Natalia Salazar Orbe
Sexu askapenarena “etengabeko borroka bat” dela erakutsi nahi du aurten E28 koordinakundeak. Saretuz borrokak dirau! Perseguides, clandestines, unides [Jazarriak, klandestinoak, batuak] leloa aukeratu dute ekainaren 28ko harrotasun eguna aldarrikatzeko. Azken hiletako larrialdi egoeran osatu diren sostengu sareen garrantziaz jabetuta hartu dute erabakia. “Pertsona askorentzako baliabide bakar bilakatu baitira, erakundeen utzikeriagatik”. Horregatik azpimarratu dute saretzeko beharra: “Bizirauteko, babesa bilatzeko, elkar aurkitzeko eta bakarrik ez gaudela jakiteko”. Hori bakarrik ez. “Isilduak, ezkutatuak edo hilak nahi gaituztenei aurka egin eta haien kontra borrokatzeko” sortutako sareei ere aipamen egin diete, “edo borroka lagun diren beste kolektiboekin sortutakoei”.
Homosexuala edo lesbiana izatea delitua da oraindik munduko 70 herrialdetan. Askotan, kartzela zigorrak ezartzen dituzte. Heriotza zigorra ere ezartzen dute bederatzik. Mundu osoan 25 milioi pertsona ez dira identifikatzen euren sexu biologikoarekin. Testuinguru horretan abiatu zituzten jarduerak atzo, aire libreko zine emanaldiarekin. Indianara dokumentalak erakutsi zuen “Brasilgo totalitarismoaren gorakadaren aurrean trans pertsonak nola antolatzen diren”.
Gaur arratsaldean mahai baten inguruan elkartuko dira E28 koordinakundeko kide diren kolektibo eta norbanakoak. Santutxuko Karmelan egingo duten topaketan euren historia aztertuko dute, eta aurtengo leloaren inguruan arituko dira. Bihar, EHGAMen Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatuko dituzte Bira tabernan. Pozoi Larroxa liburuxkaren ale berria aurkeztu eta hainbat egileren solasaldia ere antolatu dute, Karmelan.
Igandean egingo dute manifestazioa, harrotasunaren egunean, Moyua plazatik atera eta Areatzaraino. Bertan irakurriko dute aurtengo manifestua. Segurtasun neurriak betetzeko eta maskarak eramateko deia egin diete gerturatzen diren guztiei. Uztailean ere jarraituko dute jarduerek. Hori dute berritasunetako bat aurtengo jardunaldiek.
Udalaren kanpaina
Bilboko Udalak #Ulertzendut kanpaina abiatu du berriro. Aniztasuna aldarrikatu eta LGTBIfobiaren edozein adierazpenen aurkako jarrera modu esplizitu eta positiboan agerrarazteko deia egin diete herritarrei. Asteon, udaletxearen aurrealdea ostadarraren banderaren koloreekin argiztatu dute.