Aitziber Laskibar Lizarribar
Ahaztuen Oroimena. Markinaldeko Frentea 1936 taldeak urtarriletik zituen susmoak baieztatu egin dira. Etxebarriko Zelaietaburuko lubakia lehengoratzen hasi, eta, sastrakak hartutako gunea garbitzeko lanetan ari zirela, gorpuzkiak aurkitu zituzten lubakian bertan urte hasieran. Baita balak eta bala zorroak ere, besteak beste. Hainbat gudari han lurperatuta zeudela esana zieten auzokideek; hiru behintzat bazirela. Larunbatean Aranzadi elkarteak baieztatu zuen Zelaietaburuko lubakian agertutako hezurrak gudari batenak direla.
Leku estrategikoan zegoen eraikia lubakia; Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan, gainaldean, Urkaregi mendi inguruan. Garrantzitsua zen gunearen kontrola, bai frankistentzat bai frankismoaren sarrera saihestu nahi zuten gudarientzat. Borroka gogorra izan zen han, 1937ko apirilaren 19tik aurrerako astean, batez ere. “Lubakian bertan hilko zuten, ziur aski, gudaria”, azaldu zuen Francisco Etxeberria Aranzadiko antropologoak igandean, gudariaren gorpuzkiak lurretik ateratakoan. “Borroka latzek ezinezko egingo zuten gorpua handik ateratzea, eta horregatik lurperatuko zuten, seguruena, lubakian bertan”.
Hiru gudari atxilotuta
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, 1937ko apiril hartan hiru euskal soldadu Urkaregi menditik gertu atxilotu eta hil zituztela diote auzokideek, eta oso litekeena da horietako batena izatea orain aurkitutako gorpuzkia.
Hezurrak egoera txarrean daude, eta, beraz, ez da erraza izango noren gorpua den jakitea. Baina Aranzadi saiatuko dela ziurtatu du Etxeberriak; DNA probak egingo dituzte.
Igandekoarekin, Aranzadi elkarteak aurten laugarren aldia du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin gorpuzki batzuk hobitik ateratzen dituela. Eta, gaian buru-belarri sartuta dagoela, pentsatzekoa da gehiago etorriko direla.
Hain zuzen, Jaurlaritzak 36ko gerrako gudarien gorpuak aurkitu eta lurpetik ateratzeko duen konpromisoa erakusteko, hobitik ateratzeko saioan izan ziren Josu Erkoreka bozeramailea eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria. “Memoria berregiten eta egia berreskuratzen ari gara”, adierazi zuen Erkorekak Zelaietaburuko lubakiaren ondoan; “egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak berreskuratzearen alde ari gara”.
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkidea ere izan zen saioan. Lurpetik ateratakoak “herri honek duen gatazka politikoaren sorburua” ere badirela esan, eta gudari haiekin bat egin zuen: “Borroka egin zuten askatasuna, demokrazia eta justizia soziala eskuratzeko, eta helburu horiek gureak ere badira”.
Haren ondoan izan zen kartzelatik atera berri den Arnaldo Otegi Sortuko presidentea. Baita urrian ehun urte beteko dituen eta frankisten aurka borrokatu zen Luis Ortiz Alfau ere. Hobira krabelin gorri bana botata egin zieten omen, guztiek, borrokan hildako gudariei.