Ibai Maruri Bilbao
Liztorrak harrapatzeko botila batzuk ipini nituen, ziri batekin. Eta haiei begira nengoela bururatu zitzaidan. Azkeneko Gabonetan izan zen. Gero zirriborro batzuk egin nituen, eta hala sortu nuen”. Liztor asiarrentzako harrapagailu berri bat asmatu du Fernando Arangok. Sortzez Asturiaskoa (Espainia) den arren, Bilboko Zorrotza auzoan bizi da, eta Basaurin ditu erlauntzak. “Nik siderurgian egiten dut lan. Erlezaintza zaletasuna baino ez da niretzat. Ni bezalakoei ez zaigu errentagarri egiten merkatuan dauden sistemak erostea. Edonork etxean egiteko moduko hau asmatu dut”.
Bizkaiko Erlezainen Elkartera jo zuen beste kideei bere asmakuntzaren berri emateko. Batzuek ez dute oso argi ikusi, baina beste batzuei gustatu zitzaien, eta publiko egitera animatu dute. “Nik ez dut uste honek liztorra desagerraraziko duenik, baina lortzen dut kasta ahultzea”, ohartarazi du. Erlauntz guztietan ditu ipiniak, eta joaten denero liztor mordoa harrapatu duela ikusten du. Dagoeneko, 19.000tik gora zenbatu ditu; eta zenbatu ez dituenak gehiago dira. “Arrakastatsua da, oso eraginkorra. Erlauntzak ditudan inguruan, azken egunetan oso liztor gutxi dabil; populazioa urritu diet”. Orain Bizkaiko beste toki batzuetatik etorriko zaizkion beldur da. Horregatik uste du herrialde osoan horrelako gailuak jartzea izango litzatekeela eraginkorrena.
Erlauntzari kutxa moduko bat ipintzen dio, sarrera estaliz. Kutxaren sarrera alanbrezko saretaz eginda dago. Zulotxoak erleak sartu eta irteteko bestekoak dira, sei milimetrokoak, baina liztor asiarra ez da kabitzen haietan. Saretaren beheko partean, tolestura bat egin dio Arangok, liztorrak handik sar daitezen erleen atzetik. Izan ere, liztor asiarrek erleak hiltzen eta jaten dituzte, eta hori da erlezainek intsektu inbaditzaile honekin duten arazo nagusia. “Ez dugu ezer behar liztorrak erakartzeko. Beste gailu batzuek likidoren bat edo bestelako moduren bat erabiltzen dute. Kasu honetan, erleen euren atzetik etortzen dira”.
Saretaren beheko tolestura hori zortzi zentimetro da luze. Behin handik barrura igarota, liztorrak ez daki atzera egin eta irteten. “Erleen bila doa, eta gorantz egiten du hegan, argitarantz. Baina sareta barruan dago, harrapatuta, saretaren eta erlauntzaren artean. Irteera bakarra du: kutxaren albo batean ipini diodan botilarakoa”. Botila plastikozkoa da, gardena, eta barruan ura eta xaboia jarri ditu Arangok. Xaboiari esker, liztorrek laprast egiten dute gorantz igo nahi dutenean, eta uretan itota hiltzen dira. “Garagardoa ere probatu izan dut, eta erakartzen ditu, bai. Baina ura eta xaboia soilik erabilita ere berdin balio du. Ura eta xaboia dira ezinbestekoak: hori argi dut”.
Nahi duenak egiteko
Sareta bera harrapagailua egiteko barik babeserako erabili izan dela azaldu du Arangok. “Merkatuan eros daitezke. Liztorrak barrura sartzea eragozteko balio dute. ‘Ez zaizkizu sartuko, eta ez dizkizute erleak jango’, esaten dute. Eta ondo dago. Baina nire harrapagailu honek babestu egiten du, bai, zulotxoetatik ezin direlako liztorrak sartu, soilik beheko tolesgunetik. Baina, aldi berean, harrapatu egiten ditu, eta hil”. Tolesgune horretan, ohola luzeagoa da, liztorrak hegan datozenean bertan gelditzeko; nolabait tolesgunetik sartzeko gonbidapena da oholeko atsedenleku hori.
Harrapagailua egitea oso merkea dela azpimarratu du. “Sareta eta kutxa osatzeko kabilak baino ez ditut erosi. Oholak lantokian hartu nituen, botatzeko zeuden batzuk. Edonork egin dezake, erraz eta merke”. Ez du asmakizuna patentatzeko asmorik. Eta ez luke nahi beste inork egiterik. “Niri bururatu zait, eta doan eman gura diet beste erlezainei”.