Maialen Arteaga
Kulturak horma pitzatuetatik arnasten ikasi behar izan du askotan, eta lur arrakalatuetan eraikitzeko ere moldatu behar izan du sarri. Hala egin dute Arrigorriagan, clown eta pailazoen nazioarteko jaialdian. Orain arte maiatzean egin izan dute, baina, koronabirusaren pandemia dela eta, aurten 25. urteurreneko jaialdia irailera atzeratzea erabaki zuten. Azkenik, oztopoak pitzatuz, asteburu honetan egingo dute. Gaur hasiko dute jaialdia, 18:00etan, Maromas Argentinako taldearen ikuskizunarekin. Jaialdia igandean bukatuko da, 20:00etan, Aureo Murtziako (Espainia) taldearekin.
Jaialdiaren helburuak betetzeko apustua egin dute Arrigorriagan: “Herriko kaleetan artea sustatu nahi dugu, bertoko zein kanpoko balio artistikoak oholtzan jarriz”, azaldu du Amagoia Garaizabal Arrigorriagako kultur teknikariak. Helburu hori betetzeko, ordea, egoera sozialaren arrakala handietara moldatu behar izan dute: “Orain arte, Arrigorriagako kaleak izan dira kultur jaialdi honen espazio naturala; euria egiten zuenetan baino ez ginen kiroldegira joaten”, kontatu du. Aurten, ordea, ikusle muga, higienea eta bestelako segurtasun neurriak bermatu ahal izateko, salbuespenetarako erabiltzen zuten kiroldegian antolatuko dituzte ikuskizunak. “Lekua, ikusle kopurua murriztea, aurretiazko erreserbak ezartzea, eserlekuen kokapena… gauza asko birmoldatu behar izan ditugu. Bagenekien ez zela erraza izango, baina egoera honen gainetik kultura bermatzea da gure lana”, aitortu du Garaizabalek. Herriko eskaintza kulturala bermatzeko premiazko gauza bat argi izan behar dela azpimarratu du: “Ikuskizunez gozatzeko, segurtasun arauak bete behar dira”. Neurriak betetzea ahalbideratzeko, lau saio egingo dituzte egun bakoitzean: bi goizean, eta beste biak arratsaldean. “Seguru asko ez da beste urteetan bezain freskoa izango, baina clown jaialdia kulturaz elkarrekin gozatzeko aukera paregabea da”, argitu du.
25. jaialdiaren bereizgarri gisa, haienera joango den publikoa hurbilagoa izango duela uste dute antolatzaileek: “Ikuskizunetan hartu behar izan ditugun neurrien ondorioz, giroa ohi baino familiarragoa izango da; horregatik, mamia aukeratuta eta egokituta dago”.
Orain arteko jaialdiak “kaleetako topagune” gisara deskribatu ditu Garaizabalek, baina, aurtengo arrakala berrien aurrean, “hurbiltasun” fisikoaren faltan, esaterako, ikuskizunen edukian sakondu dute: “Saioen aurkezpena goitik behera aldatu behar izan dugunez, kalitateko ikuskizunak taularatzera bideratu ditugu ahalegin guztiak”. Nazioarteko jaialdia da, baina COVID-19ak eragindako egoera berriak artisten mugikortasuna eta bidaiak oztopatu ditu. Ondorioz, aurten ohi baino parte hartzaile gutxiago egongo dira. Euskal Herriko konpainiek “lehentasuna” dutela kontatu du Garaizabalek: datozen 11 konpainietatik, lau euskal herritarrak dira; bi, argentinarrak; beste bi, Herrialde Katalanetakoak; eta hiru, espainiarrak.
Diziplina asko
Garaizabalek dio lehen begiratuan giroa “hotza” dela pentsa daitekeen arren, jaialdia hasi bezain pronto “beroa” sumatuko dela. “Artisten lehen keinuak jaso eta ondoan daudenen irriak entzuten hastean, giroa asko berotuko da. Berotasun horrek ikusleak erlaxatzea erraztuko du, eta, horri esker, artistekin batera ikuskizunean murgildu ahalko gara”.
Jaialdiaren izenean eta kartelean pailazoak ageri arren, ez dira jaialdiko artista mota bakarra; Garaizabalen ustetan, “diziplina anitzeko artista” asko bilduko dira: “Akrobatak, umoristak, ekilibristak, antipodistak, musikariak eta beste hainbeste proposamen eszeniko berritzaile”.
Jaialdiko egunetako bakoitza ikuskizun ezberdinez osatu dute. “Artista itzelak dira; emakume zein gizon, Euskal Herrikoak zein kanpokoak. Horietako batzuek istorioak kontatuko dizkigute; beste batzuek poesia egingo dute gorputzaren bitartez”, zehaztu du Garaizabalek. Ikuskizun ezberdinak badira ere, berdintzen dituen ezaugarri bat nabarmendu du: “Datozen artista denak teknikoki oso onak dira, eta, astebururako, ordu luzeak pasatu dituzte entseguetan eta lanean”.
Egitaraua
Egitaraua Arrigorriagako clown eta pailazoen nazioarteko jaialdiko ikuskizunetarako, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Segurtasun neurriak bermatzea derrigorra izango da.
Gaur
18:00. Kronopia antzerki taldearen Maromas ikuskizuna, Barruko frontoian; zirkuko akrobazietan oinarritutako pertsona bakarreko ikuskizuna da. 50 minutu iraungo du.
19:30. Prodigia konpainiaren Gala Mágica ilusionismo ikuskizuna, kanpoko pista estalian. 60 minutu iraungo du.
Bihar
12:00. Eden konpainia euskaldunaren Arriera ikuskizun mutua; musikarekin, objektuekin eta maskarekin, Karrikan proiektuak zuzenduta. 45 minutu iraungo du.
13:00. Zapatos nuevos filmaren proiekzioa. Mende aldaketan izan diren pailazoen inguruko dokumentala. 90 minutu iraungo du.
13:30. Euskal Herriko Gabe konpainiaren Oihulari klown ikuskizuna. Etxerik gabeko bi pailazok pobrezia salatuko dute umorearen bitartez. 60 minutu iraungo du.
19:00. Entre Sueños Cabaret konpainiaren Cia. Bambolea ikuskizuna. Madrilgo bost artistaren eskutik, akrobaziak, malabarrak eta zirkuetako beste hainbat ikuskizun. 50 minutu iraungo du.
20:30. De todas las bellas, las mas bellotas ikuskizuna Herrialde Katalanetatik iritsiko da. Hiru emakumeren bitartez, bizitzaren eta heriotzaren gaiak landuko dituzte, musikaz eta umorez. 60 minutu.
Etzi
12:00. Kanaria uharteetako The Pestoff konpainia, Clownbaret izeneko ikuskizunarekin. Bi pailazoren antzerkia; pailazoen atzean nor dauden erakutsiko dute. Hego Euskal Herrian lehen estreinaldia izango da. 60 minutu iraungo du.
13:00. Foot Ball Show ikuskizuna, Argentinako Mencho Sosa artistaren eskutik. Futbol jokalari ohi batek malabarrak egingo ditu baloiekin. Ikusleekin harremana izango du artistak. 50 minutu iraungo du.
18:30. Yes, We Art ikuskizuna, euskara hutsean, Gag Street Boys bikotearen eskutik. Ikuskizuna eskaintzeko, beldurra gainditu eta ikusleen laguntza beharko dute bi kideek. 55 minutu iraungo du.