Gizartea astindu dutenak, kalera

Gizartea astindu dutenak, kalera

Natalia Salazar Orbe

Herritar bakoitzak ehunka kilo zabor sortzen ditu urtero, eta zabor horrek inpaktu handia sortzen: baliabide naturalak suntsitzen ditu, eta ingurunea kutsatzen. Mentalgassi Alemaniako taldeak mahai gainean jarri du hondakinen gai korapilatsua, Waste wastes proiektuarekin. Birziklatzeaz gain, berrabiltzearen eta kontsumoa gutxitzeko beharraren aldeko aldarria eramango dute Getxora. Bakoitzak sortzen duen zaborra ikusaraziko dute, zabor poltsetan aurpegiak jarrita eta kaleetan barreiatuta.

Kalera atera baita aurtengo Getxophoto. Hori du leloa. Orain arteko jaialdirik “kalekoena, digitalena eta parte hartzaileena” abiatu zuten atzo. Hala iragarri du Jokin Aspuru zuzendariak. Hilaren 27ra arte, espazio publiko fisiko zein birtuala aztertuko dute, protestarako, elkartzeko, jolaserako eta ospakizunetarako duen erabilerari erreparatuta.

Aldarrikapen kutsua hartuko dute kaleek. Ilyes Griyeben Ait Ouallal lanak Marokoko herri txiki bateko emakumeen lan baldintza gogorrak erakutsiko ditu. Eguzkitik babesteko jantzi tradizionalak eta modernoak uztartzen dituzten emakumeen aurpegiak dira serie horren protagonista. Urtero milaka sasoikako langile joaten dira Marokotik Espainiara marrubi-biltzera, NBEk 2020an egindako txosten batean azaldu zuenez, baldintza gizagabeetan. SARS-CoV-2 birusak eragindako konfinamenduak agerian utzi zuen elikaduraren alorrean aritzen diren langileen garrantzia. Sasoikako langileei dagokienez, artistak gogora ekarri nahi izan du kutsatzeko arriskuaz gain, mugak itxi izana ere sufritu zutela, eta ezin izan zirela itzuli Marokora. Griyebek erretratatutako emakumeen aurpegi lasaiek etorkinen lan-indarra aldarrikatzen dute.

Randa Maroufi

Bestalde, Randa Maroufiren Les Intruses lanak gizonezkoek espazio publikoaren okupazioan duten nagusitasunari buruz gogoeta eginaraziko du. Gizartearen arauen mende finkatuta dauden gizonen eta emakumeen rolei buelta eman die artistak, espazio publikoan nagusi diren genero desorekak ikusarazteko asmoz. Irudiak tabernetan, metro geltokietan zein egunerokoan oharkabean pasatu daitezkeen eremuetan eginak dira. Espazio partekatuak nola erabiltzen diren aztertzea proposatu du egileak. Begirada geldiarazi eta gertatzen denari buruzko hausnarketa sustatu nahi du. Horretarako, gizonek egin ohi dituzten keinu, jarrera eta jardueratan emakumeak jarri ditu Maroufirek.

Hamahiru urteko ibilbidea

Getxophoto jantzi duten eskaintzetako hiru besterik ez dira horiek. Duela hamahiru urte sortu zutenez geroztik, Begihandi kultur elkarteak bere helburuei eutsi die. Beste horrenbeste egingo du hamalaugarren honetan ere: “Herritar gisa eragiten diguten gaurko eta interes orokorreko gaiei buruzko elkarrizketa proposatzea, hiri espazioak kulturaren arloko erabileretarako berreskuratzea eta formatu, euskarri eta erakusketa espazio ez-konbentzionalak programazio zorrotz batekin esploratzearen aldeko apustua egitea”. Hitz gutxitan laburbildu dute xedea: pentsaera kritikoa sustatu nahi duen plataforma transmedia izan nahi du jaialdiak.

Asmo horiek gauzatzeko, hogei erakusketa antolatu dituzte. Gaur egungo arazoak irudikatuko dituzte denek; hain zuzen, herritarrak kalera ateratzera bultzatzen dituzten arazoak. Mundu osoko artistek egindako interpretazioak plazaratuko dituzte. Alemaniako Mentalgassi taldea duela hamar urte ere Getxon izan zen. Felipe Romero Beltran artista kolonbiarrak, berriz, Reduccion lana aurkeztuko du: Espainiako Poliziak immigranteen aurka erabilitako indarkeria erakusten duten argazkiak sortu ditu.

SILVIA ROSI

Charlotte Schmitz artista alemaniarrak Ekuador hegoaldeko prostituzio etxerik handieneko sexu langileen irudiz jantzi ditu kaleak. Emakumeek eurek erabaki zuten zer-nola azaldu kameraren aurrean, eta argazkiak euren azazkaletako esmalteekin moldatu zituzten gero. Erakusketa horiek guztiak artistekin batera ikusteko aukera eskainiko dute bihar goizean.

Denetariko ikus-entzuleentzako egitaraua osatu dute: proiekzioak, umeentzako tailerrak, laborategiak, hitzaldiak eta egunez zein gauez herrian zehar edota hondartzan egiteko ibilbideak. Aurtengoa jaialdi hibridoago bezala aurkeztu dute: argazkiez gain, bideoak, instalazioa, zinema, errealitate birtuala edota arte digitala izango ditu.

Jon Uriarte da Getxophotoko zuzendari artistiko berria. Hondarribiarra da, eta Londresko The Photographers’ Galleryko zuzendari artistikoa. Jaso dituen hogei proiektuek, besteak beste, klima larrialdia, arrazakeria eta patriarkatua lantzen dituzte: “Gizakien arteko desberdintasunei aurre egiteko borrokarik zaharrenak eta kezkagarrienak”; halaxe aurkeztu dituzte.

Thaddé Comar