bildu dutela adierazi du.
Egitarau hori osatzeko, baina, ez dira bakarrik aritu. “Jardunaldiak antolatzen hasi ginenetik herrialdeko eragile, agente kultural, norbanako eta erakunde asko batuz joan dira: kultur etxeetatik Euskaltzaindiraino; udaletatik, auzokide elkarteetara”. Haren ustez, horrek guztiak “oso argi” islatzen du kultura “guztion” kontua izateaz gain “behetik” eraikitzen dela. Hala, aurten, Lehen Hezkuntzako eskola zaharrek, institutuek, unibertsitateek, maisu-maistren etxebizitzek, mahaiek, liburuek-eta hartuko dute protagonismoa, baina baita horietan guztietan isilpean gordeta dauden istorio, pasarte eta bizipenek ere.
“Hezkuntzaren gaia oso garrantzitsua eta aproposa iruditu zaigu”, adierazi du Egileorrek. Batetik, Bizkaian hezkuntzari lotutako ondasun historiko zabala dagoelako, eta hori guztia ezagutarazteko aukera ematen zuelako. Bestetik, ondasun hori kontserbatu ahal izateko, ezagutaraztea eta balioestea ezinbestekoa dela gogoratu du, eta, beraz, oraingo jardunaldiek pedagogia egiteko duten helburua ere azpimarratu du. “Ondasunaren bidez heztea da gure asmoa. Horregatik, ez zaigu interesatzen dugun hori aurkeztea soilik; atentzio berezia eskaintzen diogu eskaintzeko moduari ere”, nabarmendu du.
Ondasunarekin “didaktika” egiteko asmo horrekin, ondasun kulturalaz gain ondasun naturalaren ezagutza bultzatzea ere ezinbestekotzat ikusten dutela esplikatu du Egileorrek. Horregatik, bi eremuetan antolatu dituzte ekintzak, hala nola natura parkeetan.
Kultura pandemia garaian
“Gure erronka jardunaldiekin aurrera egitea izan da, eta ahalegin handia egin dugu proiektu hau martxan mantendu ahal izateko”, azaldu du Egileorrek. Osasun neurriak erdigunean jarri eta kulturaren alde apustua egiten jarraitzeko asmoa dutela esan du, kultura ezin delako “konfinamenduan geratu”. Azaldu duenez, ekitaldi gutxi utzi behar izan dituzte bertan behera, eta beste batzuk moldatu behar izan dituzte: “Esaterako, ezingo da Luthier Eskola bisitatu, baina, horren ordez, eskola osoa guztik gora grabatu eta bideoan emango dugu bisita”, kontatu du jardunaldien antolatzaileak.
Horrekin batera, ekitaldietara hurbil daitekeen jende kopurua ere mugatu behar izan dutela aipatu du. Bisita gidatuak bederatzi pertsonakoak izango dira gehienez, eta espazio itxietan %60ra mugatu dute edukiera. “Horren aurrean egin duguna izan da zenbait ekitaldiren eskaintza bikoiztea, modu horretan jende gehiagori emateko parte hartzeko aukera”.
Kultura eta hezkuntza pentsamendu “kritikoa” bultzatzeko ezinbestekoak direla deritzo Egileorrek, eta jardunaldien arrakasta horretan oinarritzen dela uste du. “Hasieratik ikusi genuen jendearentzat egitasmo interesgarri bat izan zitekeela. Helburua ez da soilik aisialdi eskaintza bat egitea; ezagutza bat partekatzea baizik”. Ondasun partekatu baten parte sentitzea da, haren ustez, garrantzitsuena: “Ezagutze duzun hori estimatu egiten duzu, eta estimatzen duzuna, berriz zaindu; hori da gakoa”.