Maialen Arteaga
Agertokia apurtu”. Halaxe dio kaleak oholtza gainera daramatzan Break On Stage nazioarteko jaialdiak. Urtero-urtero, martxoan, dantza urbanoen erakusleiho izaten da. Sustraiak karriketan dituzten dantzen aterpe izaten da. Sustraiak kaleko dantzetan ditu, baina adarrak beste hainbat diziplinataraino eratu dira; kirolera, esate baterako. Beste kultur ekitaldi asko bezala, aurtengoa atzeratzeko erabakia hartu zuten. Lehenengo, ekainera. Azkenik, Bilbon asteburu honetan emango diote amaiera sailkapen jaialdiari.
“Ibilbide luzeko jaialdi bat da, hogei urte daramatzagu hainbat lekutan ikuskizun hau egiten. Kale kulturen adierazpenak eta kaleko diziplinak taula gainera eramaten ditugu”, azaldu du Ander Garaizabalek, antolatzaile den Arriola kultur elkarteko kideak. Dantzen topaleku ez ezik, “kutsu urbanoa” duten beste hainbat adarren topaleku ere bada: “Kaleko dantzez gain, musika eta kirola ere biltzen dira”, gehitu du. Duela hogei urte izan zen lehenengo aldia, Elorrion. Urteak aurrera joan ahala, Bizkaiko herria “txiki” geratu zitzaien, eta, sarrera kopurua handitu asmoz, hiriburura egin zuten salto. Hiriburuan dantza urbanoen presentzia “nabarmenagoa” dela esan du. Orain, Bilbo Arena aterpe dutela, 4.000-5.000 sarrera artean saltzen dituzte urtero.
Oholtza handiago batean dantzatzen duten arren, asmoa lehen bezain sinplea dela adierazi du Garaizabalek: “Asmo xume batekin hasi zen jaialdia, eta oraindik ere, nahiz eta jende asko bildu, xumea izaten jarraitzen du. Agian, hori da jaialdiaren sekretua”. Hogei urte pasatu dira jaialdia jaio zenetik, baina egungo oholtza helburu berberek astintzen dutela dio: “Normalean antzokietan ikusteko aukera ez dugun diziplina horiek taula gainera ekarri nahi ditugu oraindik”.
Kalean jaiotako dantzetan berezitasun bat sumatzen du Garaizabalek: “Dantza urbanoek oso elementu eszeniko interesgarriak dituzte oholtza gainera eramateko, azpiegitura eszeniko bat eman nahi genien kaleko diziplina berri horiei”. Bi hamarkada atzera bota du begirada: “Duela hogei urte, oso argi zegoen kaleko estiloa breakdancearen ingurukoa zela”. Egun, desberdin ikusten du egoera: “Gaur egun, gazteek bestelako joera batzuk hartu dituzte: dantza garaikidetik hasita, afrikar kutsuko dantzetara, karibetarrera, hip-hopera, jazzera…orain askotarikoak dira”.
Estilo horietako ehun gazte taldek hartzen dute parte jaialdietan. Bilboko azken sailkapen jaialdia baino lehen, Euskal Herriko beste udalerri batzuetan lehiaketak egiten dituzte: Derion, Elorrion eta Aretxabaletan (Gipuzkoa). Herri horietan nagusitutako sei talde sailkatu dira asteburu honetako finalerako. Hala ere, lehiatuko diren taldeez gain, beste hainbeste kirol eta dantza ikuskizun eskainiko dituzte. “Urte osoko lan bat da azken jaialdian ikusten dena”, zehaztu du Garaizabalek. Ordu eta erdiko saioa izango da, 18:00etan hasi eta 19:30 arte.”Ordu eta erdiko programa oso dinamikoa izango da, gozatzekoa”, zehaztu du.
Parte hartzaileen soslaia, taula gaineko ikuskizunen antzera, plurala da, baina, batez ere, hainbat kategoriatan lehiatzen diren 12 eta 25 urte bitarteko gazteak izaten dira protagonistak.
Dantzarien artean, Frantziako Last Squad taldea egongo da; munduko breakdance generoko txapeldunak. Genero bereko Circle Of Trust taldea ere egongo da, Zaragozakoa (Aragoi, Espainia). Euskal Herriko taldeen artean, Donostiako Bamboo taldea eta Iruñeako Breathles talde gaztea egongo dira. Donostiako taldea mundu mailako World of Dance txapelketarako sailkatu da aurten. Castroko Nuh Proud taldea ere lehiatuko da. Izenak ideia bat adierazten du: “Ez gara harroak, baina gutaz harro gaude”. Horrez gain, Indala taldeak ikuskizun bat eskainiko du dantza eta antzerkia uztartuz.
Gaztetxoagoen sailkapenean, Feel The Sound, Extra, Legacy Breath eta Slippery taldeak lehiatuko dira. Kirol diziplinetan bizikleta eta patinete jauzien ikuskizunak egongo dira. Bizikletekin Martxel Arribillaga, Dani Cortadi, Ibai Gaztelumendi eta Diego Solans arituko dira bi gurpilen gainean. Hiru gurpiletan, aldiz, scooter lehiaketan, Alex Gonga irundarra, Madrilgo Ruben Doniga Madrildarra, eta Bartzelonako Joan Jorba eta Marti Samper izango dira.
Giro hurbila
Aipatutako artisten ikuskizunek publiko hurbila sortzen duela uste du Garaizabalek: “Publiko familiarra hurbiltzen da normalean, eta faktore horri garrantzi handia eman diogu”.
Iker Villa Revolta Permanent taldeko abeslari eta Go!azen telesaileko aktorea da aurtengo aldiaren aurkezlea. Gogoan du Break On Stage jaialdira lehen aldiz ikusle gisa joan zenekoa: “Lehenengo aldia bereziki gogoratzen dut: hip-hop kultura ezagutzen hasi nintzen pixkanaka, eta 2010. urteko aldian txundituta gelditu nintzen ateak zeharkatu nituen momentutik beretik. Jaialdiak zuen tamaina eta garrantzia ez nuen espero, eta hala izaten jarraitzen du; Bilboko hiriko jentiletako bat da”. Lehen aldi horretan beste lehen aldi bat ere bizi izan zuen: “Lehen aldiz Violadores del Verso taldea ikusteko aukera izan nuen aldi horretan”.
Arazoen konponbideen bila
Errealitate konplexuak aldaketa konplexuak behar ditu. “Apustu handia izan da jaialdia aurrera ateratzea”, aitortu du Garaizabalek. Horrela, moldaketa ugari egin behar izan dituzte asteburuko ekitaldia antolatu ahal izateko, horietako aldaketa nabarmenena ikusle kopurua izan dela kontatu du. Izan ere, ohiko ikusleen laurdenak baino gutxiago egongo dira aurtengoan: “5.000 ikusletik 600era murriztu behar izan dugu”.
Horrez gain, aulkiak sektoreka banatu eta zenbakitu ere egin dituzte. Horrela, publikoak eserita egon beharko du, baina, giroa samurtzeko asmoz, elkarbizitza unitateak izeneko taldeak sortu dituzte; elkarrekin desplazatzeko aukera duten pertsona taldeak izango dira; bost pertsonako burbuila taldeak, hain zuzen. Villak aitortu du inor ez dela ezarritako segurtasun neurrien zalea, baina horiek “halabeharrez” bete beharko dituztela ekitaldia posible egiteko.
“Arazo berriei konponbide berriak bilatzen gabiltza”, gehitu du Garaizabal Arriola kultur elkarteko kideak. Egokitzapen berri horietako bat streaming bidez eskaintzea da, sartzeko aukerarik gabe geratu direnek zuzenean ikuskizunaz gozatu dezaten. Aurtengo argazkia desberdina izan arren, jaialdiak urtero duen xarma mantenduko duela uste du Garaizabalek: “Lehengo berotasun hori ez dakit posible izango den, baina oholtzako betiko energia eta publikoarekin hartu-emana seguru lortuko dela”.
Mundu osoan bizi den egoera berriak kultura arloa zein kulturgileak “gogor” jotzen dituela esan du Villak: “Kulturgileok eta sortzaile guztiok gure lana aurrera eramateko lekurik eta modurik gabe egon gara hilabete mordoz, eta legeak itotzen jarraitzen gaitu”. Hori ikusirik, “ezinbesteko” ikusten du kultur ekitaldien aldeko apustua: “Betiko moduan, egoera berri honetara moldatzen saiatu gara, eta gure indar eta irudimen guztiarekin aurre egingo diogu; hortaz, horrelako jaialdiak aurrera ateratzeko apustua ez da garrantzitsua: ezinbestekoa da”.