Ibai Maruri Bilbao
Udalek euren herrietako suteak itzaltzeko beharrezko baliabide ekonomikorik ez zutela eta, Bizkaiko Diputazioak bere gain hartu zuen herrialde historiko osoan zerbitzua emateko eskumena. Bilbo zen horretarako gaitasuna zuen bakarra: 1856tik zituen udal suhiltzaileak. Hala, 1970ean sortu zen Bizkaiko Diputazioaren suhiltzaile taldea: gaur egungo Bizkaiko Foru Suhiltzaileak. Lehen irteera ofiziala Trapagarango parkeko suhiltzaileek egin zuten; Santurtzin gertatutako ezbeharren batera joan ziren. Haren berri jaso zuen agiriak ez zuen azaltzen zer gertatu zen; ezta zehazki zer egunetan izan zen ere: urte hartako urriaren 30etik azaroaren 5era artean izan zen. Beste parke bik ere ireki zituzten ateak duela 50 urte: Gernika-Lumokoak eta Durangokoak. 50 suhiltzailek, sarjentu bik eta zerbitzuburu batek osatu zuten lehen lantaldea. Mende erdia ospatu berri dute, Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Harreman Instituzionaletarako diputatua buru izan diren ekitaldi xume batean; irailetik aurrera herriz herri ibiliko dira, euren beharra herritarrei erakusteko asmotan.
Lehengo suhiltzaile haien lan baldintzak “oso gogorrak” izan zirela uste du Javier Elorzak. Bizkaiko Foru Suhiltzaileen inspektoreordea da. 1983ko oposizioetan lortu zuen suhiltzaile sartzea. 58 urte ditu, eta gutxi falta du erretiroa hartzeko. “Lehen suhiltzaile haien lana ez zegoen behar bezala ordainduta, eta langileen aukeraketa ere ez zen ondo egiten. Gu sartu ginenean, asko aldatu zen egoera: suhiltzaile berri gehienok unibertsitate ikasketak genituen. Ingeniaritza ikasi nuen nik, adibidez. Azken hogei urteetako suhiltzaileen gaitasunek ez dute zer ikusirik lehengokoenekin”.
Baina ez dira aldaketa bakarrak. Baliabide aldetik aldea izugarria dela esan du. “Lehen, kamioi zahar batzuekin ibiltzen ziren. Gu sartu ginenean iritsi ziren arnasteko lehen ekipo autonomoak; aurretik ere bazeuden zeozelako batzuk, baina ez zituzten erabiltzen, ez zekitelako edo ez zirelako fidatzen. Orain pentsaezina da sute batera ondo babestu gabe joatea”. Beste mugarri bat: 1990eko hamarkadan agertu zen kamera termikoa “iraultza” iruditzen zaio. Ibilgailuen, tresnen eta uniformeen segurtasuna ere izugarri hobetu dela nabarmendu du.
Arriskuak gutxitzeko beste modu bat, formakuntza da. “Orain etengabekoa da”. Ispasterren foru aldundiak duen parkean egiten dituzte praktikak, eta suhiltzaile guztiek handik igaro behar izaten dute urtean behin ikastaroak egitera. Elorzaren esanetan, suhiltzaileen zeregin nagusietakoa prestakuntzan sakontzea da. “Gure beharra da gerta daitekeenerako prest egotea. Gertatzen ez bada, ondo; baina, gertatzen bada, guk prest egon behar dugu”. Bizkaiko suhiltzaile parke guztietan prestakuntzan oinarritutako ordutegia izaten dute. Estibaliz Elgezuak kontatu du. 46 urte ditu, eta 2015ean sartu zen Bizkaiko Foru Suhiltzaileetara, oposizioetan sarjentu postua lortuta. Iurretako parkean egiten du lan. “07:50ean sartzen gara parkera. Uniformea jantzi, eta eguna hasten dugu. Suhiltzaileen lana eta nirea ezberdinak dira”. Suhiltzaileek aurreko txandako gorabeheren berri jasotzen dute, eta makineria martxan jartzen dute. Bien bitartean, berak guardia antolatzen du. “Aldi berean sarjentu bi egoten gara Bizkaian. Bata parkeen erdiez arduratzen da, eta bestea, beste erdiez. Nik Iurreta, Markina-Xemein, Gernika-Lumo eta Basauri ditut nire kargura”. Parke horietara deitzen du, haien egoera ezagutzeko. Ezustekorik badago, guardiaburuari jakinarazten diote. Behin dena martxan, 11:00etan maniobra bat egiten du parke osoak. Beste bat izaten dute arratsaldean. Afaldu aurretik, kirola egiteko tartea izaten dute: “Ezinbestekoa da sasoi fisikoa mantentzea”.
Baina ordutegi hori edozein momentutan eten dezakete, larrialdi batera joateko sirenak jo duelako. Edozer gerta daiteke: “Goizetan gehiago izaten dira auto istripuak. Eguerdian, sukaldeetako suteak. Eguraldi ona dagoenean, mendiko erreskateek edo galdutakoen bilaketek gora egiten dute. Urte sasoi honetan, asiar liztorren habia asko kentzen ditugu, orain da-eta garaia. Baso sute handienak udazkenean gertatzen dira gurean, baina edozein egunetan egon daitezke sute bat; orain ere bai, euri gutxi egin duelako”.
Sarjentu den heinean, parkearen antolakuntzaz arduratzen da Elgezua. Eta, irteeretan, bera da operazioburua. Horregatik, baso suteak izaten dira harentzat irteerarik gogorrenak: “Ni ez nago arriskuan, baina nire taldea bai. Ekintza guztietan haien segurtasuna bermatu behar dut, eta baso suteetan zailagoa da: eremu handiak izaten dira, malkartsuak, eta sarri ez ditut suhiltzaile guztiak ikusten. Gainontzeko suteetan errazago kontrolatzen dut nireen segurtasuna. Horrek kezkatzen nau ni gehien”.
Zuzenbide ikasketak ditu Elgezuak, eta justizia administrazioan hiru plaza ditu, oposizio bidez lortuta. Bere neba suhiltzailea da, eta haren lanak erakarrita animatu zen bera ere. Baina ez da sekula suhiltzaile arrunt izan: zuzenean sarjentu lanetara sartu zen. Esan du horrek ez diola lankideekin arazorik sortu. “Bakar batzuek esan izan didate sarjentu izan aurretik suhiltzaile izan behar nuela; barne promozio bidez lortu beharko litzatekeela postua. Ados. Haien iritzia da. Baina inork ez du jarri nire agintea zalantzan. Suhiltzaileena oso egitura hierarkikoa da, eta aginduak beti betetzen dira”. Andre izateagatik ere ez du arazorik izan. Iritsi zenean, bazegoen emakume suhiltzaile bat Iurretan, baina aginte postu batera sartu den lehena izan da foru suhiltzaileetan: Elgezuak eta beste andre batek lortu zuten sarjentu lana, 2015ean. Orain ia parke guztietan daude emakumeak, beheko zein goiko mailetan.
Suteak eta uholdeak
50 urteotan Bizkaian izan diren ezbehar handi guztietan egon dira suhiltzaileak. Oposizioa 1983an gainditu zuen arren, Elorzak lanean hasi aurretik ezagutu zituen urte hartako abuztuko uholdeak. “Banekien suhiltzaile izango nintzela, daborduko postua lortua nuelako. Eta horrek ematen zidan erantzukizunagatik boluntario ibili nintzen Bilbon, nire hirian, udalak emandako botekin eta palekin, lokatza garbitzen”. Orain ere izaten dira uholdeak, baina esan du aurreikuspen gehiago dagoela: bizpahiru egun lehenago jakiten dute gerta daitezkeela.
1989ko baso suteak Elorza parkeburu izendatu eta hilabetera izan ziren. “Oso gogorra izan zen. Hamar egun jarraian ibili ginen beharrean. Suhiltzaile talde osoa zebilen lanean. Etxera joan, apur bat lo egin, eta buelta sutera”. Gogoan du bolada luzea izan zela. Aurreko urteetan eta ondokoetan ere, baso sute piloa izan zituzten. “Ia ez zegoen halako batean edo bitan lan egin ez genuen hilabeterik. Urteak pasatu ditut guardian sartzerakoan ‘ea ez dugun baso suterik’ esaten neure buruari. Azken hamar urteetan, pasatu egin zait sentsazio hori; orain askoz gutxiago izaten ditugu, eta lehen baino txikiagoak izaten dira. Diputazioak, basozainek eta baso jabeek prebentzio lan handia egiten dute”.
Azken hamarkadetako Bizkaiko sute urbano handiena ere ez du ahazteko: 2013ko apirilaren 11n izan zen, Bermeoko alde zaharrean; lau etxebizitza eraikin osorik kiskali ziren, eta beste hainbatek kalteak izan zituzten. “Goizaldean hasi zen, baina ni 09:00etan iritsi nintzen. Oraindik sua oso indartsu zegoen. Gaitza izan zen kontrolpean hartzea”.
Mende erdi honetan arerioa bera ere ondo baino hobeto ezagutzea lortu dute Bizkaiko suhiltzaileek. “Hasieran, ezer gutxi genekien suaz: uste zen ahalik eta ur gehien bota behar zitzaiola, azkar. Orain, urik gabe ere kontrolatzen dakigu, aireztapenarekin”.