Ibai Maruri Bilbao
Hasi da klima aldaketa igartzen, eta toki batzuetan hasi dira neurriak hartzen ere. “Bermeon, adibidez, igo egin dute olatu horma. Itsas maila igo egingo da, eta estuarioetan eragin handia izango du. Itsasoaren maila igotzean, estuarioan ur gaziaren eta gezaren arteko oreka aldatuko da. Bizkaian, itsasadarretan igarriko da: Bilbokoan, Plentziakoan eta Urdaibaikoan”, azaldu du Maite Alonso Altonaga biologo eta ingeniari bermeotarrak. Klima aldaketaren aurka Urdaibaiko biosfera erreserbak eskaini ditzakeen konponbideen inguruko ikastaroa egiten ari dira atzo eta gaur, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Bermeo Tuna World Capitalek eta Urdaibaiko Patronatuak sustatuta; Alonso Altonaga da zuzendarietako bat. “Bizkaian, naturgune babestuak ditugu, alde batetik, eta gizartea, bestetik. Urdaibain dena batera dugu. Horregatik, esperimentazio gune bat da, eta proiektu berritzaileak sortzeko erabili beharko litzateke”. Nabarmendu du klima aldaketa, neurri handi batean, gizakiak eragin duela. “Horregatik, gizakia eta ingurunea batera dauden eremuetan landu daiteke ondoen eta errazen”.
Urdaibain eta inguruetan izango dituen ondorioak aztertu zituzten atzoko saioan. Baita itsasoan eragin dituen aldaketak ere. Adibidez, kostaldean eragingo dituen kalteez egin du berba Manuel Gonzalez Aztiko ingeniari zibilak. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe ingurumen agentziarekin batera, Kostegoki programa ipini dute martxan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean klima aldaketak izango duen eragina aztertu, eta prebenitzeko zer neurri hartu erabakitzeko. Argi esan du: “Katastrofistegia da herriguneak urpean geratuko direla aurreikustea. Ez da erreala. Beraz, arriskua beste bat da: itsas ekaitzak, itsaso zakarra eta marea biziak”. Gaur egun, horrelako muturreko fenomenoak gertatzen direnean, kalteak eragiten dituzte. Mende bukaeran, 40-60 zentimetro gorago gertatuko dira: hau da, muturreko fenomenoak daudenean bai, orduan sartuko da ura portuetan eta kostaldeko herrietan barrurago.
“Azken mendean itsas mailaren igoeraren abiadura, gutxi gorabehera, urteko 1,9 milimetrokoa izan da; aurreko mendeetan baino askoz handiagoa”, ohartarazi du Ane Garzia-Artolak. EHUko irakaslea eta Geologian doktorea da. Estuarioetan izango diren aldaketen inguruan egin zuen berba atzoko saioan. “Itsas maila estuario guztietan igotzen ari da dagoeneko. Kontua da, estuarioa urbanizatuta baldin badago, kaltea askoz ere handiagoa izango dela. Hartu ahal izango diren neurriak ezberdinak izango dira, estuarioaren urbanizazio mailaren arabera. Adibidez, Urdaibai oso gutxi dago urbanizatuta, eta hesi naturalak erabili ditzakegu itsas mailaren igoerari aurre egiteko. Baina Bilboko itsasadarrean hesi artifizial bat ipiniko duzu derrigorrean: ez dago hesi naturalak sortzeko lekurik; ez dago ingurune naturalik”. Itsas padurak eta hezeguneak lirateke Garzia-Artolak aipatu dituen hesi natural horiek.
Bizkaiko gainerako estuarioekin alderatuta, Urdaibairen indargunea zera da, besteak baino gutxiago dagoela urbanizatuta. “Kasu honetan, itsas padurak hor daude, eta hesi naturalak dira: olatuen energia arintzen dute, eta itsas mailarentzat oztopoak dira. Gure estuarioetan sedimentu asko dago; metatu egiten dira, eta itsas padurak goraka hazten dira, itsas mailarekin bat egin arte. Horregatik esaten dugu oztopo naturalak direla”. Sedimentuak bi aldetatik datozela azaldu du. Batetik, itsasotik: euskal kostaldea oso energetikoa da, eta itsaslabarrak higatzen ditu; hondartzen higadura ere areagotzen ari da klima aldaketaren ondorioz. Bestetik, ibaietatik: sedimentuak ekartzen dituzte. “Uste da etorkizunean muturreko prezipitazioak ugarituko direla, eta gero eta sedimentu gehiago ekarriko dutela ibaiek ibilguan behera. Gure aurreikuspenen arabera, estuarioetan itsas padurak hazteko eta hesi natural modura jokatzeko behar beste sedimentu egongo da”.
Hala ere, Urdaibaiko padurak ez daude lehengo egoeran. Azken hamarkadetan horietako asko lehortu egin dituzte; adibidez, nekazaritzarako. Garzia-Artolak eta bera kide den ikerketa taldeak ikusi dute egoerari buelta ematea ez dela zaila izango. “Denbora laburrean birsortu daitezke. Beraz, gure proposamena zera da, beste erabilera baterako okupatuta dauden padura horiek leheneratzen hastea”. Izan ere, ondoan padura duten herriek ez lukete hainbeste arazo izango itsas mailaren igoerarekin, hark egingo lukeelako hesi natural lana. Ostera, Mundakako eta Bermeoko portuak itsasertzean daude, eta, halakoetan, bestelako neurri batzuk hartu beharko dituzte; Bilboko itsasadarrean, Plentziakoan, Zierbenan, Armintzan, Lekeition eta Ondarroan hartu beharko direnen parekoak.
Dena den, itsas mailaren igoerak bestelako kalteak ere eragingo ditu. Garzia-Artolaren esanetan, Busturialdean dauden akuiferoak arriskuan egon daitezke. Eta, hein handi batean, horiek dira eskualdea ur edangarriz hornitzen dutenak. “Itsas mailak gora egitean, itsasoko ur gehiago sartzen da estuariora. Ur gazia akuiferoetara sar daiteke. Gazitze horrek eragina izango du inguruko floran eta faunan; haientzako habitat aproposak txikituko dira ur gazia sartzean. Itsasgoraren barne muga ere aldatuko da, eta horrek ibaian gorako ekosistemetan eragingo du, itsasoa gorago iritsiko delako”.
Hainbat proiektu
Biosfera erreserba izatea, beraz, Urdaibaik dituen indarguneetako bat da. “Jasangarritasunera bidean frogak egiteko leku aproposa da. Eta, ondo funtzionatzen badu, gero beste eskualdeetan ere erabili daitezke hemen topatu diren konponbideak”, adierazi du Alonso Artolak. Gaurko saioan batzuk aurkeztuko dituzte. Esaterako, David Zelaiak Janguria ekimenaren berri emango du: Busturialdeko eskoletako jangeletan gertuko ekoizleen produktuak jangelako sukaldean bertan kozinatzea sustatzen duen egitasmoa. Gertuko nekazaritza eta gertuko kontsumoa klima aldaketari aurre egiteko alternatibetako bat dira. Besteak beste, berotzea sortzen duten gas isurketak apaltzeko modua da.
Mari Mar Alonso Martin kimikaria Ihobeko ingurumen agentziako klima aldaketa arloko koordinatzailea da gaur egun. Haren arabera, Euskal Herrian hainbat pauso eman dira klima aldaketa apaltzeko neurrietan. Baina oraindik pauso gutxi eman dira haren ondorioetara egokitzeko. Horietako bat aurkeztuko du gaur, ikastaroetan: Urbanklima 2050. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, beste udalerri batzuek, Urdaibai Biosfera Erreserbak eta klima aldaketan lan egiten duten euskal ikerketa zentroek bultzatutako programa da. Guztira, 23 kide dira; sei urteko iraupena izango du, eta 20 milioi euroren aurrekontua du —%60 Europako Batasunak finantzatuta—. Eusko Jaurlaritzak 2015ean onartutako klima aldaketaren aurkako estrategia praktikara eroatea da helburua. Iaztik 2025era bitartean, klima aldaketari aurre egiteko eta haren ondorioei egokitzeko hainbat neurri aztertu eta probatuko dira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan: kostaldean, hiriguneetan eta estuarioetan. Besteak beste, Urdaibain. Programan biosfera erreserba bat ere badagoelako hautatu zuen Europako Batasunak diruz laguntzeko, Alonso Martinen ustez.
Busturialdean luze gabe egingo diren egitasmoen artean bi aipatu ditu. Mugikortasun jasangarriari lotuta, Lagako hondartzara joateko oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat sortuko da, gainontzeko garraiobideekin lotuta egongo dena. Bermeon, Tonpoi ingurua lehengoratzeko proiektua abiatu dute. Hango lurren jabeekin berba egiten hasi dira, eta ortu ekologikoak sortzea da asmoa. Epe ertainera, programaren bukaera aldera, ingurua egokitzeko beste proiektu batzuk ere egingo direla iragarri du. Berbarako, itsasoari kendutakoa itzultzeko asmoa dute; besteak beste, dunak lehengoratzeko proiektua dute esku artean Lagan. “Kendutakoa itzultzen ez badiogu, berak hartuko du. Jokabiderik adimentsuena guk itzultzea da, berak indarrez hartu aurretik”. Lurraldearen erresilientzia handitzea da helburua; horretarako, hainbat jarduera egingo dira Oka errekaren arroan: estuarioan, hondartzetan eta itsaslabarretan.
Portuak ere kalteberak direla gogoratu du Alonso Martinek. 2014ko neguan itsas denboraleek kalte izugarriak eragin zituzten Bizkaiko kostaldean. Urbanklimaren barruan hainbat egokitze lan egingo dira. Zarautzen (Gipuzkoa) itsasoaren oldarraldiak ikertzeko programa bat du Aztik. Emaitzak gainontzeko portuetan ere erabiliko dira. Horixe da Urdaibain probatuko diren egitasmoen helburuetako bat ere: “Europako edozein eskualdetan baliagarria izatea nahi dugu”.