“Aitak, idazkari izandako garaian, lan baldintzak hobetzea lortu zuen”

Gerrako umea da Emilio Gomez Parejo ( Zugaztieta, Trapagaran, 1923). 1937. urtean Errusiara eraman zuten. Aita Victor Gomez Barcenilla izan zuen, Meatzari eta Bizkaiko Meatzarien Sindikatuko idazkari izandakoa. Emilio Gomezek, baina, aita hil ostean izan zuen horren guztiaren berri. 2008an, Victor Gomez Barcenilla. De la mina al Consejo Vasco por la Federacion Europea liburua argitaratu zuen Emilio Gomezek. Aitak idatziriko 600 artikulu bildu ditu bertan.

Zuen aitaren lana hura hil ondoren ezagutu zenuen. Nola izan zen?

Castrora heldu nintzenean izan zen. Bizkaiko UGTri buruzko liburu bat irakurtzen nenbilela. Bertan, aipatzen ziren nire aitak prentsan idatziriko artikulu batzuk, eta ikertzen hasi nintzen. Orduan jakin nuen Bizkaiko Meatzarien Sindikatuko idazkaria izan zela eta garaiko hainbat argitalpenetan idatzi zuela.

Aitaren 600 artikulu bildu zenituen liburu batean. Non topatu zenituen?

Bilbon Bidebarrietako liburutegian eta Udal Artxiboan begiratu nuen lehendabizi. Gero, esan zidaten Bilboko Kutxan artxibo bat zutela garaiko jatorrizko egunkariekin. Ez nintzen historialaria, ezta ikertzailea ere, eta zenbait agiri ezin zizkidaten utzi. Zortzi urtez egon nintzen ikertzen.

Zeri buruz idazten zuen?

Meatzarien bizimoduari buruzko artikulu asko idatzi zituen. Haiek zituzten bizi eta lan baldintzen ingurukoak, lan istripuez, zituzten arazoez… Meategietan gertatzen zen guztiaz idazten zuen. Ugazabek nolako tratua ematen zieten salatzen zuen, eta meatzarien eskubideak aldarrikatzen zituen, bizi eta lan baldintza hobeak eskatuz. Izan ere, etxoletan zuten egoera guztiz lazgarria zen. Jateko leku bat ere ez zuten, lantokian jaten zuten. Leherketak egiten zituzten inguruetan batzuetan, eta behin hildakoak ere egon ziren.

Aipa al zenezake artikuluren bat?

Artikulu batean dio Zugaztietan oinarrizko elikagaiak erostea Bilbon baino garestiagoa zela. Funikularra egin aurretik, gurdietan, idiekin ekartzen zituzten elikagaiak. Gainera, bidea nahiko egoera txarrean zegoen. Meatzarien soldatak eta oinarrizko elikagaien prezioak alderatu zituen, eta beraien soldatak baxuegiak zirela salatzen zuen. Soldata igoera eskatzeko arrazoietako bat hori zela aipatzen zuen.

Nola definituko zenuke zuen aita? Eta haren lana?

Gizon ona zen, zintzoa, jendartean ondo moldatzen zena eta langilea. Neba-arrebok gutxi egoten ginen berarekin, guk nahiko genukeen baino denbora gutxiago bai behintzat. Lan handia egin zuen, eta bera idazkari izandako garaian lan baldintzak hobetzea lortu zuten. Besteak beste, jateko eta atseden hartzeko etxola egokiak egitea lortu zuten, leherketetatik babestuta. Timoteo Garcia eta gure aita bezalakoek asko egin zuten. Europako gainontzeko meatzarien baldintza berdinak aldarrikatzen zituzten. Esaterako, oporrak eta Gizarte Segurantza eskatzen hasi ziren.

13 urterekin, Errusiara eraman zintuzten. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Gogoratzen dut lehorreratzean autobusetan sartu eta etxe batzuetara eraman gintuztela. Han, jaten eman, garbitu eta arropak uzten zizkiguten. Lehendabiziko urte haiek, 1941. urtera arte, gerra hasi arte, gure bizitzako urterik zoriontsuenak izan ziren. Gu geunden etxean, Espainiatik joandako umeak ginen denok; udaleku baten antzekoa zen guretzat. Bertan lo, jan, ikasi eta jolasten genuen. Irteerak ere egiten genituen. Ez genuen inolako kezkarik eta inoiz ez zitzaigun ezer falta.

Eta zer izan zen gogorrena orduan?

Gerraren gordintasuna norberaren azalean bizitzea izan zen latzena. Gerra hasi arte, Krimean bizi ginen. Baina, alemanak hurbiltzen zebiltzala eta, haiek heldu orduko Volgara alde egin genuen. Hasiera hartan, nahiko pribilegiatuak ginen oraindik. Gero, alemanak Estalingradora gerturatu ahala eta janari eskasia hastean egoerak okerrera egin zuen guretzat. Negu bete-betean, sua egiteko egurra ere bukatu zitzaigun. Zorionez, behin gizon bat etorri, eta lagundu gintuen: egurraren bila joateko antolatu, eta gu geunden inguruan zeuden abere abandonatu batzuk guretzat hartzeko baimena lortu zuen. Gero, udaberrian lurra lantzen erakutsi zigun. Horrela iraun genuen. Badakit beste leku batzuetan gu baino askoz okerrago egon zirela.

19 urte gurasoak ikusi gabe, 1937tik 1956ra. Nolakoa izan zen berriro elkartzea?

Hunkigarria izan zen. Anaia Mario eta biok oporretan joan ginen familia bisitatzera.Anaiak Moskun zituen emaztea eta seme-alabak, eta bertara itzuli zen; ni, ostera, gurasoen etxean geratu nintzen. Horretarako, baina, agiriak behar nituen eta aitak lagundu zidan. Espainiar errefuxiatu politikoaren estatusa eman zidaten orduan. Aita gaixotu zenean, Perpiñanera joan ziren bizitzen gurasoak; arreba bertan bizi baitzen. Aitak alzheimerra zuen eta ama bera zaintzeaz arduratzen zen. Ni Parisen geratu nintzen. 1990eko hamarkadan Kantabriara etorri nintzen bizitzera.