“Munduan egiturazko desberdintasunak gero eta handiagoak dira”

“Munduan egiturazko desberdintasunak gero eta handiagoak dira”

Natalia Salazar Orbe

25 urte bete ditu EAEko Munduko Medikuak elkarteak. Droga kontsumorako jagondako gela kudeatu zuten urte batzuetan, eta immigrazioa eta gizarte mobilizazioa landu dituzte orain arte. Hala azaldu du Iratxe Perez Urdiales boluntarioak (Bilbo, 1983). Ospakizunak urrian egingo dituzte.

Zer beharrek bultzatu zuten EAEko Munduko Medikuak sortzea?

Egiturazko desberdintasunak zeudela sumatu zutelako zabaldu zuten. Gaur egun ere egiturazko desberdintasunok jarraitzen dute, baina eboluzioa nabari da. Hala ere, hasieran planteatu ziren jarduera eta esku hartze asko gaur egun ere egiten ditugu, forma asko aldatu bada ere. Esaterako, migratzaileen populazioarekin egiten dugu lan, eta migrazio korronteak asko aldatu dira. Egun, emakume gehiago heltzen dira. Beraz, emakumeekin lan gehiago egiten da. Cassin [migratzaileentzako osasun eta gizarte egoitza] deitutako osasun kontsultategi bat daukagu. Duela 25 urte hasi zen martxan, eta gaur egun ere jarraitzen du. Gaur egungo esku hartzeekin, intzidentzia politikoari garrantzi handia ematen diogu. Hasieran ere ematen zitzaion, baina zailagoa zen.

Esan duzue gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dela zuen lana. Zergatik?

Batez ere, lan egiten dugun populazioagatik. Migratzaileekin lan handia egiten dugu hainbat alorretan. Horietako askotan ez da egon eboluzio handirik. Esaterako, Cassin kontsultategia duela 25 urte ireki genuen, eta oraindik beharrezkoa izatea ez da zilegi, baina hala da. Urteak pasatu diren arren, eskubideen urraketak oraindik ere badira, eta munduan egiturazko desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Hori ikusita, uste dugu gure lana oso beharrezkoa dela.

Zer egiten duzue Cassin zentroan?

Bi gauza: mediku eta erizaintza kontsultak, eta gizarte langilearen kontsulta migratzaileentzat. Informazioa ematen diegu, osasun eskubideei buruzkoa edota diru sarrerak bermatzeko errentari dagokiona, eta gidatu egiten ditugu Atzerritarren Legearekin arazoak dituztenean. Migratzaileen arazo sozialei irtenbideak ematen dizkiegu. Osasunerako lehen arta eskaintzeaz gain, GIBa detektatzeko proba azkarrak ere egiten ditugu. Migratzaileen osasun arreta osasun sistema publikoan sartzeko intzidentzia politikoa egiten dugu.

Gaur egun oraindik osasun sistema publikotik baztertuta daude pertsona horiek.

Espainiako Estatuan dekretu bat atera zuten 2012an, eta migratzaileak osasun sistemara sartzeko bidea asko mugatu zuten. Euskadik beste dekretu bat atera zuen, ez hain gogorra, baina, hala ere, 2012aren aurretik zegoena baino gogorragoa zen hura ere. Hiru hilabeteko errolda eskatzen zuten lehen, eta urtebetekoa eskatzen hasi ziren orduan. 2018an aldatu zen berriro, eta egun hiru hilabeteko erroldarekin sar daitezke osasun sisteman. Hala ere, askok urteak daramatzate hemen, baina ez dute errolda agiria eskuratzeko modurik, eta osasun sistematik kanpo geratzen dira, larrialdietarako eta haurdunaldietarako ez bada.

Zenbat lagun artatzen dituzue?

Urtero 700.000 kontsulta egin ditugu. 12.000 pertsona baino gehiago artatu ditugu.

Zeintzuk dira gaur egun zuen lan ildo nagusiak?

Gizarte inklusioa da ildo nagusietako bat. Alor horretan hainbat elkarbizitza proiektu ditugu. Esperientziak trukatzeko espazioak dira, eta trebakuntza lortzekoak. Hori migratzaileen taldeetan egiten dugu. Trebakuntza tailerrak dira. Osasunaren prebentzio eta sustapenerako ikastaroak ere ematen ditugu, osasun gela deitzen dugun proiektu baten barruan. Topaketa informalak ere izaten dituzte, esperientziak trukatzeko, hitz egiteko edota mendira joateko. Horrez gain, nazioarteko kooperazio proiektuak ere egiten ditugu: Saharari buruzko erakusketak egin ditugu; Senegalgo LGTBI taldearekin elkarlana izan dugu; sexu eta ugalketa eskubideak landu ditugu Senegalen; Sierra Leonan amen heriotza tasa murrizteko proiektu bat ere badugu… Batez ere, sentsibilizazioari lotuta dago dena.

Emakumeen genitalen mutilazioari buruzko sentsibilizazioa egiten duzue. Zer datu duzue?

Emakundek 2015ean emandako datuen arabera, Euskadin 1.063 neska egon zitezkeen mutilazioa pairatzeko arriskuan. Osasun profesionalekin, publiko orokorrarekin eta, batzuetan, emakume afrikarrekin lantzen dugu. Batez ere, osasun langileekin: tailerrak ematen ditugu, euren kontsultategitik pasatzen diren kasuak identifikatu eta gero epaitu ez ditzaten. Antropologia eta kultura ikuspegitik begiratuta, errespetuz zer-nola landu dezaketen azaltzen diegu.

Emakumeen salerosketarekin lotuta hiru polizia operazio egin dituzte Barakaldon hilabete gutxian. Nola izan daiteke emakumeen eskubideak hala urratzea hain segidan eta inguru berean?

Ez dugu lan egiten erakundeekin alor horretan. Sentsibilizazioa lantzen dugu.

Zuenean identifikatu duzue sare horietako emakumerik?

Identifikatzen duzunean, saiatzen zara emakume horiek ez galtzen, baina askotan galdu egiten dira. Behin etortzen dira, eta hurrengo hitzordu bat jartzen diezu, esaterako, analitika bat egiteko. Askotan, ordea, ez dira bueltatzen. Identifikatu baino gehiago, susmoa izaten dugu; izan ere, identifikazio zehatza egitea oso zaila da.