Natalia Salazar Orbe
Oso garrantzitsua da Bilboko Elorrieta ponpatze estazioa. Espainiako Estatuan egin zen lehenengo saneamendu modernoa izan zen. XIX. mendearen bukaeran izan ziren kolera izurrite handien ondorioz eraiki zuten. 1885ekoak oso larriak izan ziren: Ezkerralde osoko meatzaritza eta industria itxi behar izan zituzten. Garai hartako politikak eta oligarkiak egin zezaketen modu bakarrean erreakzionatu zuten: serio hartu zuten hiriko saneamenduaren arazoa eta kontsumorako uraren kalitatea”.
Joaquin Karkamoren hitzak dira. IOHLEE Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko kidea da. Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari behin eta berriz eskatu ondoren, duela bost urte ponpatze estazioko makina batzuk berreskuratu zituzten. “Udalak geldi dauka orain, baina bisita gidatuak ere egin izan dira”. Elkartearen borrokari esker babestu dira beste hainbat elementu enblematiko ere. Besteak beste, Labe Garaietako labe garai bat edota Bilboko Alondegia bera.
Garrantzitsu deritzo elkarteak bertako industria eta herri lanen ondarea ez ahaztu, zaindu eta zabaltzeari. “Industrializazioren azken 250 urteek —gaur egun oraindik hein batean bizi dugunak— gure eta gure arbasoen historia markatu dute. Mundu hori trantsizio azkarrean dago, eta galtzen ari da, hein handi batean. Teknika kulturaren oinarrizko atala da. Zientzia eta kultura gizatiartutako mundu baten funtsezko atala dira”.
1982an ekin zioten lan horri. Hasieran, Euskadiko zientzia eta teknikaren museoa sortzeko eratu zuten elkartea. Proiektua gauzatzen ez zela eta, elkarteak indarra galdu zuen. Bi urte geroago, baina, aurreko elkartea eratu nahi zutenak industria ondarea zaindu eta ezagutarazi behar zela uste zuten beste batzuekin elkartu ziren. “Modu zabalagoan heldu genion gaiari. Euskadiko industria ondarea kontuan hartuko zuen elkarte gisa eratu genuen”.
1980ko hamarkadaren hasiera hartan, indarra hartu zuen industria ondarea zaintzearen garrantziak. “Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak industria ondareari buruzko lehen jardunaldiak antolatu zituzten Bilbon eta Barakaldon. Estatuan lehenengoz elkartu ziren industria ondarearen adituak”.
Garai hartan zientzia eta teknikaren hiru museo egiteko proiektuak zeudela ekarri du gogora Karkamok: bata Madrilen, beste bat Herrialde Katalanetan eta bestea Euskal Herrian. “Madrilgoak indarra galdu du. Kataluniakoa Terrassan kokatu zuten, eta martxan jarraitzen du, bete-betean. Euskadikoa martxan jarri zuten. Lutxanan (Barakaldo) industria pabiloi batzuk lortu zituen. 1990eko hamarkadan museoa irekitzekoak zirela, ordea, Guggenheim iritsi zen, eta inbertsio guztia geldiarazi zuten. Gaur arte. Zenbait urtean museoak zuzendaria eta langileak ere izan zituen. Museoak urteetan eskuratutako guztia Lutxanan bildu zen, Barakaldoko Udalak Eusko Jaurlaritza handik bota zuen arte”.
Orduan, Jaurlaritzak industria eraikin bat alokatu zuen Bilbon, Zorrotzaurren: Konsoni lantegia. 2013an ireki zuten, Kulturaren Lan Industrialaren Ondare Zentro moduan. “Bertan dago bilduta material guztia. Orain, Lutxanako jatorrizko pabiloietara itzuliko da berriro. Izan ere, Bilboko Udalak beste zerbaitetarako erabili nahi du Zorrotzaurreko eraikina. Ez du nahi izan museoa han egoterik”.
Ia berrogei urteren ondoren, museoa eratzeko helburuari eusten dio elkarteak. Ez dute etsi. Hala ere, beste lan batzuk ere hartu dituzte. Industriari eta herri lanei lotutako elementu guztiak babestu nahi dituzte: makinak, produktuak, agiriak, argazkiak… Eraikinak ere bai, noski. Eta denetariko elementuak. Horrez gain, ondare immaterialari ere erreparatzen diote: “Lan baldintzak, erakundeen arteko harremanak edota memoria bera. Izan ere, makina batek ezin du ezer ekoitzi langile batek maneiatu ezean. Langile horren ezagutza ezinbestekoa da. Biltegi-museoan gordeta dauzkagun makina batzuk ia ez genuke jakingo zer-nola funtzionarazi, galdu egin delako erabiltzen zuen langilearen ezagutza. Hori guztia ere garrantzitsua da guretzat”.
Hainbat egiteko dituzte martxan: “Euskaldunako dike lehorrean aisialdirako eraikin pribatu erraldoi bat egitea eragotzi nahi dugu. Espazio hori babestuta dago”. Molinos Vascos eta Talleres de Zorroza eraberritzeko eskean ere ari dira buru-belarri.