Ibai Maruri Bilbao
Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta Utese sindikatuek Gorlizko osasun zentroko EAG etengabeko arretako gunea ez ixteko eskatu diote Osakidetzari. Joan den astean berriro irekitzeko elkarretaratzea egin zuten. Astelehenetik dago berriro zabalik; baina, beharginen kontratuak abuztuaren 31ra artekoak direla eta, uda pasatutakoan behin betiko itxiko duten susmoa dute. Horregatik, atzo arratsaldean berriro elkartu ziren anbulatorioaren aurreko plazan.
Joan den martxoan hainbat EAG itxi zituen Osakidetzak, koronabirusaren krisia dela eta, Satseren ordezkari sindikal Cristina Callejak azaldu duenez; Uribe ESI Erakunde Sanitario Integratuan aritzen da. “Zerbitzuaren berregituraketa egin zen COVID-19a zuten edo izan zezaketen pazienteak eta ez zutenak ez nahasteko. Baina azken asteetan gainontzeko EAGetan normaltasunera itzultzen hasi dira, Gorlizkoan izan ezik”. Une honetan, Mungia eta Areetako osasun zentroetan artatzen dituzte COVID-19a duten Uribeko pazienteak; anbulatorio horietan hartzen dizkiete testak egiteko laginak. Gorlizko osasun zentroan, gorliztarrak ez ezik, Plentzia, Barrika eta Lemoizko herritarrak ere artatzen dituzte.
Martxotik joan den astelehenera arte, Gorlizko osasun eremuko pazienteak Mungiako, Areetako edo Bidezabaleko osasun zentroetako EAGetan artatzen ibili dira larriak ez diren larrialdietako kontsultetarako. Gorlizko beharginak ere beste zentroetan egon dira beharrean. “Hainbatetan galdetu dugu zer gertatuko den Gorlizko EAGarekin. Kezka aspaldikoa da, osasun larrialdi hau hasi aurretikoa. Izan ere, gune horri dagozkion plazak Urdulizko ospitalean birkokatuta daude aspaldian. Beraz, egiturazko plazarik gabe dago Gorlizko EAGa, eta uste dugu laster behin betiko itxiko dela”.
“Taktika politikoa”
Callejak esan du Plentziak eta Gorlizek ugaritu egiten dutela euren biztanleria udako hilabeteetan, eta uste du asmoa horiei zerbitzu ona ematea izan daitekeela. “Azken asteetan, sindikatu eta beharginek egindako presioagatik ireki dute. Uste dugu taktika politiko bat baino ez dela izan, uztaileko hauteskundeei begira erabakitako luzapen bat. Udatiarrei arreta eskaintzeko mantenduko dute datozen bi hil eta erdian, eta irailean behin betiko itxiko dute. Hori da gure susmoa”. Hori horrela gertatuko balitz, irailetik aurrera lau herriotako biztanleek Mungiako EAGra joan beharko lukete larrialdi arinak dituztenean, gauerdira arte. Han artatzeko modurik ez balute, Urdulizko ospitalera joan beharko lukete.
Callejak gogoratu du konfinamendua arindu denetik lehen arretako zerbitzuak hartu duela COVID-19 kasu berriak detektatzeko ardura. “Horretarako ezinbestekoa da zerbitzua indartzea. Baina Gorlizko EAGa ixtea kontrako norabidean pausoak ematea izango litzateke. Gainera, zenbat eta EAG gutxiago herritarrak artatzeko, arrisku handiagoa izango da ospitaleetako larrialdi zerbitzuek gainezka egiteko”.