“Kezka dugu normaltasun berri horrek 2021eko jaiei nola eragingo dien”

“Kezka dugu normaltasun berri horrek 2021eko jaiei nola eragingo dien”

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Konpartsen egutegian gorriz markatuta zegoen biharko eguna: 2020ko Konpartsakide Eguna ikus zitekeen. “Ez dugu jairik egingo, baina kalera aterako gara”, ohartarazi du Iñigo Fernnadez de Martikorenak (Bilbo, 1972). Bilboko jai batzorde mistoko kidea da, Bilboko Konpartsen ordezkari. Goizean prentsaurrekoa egingo dute. Gero, sare sozialetarako bideo bat grabatuko dute. Eta 18:00etan jai herrikoien aldeko manifestazio kalejira egingo dute, Arriagatik abiatuta, Jaiak bultzatzen lelopean. “Herritarrei etortzeko deia egin nahi diegu”.

Bilboko Udalak maiatzean iragarri zuen aurten Bilbon ez dela jairik egongo. Egongo da Aste Nagusirik? Zer asmo duzue?

Guk ez dugu ikusten Aste Nagusia egiterik, ez dagoelako jende multzorik batzerik. Gure ustez, Aste Nagusiaren filosofiaren barruan parte hartzea da oinarrietako bat. Horrekin gaitza da Aste Nagusi bat egitea, eta uste dugu egingo dugunari Aste Nagusia deitzea kea saltzea izango litzatekeela. Egingo duguna ez da Aste Nagusi bat izango.

Hala ere, zuek baduzue zerbait ospatzeko asmoa.

Ez da ospatzea. Badakigu jende askok oso txarto pasatu duela eta pasatzen dabilela. Lehenengo, pandemiarekin: hemen hildakoak egon dira hainbat etxetan, eta jendeak senideak, lagunak edo ezagunak galdu ditu. Era berean, jendea langabezian geratu da; itxi behar izan du denda; ez daki zer gertatuko den bere diru sarrerekin; ez daki mailegua zelan bueltatuko duen… Ez da ospatze kontu bat. Baina uste dugu guk egoera horretan gure funtzioa bete behar dugula: hau da, jaia eskaintzea eta herritarrei poztasuna ematea. Eta orain inoiz baino gehiago behar da alaitasuna, egoera gogor hau momentu batez bada ere ahaztea.

Zer duzue buruan Aste Nagusia egin beharreko egunetarako? Abuztuaren 22rako zegoen aurreikusita Marijaia etortzea.

Oraindik ez dugu ziurtasunik. Baimenak negoziatzen ari gara. Dena lotuta daukagunean azalduko dugu zer egingo dugun. Guk oso erraza dugu antolatzea. Urtero 500 ekitalditik gora egiten ditugu, eta horiek antolatzen iazko urrian hasi ginen. Martxoan hasi ginen horiek berrikusten eta, unean uneko osasun neurriak kontuan hartuta. Aukeraketa egiten ari gara, eta sortu diren aukera berriak txertatu ditugu. Egitarau xumea izango da.

Elkarlana eskatu diozue Bilboko Udalari. Baduzue itxaropenik?

Pandemia hasi eta hilabete eta erdira batu zen jai batzorde mistoa, guk eskatuta, egoeraren azterketa egiteko. Gure harrigarri, jai batzorde mistoan horrelakorik adostu gabe, alkateak esan zuen bertan behera geratuko zela Aste Nagusia. Guk ez dugu erabakia eztabaidatzen, hura hartzeko modua baizik. Udalak erabaki behar du zer-nolako jaiak nahi dituen. 1980ko eredua dago: udalak konpartsarik eta herritarrik gabe azpikontratekin jaiak izeneko zerbait antolatu zuen. Eta 1983ko eredua dago: Aste Nagusiko uholdeen ondoren konpartsak garbitze lanetan buru-belarri ibili ginenekoa; elkarlanaren eredua. Baimenak lortzeko eta kudeatzeko denbora asko behar da. Ez dugu hainbeste denbora. Horregatik esaten dugu egun edo aste gutxiren kontua izan behar dela udalaren jarrera aldaketa.

Eredua arriskuan dago?

Ez dugu bakarrik aurtengo Aste Nagusia aldarrikatu nahi. Elkarlana eta elkarren zaintza dira aurtengo abiapuntua, eta pandemiak uzten digun neurrian ahal dena egin nahi dugu. Baina kezka dugu normaltasun berria deritzoten horrek zelan eragingo dien 2021eko jaiei. Bi aukera daude: parte hartzearen alde egin, edo murrizketen alde. Herritarren elkartasun taldeen aldeko apustua egin daiteke —konfinamenduan oso garrantzitsuak izan dira— eta horretan parte hartu konpartsok. Edo orain arte sarri egin den bezala, murrizketak egin daitezke zerbitzu publikoetan, euskaran, kulturan, jaietan… Bigarrenaren alde egingo duten beldur gara.