Bizkaia, museoetan

Bizkaia, museoetan

Ibai Maruri Bilbao

Ezohiko uda ari da izaten aurtengoa. COVID-19aren pandemia dela eta, asko dira oporrak asko urrundu gabe pasatzea erabaki duten bizkaitarrak. Atzerrian bezala, etxean ere egin daiteke kulturari lotutako turismoa. Bilbon eta Bizkaiko herrietan, osotara, 44 museo daude. Erakusketak, tailerrak, bisitak, txangoak… Eskaintza zabalagoa prestatu dute, 2020ko Uda Bizkaiko Museoetan programaren barruan. Osasunari lotutako segurtasun neurri guztiak hartu dituzte, eta bisitariak maskara eroan beharko du. Hona museotako batzuen eskaintza.

TXAKOLINGUNEA
Auzo-ikastolak eta txakolina, Bakion

Bizkaiko auzo-ikastolak erakusketa udan luzatzea erabaki du Bakioko Txakolinguneak. 1919tik 1937ra bitartean Bizkaiko Foru Aldundiak hiriguneetatik urrun zeuden landa eta industria guneetan bultzatutako 125 auzo ikastolen sorreraren mendeurrena ospatzeko erakusketa da. Horrez gain, Txakolinguneko erakusketa iraunkorra ikusgai dago, eta asteotan aukera dago Uribeko txakolinguneetara bisitan joateko.

LA ENCARTADA
Balmasedako txapelak

Boinas La Encartada txapel fabrika izandakoaren museoak udan bisita gidatu bat eskainiko du ordu erdiro, garai bateko lantokiaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko. Sarbidea errazteko, laencartada@bizkaia. eus helbidera idatzi behar da, edo 94-680 07 70 zenbakira deitu.

‘AGURTZA’ ATUNONTZIA
Santurtzin aspaldi desagertutako ofizioa

Ontzi museoa eta arrantzaren interpretazio zentroa da Santurtziko portuan dagoen Agurtza atunontzia. Bisita gidatuetan, hegaluzea nola harrapatzen zen eta arraina nola mantentzen zen ikusi ahal izango da; baita arrantzaleen eguneroko bizitza ezagutu, txo edo itsasmutilek (ontzietan lan egiten zuten umeek) zein lan egiten zituzten ikasi eta makinisten behar gogorraren berri izan ere. Gainera, zubia bisitatu ahal izango da: handik gidatzen zuen patroiak ontzia.

EL POBAL BURDINOLA
Burdingileak, Muskizen

El Pobal burdinolak bere irudia berritu du Burdinoletan zehar erakusketari esker. Gaur egunera heldu diren burdinolen ikuspegi gaurkotu eta orokorra eskaintzen du. Santi Yanizek drone bidez atera dituen argazkiek, Yanizek berak eta Anton Lazkanok egin duten Burdinura ikus-entzunezko poetikoak eta Javier Gandarillasen marrazkiek ohiko burdingintzari balioa emateko asmoa dute. Era berean, bertatik bertara dago Muñatones gaztelua: zapatuetan eta domeketan bisita gidatuak egiteko aukera egoten da.

BAKEAREN MUSEOA
Gernika-Lumo: gerraren arrastoetatik, bakera bidean

Museoan dagoen erakusketaz gain, Bakearen Museoak herrian zehar egiteko ibilbideak eskaintzen ditu: MemoriTour Gernika du izena programak. Lau dira: Babesleku Antiaereoak, Berreraikuntza, Monumentuak eta Memoria, eta Picasso eta Gernika. Aurrez eman behar da izena.

BIZKAIKO ZUBIA
Portugalete eta Getxo artean, eskegita

Berez da erakargarria Bizkaiko Zubia. Baina badu bestelako eskaintzarik: eskalada eta rappela egiteko aukera dago. Ordubeteko saioak dira, begiraleek lagunduta; gehienez bosteko taldeak osatu daitezke, eta 60 euro ordaindu behar da pertsonako. Beste aukera bat gominga praktikatzea da; hau da, ehun euroren truke, zubitik eskegitzea. 660-770067 telefono zenbakian eman behar da izena.

ARTE ETA HISTORIA MUSEOA
Durangon, argazkitik grabaturako jauzia

Abuztuaren 30era arte, Fernando Mardonesen Desbideratzeak erakusketa dago ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan. Argazkiak grabatu bihurtu ditu, metalean, egurrean eta paperean. Irudiek izan ditzaketen desbideratzeak erakustea da asmoa, ikus daitekeena zalantzan jartzeko.

RIALIA INDUSTRIA MUSEOA
Barakaldo, burdinaren eraldaketen lekuko

Abuztuaren 23ra arte Angel Ajaren Industriaren kolorea erakusketa dago ikusgai Barakaldoko Rialia Industriaren Museoan. 35 olio mihiseren bitartez, burdinaren ibilbidea islatu du: hasiera Zugaztietako meategietan du; segida, Galindo ibaiaren ertzetan; eta amaiera, Portugaleteko, Sestaoko eta Barakaldoko fabriketan.

HONTZA MUSEOA
Mañariako leize hartza

Irailera arte Askondoko haitzuloan aurkitutako leize hartzen aztarnak daude ikusgai Mañariako Hontza Natur Zientzien Museoan. Horrez gainera, erakusketa iraunkorra ere bisitatu daiteke: 43.000 aletik gora dituzte. Aurrez ordua hartu behar da.