Gasolinoa bere bakardadean

Gasolinoa bere bakardadean

Ibai Maruri Bilbao

Egunak argitu orduko hasten dira beharrean, Bilboko itsasadarrak banatzen dituen bi ertzak lotu guran: Erandiotik Barakaldora, eta buelta; Portugaletetik Areetara, eta buelta. Etengabean ibiltzen dira txalupa motordun txikiak eskumako eta ezkerreko ibarren arteko distantzia desagerrarazi guran. Baina gasolino izenez ezagun diren txalupa horien etorkizuna kolokan dago. Ertz bateko eta besteko bizilagunek bestelako loturak topatu dituzte azken hamarkadetan. Arrondegiko zubiak, lehenengo, eta Bilboko Metroak, hurrengo, erabiltzaile kopurua nabarmen txikitzea ekarri die zerbitzu biei. Eta COVID-19aren pandemiak Erandio eta Barakaldo artekoa kinka larrian ipini duela ohartarazi du Oscar Suarez ugazabak. Erandion dagoen Muruetako ontziolakoek abuztuan egindako enkargu bati esker irabazitako diruak salbatu du udan negozioa behin betirako ixtetik; urte bukaera arte eutsi ahalko duela esan du. Baina ez daki gero segitzerik izango duen. “Koronabirusak esango du”.

Astelehenetik barikura eskaintzen du Suarezen Boteros de la Ria enpresak bi itsasertzak lotzen dituen zerbitzua: 05:30ean hasi eta 21:30 arte, eten barik. “Asteburuetan zerbitzua eskaintzeari utzi genion metroa martxan jarri zenean. Ez zen errentagarria”, gogoratu du. Beti bezala, beharginak dira erabiltzaile nagusiak, itsasadarraren alde batean bizi eta bestean lan egiten dutenak. Besteak beste, momentuz negozioa salbatzen lagundu dioten Murueta ontziolako langileek erabiltzen dute. Baina baita Barakaldoko bidegorrira bizikletaz ibiltzera joan gura duten erandiotarrek ere. Edo umeekin txalupan ibili gura duten familiek. Suarezek argi esan du: “Bi ertzak lotzeko zerbitzua ez da errentagarria; aspaldi utzi zion dirua emateari”. Nolabaiteko nostalgiagatik eusten diola aitortu du. Haren enpresak bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.

Txalupa handiagoak ditu itsasadarrean gora eta behera ibiltzeko. Adibidez, bisita gidatuak eskaintzen dituzte, eta baita ezkontzera doazenen despedida jaiak ere. “Udan alokatuta irabazten dudan horri esker, gasolino zerbitzua mantendu ahal izaten dut, berez ez baita inondik ere errentagarria”. Baina, pandemia hasi zenetik, itsasontzia alokatzen duten talde horiek desagertu egin dira. “Ez dut bezero bakar bat ere izan, eta uztailean uste nuen zarratu egin beharko nuela. Ea datozen hilabeteetan koronabirusak bakean uzten gaituen eta jendea itzultzen den. Baina neguan, normalean, eguraldia dela eta, mugimendu gutxi egoten da”.

Elkarrekin Bizkaiak proposatuta, txalupa zerbitzu hauek biak Barik txartelaren egituran sartzea eztabaidatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Ez da onartu. Baina, Suarezen esanetan, bere kasuan ez daki onuragarri izango litzatekeen ere. “Egia esan, ez dut ezagutzen txartelaren funtzionamendua. Baina 1,10 euroko bidaia erretiratu bati 50 zentimo kobratu behar badiot Barik txartela duelako, ez da negozio!”. Bestelako laguntza batzuk beharko lituzkeela uste du. Eta dagoeneko eskatu dizkio Erandioko Udalari. Moila egokitzea eta Bilboko Portu Agintaritzari itsasadarra dragatzeko eskatzea nahi du. Joan diren egunotan arazoak izan ditu nabigaziorako, marea biziak direla eta.

'Gasolinoa'

Erdia betetzean, pozik

Barakaldo eta Getxoko Areeta auzoa lotzen dituen zerbitzuaren kudeatzaile Juanma Hernandezek, ordea, begi onez ikusi du Barik txartelean sartzeko ideia. Are gehiago: ez du ulertu zer dela eta eztabaidatu duten Batzar Nagusiek proposamen hori, berak dagoeneko Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin negoziatua baitu. “Sar gintezkeela esan ziguten uztailean egindako bileran; ez dut uste orain arazorik izango dugunik”.

Euren enpresa Erandiokoa baino “hobeto” dagoela esan du. “Azken urteetan bezero asko galdu ditugu, bai, baina oraingoz negozioari eusteko moduan gaude”. Gogoratu du garai batean jende gehien ibili ohi zen orduetan bi txalupa ipini behar izaten zituztela aldi berean lanean; orain, bakarra izaten dute, eta sarri erabiltzaile bakarra garraiatzeko. “Txalupak 40 lagun eroan ditzake aldi berean, baina orain sekula ez dugu hainbeste garraiatzen; gehienez 20ren bat joango dira, bidaia onenetan”. Erandio eta Barakaldo artean bezala, Portugalete eta Areeta artean ere bezero gehienak beharginak izaten dira. Eta uda partean, turistak ere bai. Aurten halakorik gutxi izan dute, hala ere. Neguan, berriz, Erandion bezala, behera egiten du erabiltzaile kopuruak.