Natalia Salazar Orbe
Bi gizonek etxean atxiki eta eraso egin ziotela salatu zuen emakume batek Mungian, maiatzaren erdi aldera. Trapagaranen, berriz, beste gizon bat atxilotu zuten neska lagun ohia autoaren maletategian lotuta zeramala. Emakumeak ubelduak zituen gorputzean. Eta 18 urteko gizon bat espetxera bidali zuten adin bereko emakume bat sexu harremanak izatera behartzeagatik, Bilbon. Maiatzeko erasoak dira hirurak, konfinamendua arindu zenez geroztik egindako salaketak. Adituek uste dute izozmendiaren punta besterik ez direla.
Datuek ez dute erakusten konfinamenduaren neurriak arindu zirenez geroztik salaketek gora egin dutenik, baina orain bestelako kezkak gailentzen direlako izan daitekeela uste du Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak. “Bizitzeko lehentasunak errotik aldatzen ari diren garai batean bizi gara. Orain alor ekonomikoa da kezka nagusia; besteak beste, diru sarrerak galdu izana edota zorrak izatea; konfinamendu osteko lanaren egoera; familia eta lana zer-nola uztartu. Etxeko egoera kudeatzen zaila da, adingabeak edo elbarriak daudelako etxean, eta horien egoera emozionala kudeatu behar da. Konfinamendu osteko agertoki berrira begira beldur handia dago”.
Beldur hori azaldu du Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak ere. Mireia Saizek eman ditu azalpenak: “Oso kezkatuta gaude emakumeek berrogeialdiaren ostean aurkituko duten egoera ekonomiko, laboral eta sozialagatik. Langabezia eta pobrezia datu dramatikoak ditugu. Zoritxarrez, hori da joera, eta hori ez da batere lagungarria indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzat”.
Argitan-en, indarkeria matxistaren 30 kasu artatu zituzten 50 egunetan. Konfimamendua hasi zenetik maiatzaren 7ra arteko datuak dira. 2019an artatu zituzten kasu guztien erdia da kopuru hori. “Txarrena da datu horiek ziurrenik izozmendiaren punta direla. Zenbaki horiek berresten dute osasun krisi hau hasi zenean salatu genuena. Alegia, osasun krisia talde zaurgarrienak gogorrago kaltetzen dituen krisi sozial eta ekonomiko ere bihurtu dela. Eta emakumeok horietakoak gara. Emakume askok bizi dituzten prekaritatearen eta pobreziaren ondorioz, gehienek ezin dute ihes egin pairatzen duten indarkeria egoeratik. Ez dute aukerarik euren kabuz irauteko, eta baliabide faltak indarkeria jasatera kondenatzen ditu”.
Apirilaren azken egunetan hasi ziren arintzen berrogeialdiko neurri zorrotzak. Ordura arte, etxetik irten ezinik egon ziren asteetan lanerako, medikutarako edo erosketak egiteko atera behar ez zutenak. Neurri horiek babesgabe utzi dituzte emakume asko. Aldundiaren datuek arreta eskaera gutxiago erakusten duten arren, egoera bestelakoa izan dela uste dute Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailekoek: “Uste dugu indarkeria matxista ez dela gutxitu. Hautematen zailago bihurtu da, beste era batera gauzatu delako: besteak beste, tratu txarren emaileak biktimaren gaineko kontrola areagotu du etxe barruan. Bestetik, emakumeen erantzuteko gaitasuna gutxitu da. Askatasun mailak galdu dituzte, aisialdirako espazioak, arnasguneak eta etxeko lasaitasun uneak galdu dituzte. Horrek guztiorrek ondorio larriak ditu emakumeen arlo psikosozialean”.
Aldundiak eraso eta salaketen apirilera arteko datu zehatzak besterik ez ditu eman. Etxeko indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzuak 117 esku hartze egin zituen martxoan —iazko martxoan baino zazpi gehiago— eta 139, berriz, apirilean —iaz bano 37 gehiago—. Bikotekideak eraso egin dien emakumeen kasuei dagokienez, martxoan 160 zenbatu zituen Ertzaintzak —180, berriz iazko martxoan—. Eta 129 apirilean, iaz baino 42 gutxiago. Familia barruko indarkeriari buruzko datuei dagokienez, iturri bera aipatuta, hauek izan dira erregistratutako kopuruak: 37 eraso martxoan, iaz baino hamar gutxiago; eta 38, apirilean, iaz baino sei gehiago. Askatasun sexualaren aurkako erasoei dagokienez, martxoan hamazazpi salatu ziren, iaz baino hiru gehiago; eta apirilean, hamabi, iaz bano lau gehiago.
Zenbaki horiek ezkuta dezaketen errealitate gordinari buruzko xehetasunak eman ditu aldundiak: “Emakumeek, ziur, tratu txarren emailearen jazarpen eta kontrol handiagoa bizi izan dute. Erantzuteko gaitasuna murriztu zaie. Erasotzailearekiko jarrera egokitu dute euste mekanismoak baliatuta eta gatazkak saihestuta, egoera horiek etxeko beste kideengan ondorioak izan ez ditzaten. Horrek, ordea, inpaktu gogorra du dimentsio emozionalean eta bizitzeko indarrean. Bestalde, logikoa da autobabeserako edo babesa bilatzeko gaitasunik ia ez izana konfinamenduan”.
Enkarterriko mankomunitateak ere, zenbakiei dagokienez, ez du konfinamendu garaian emakume gehiago artatu. “Bost kasutan esku hartu dute gizarte zerbitzuek konfinamenduan. Ez dugu nabaritu kopuruak areagotu direnik. Hala ere, eskariek gora egingo dutela aurreikusten dugu”. Hala adierazi du Martin Perez Garmendia Enkarterriko udalerrien mankomunitateko Gizarte Ekintzako presidenteak.
Egiturazko arazoa
Argitan-en ustez, konfinamenduak are gehiago ezkutatu du arazoa. “Emakumeok pairatzen dugun egiturazko desberdintasunen eta diskriminazioaren ondorio den era guztietako indarkeria matxista larriagotu egin da konfinamenduaren ondorioz. Etxean itxita geratu behar izan dute erasotzaileekin, indarkeriazko egoeretatik ihes egiteko aukera gutxirekin edo aukerarik gabe. Indarkeria kasu gehienak ez dira izan konfinamenduaren ondorio. COVID-19aren krisiaren aurretik jada gertatzen ziren indarkeria egoera horiek, eta berrogeialdiak larritu egin ditu”.
Badirudi diagnosian denak datozela bat. Jarduteko prozesuak eragin ditu kexak. Aldundiak azaldu du premiazko babesa emateko bizilekua eskaintzen dutela; baita denbora baterako egonaldia ere. Horrez gain, hainbat alorretarako babesa ematen diete: psikosoziala, psikologikoa edota juridikoa, besteak beste. Arta horietako batzuk zentralizatuta daude; beste batzuk, eskualdeetako zerbitzuen esku dituzte.
Teresa Laespada diputatuak iragarri zuen alarma egoera ezarri eta gutxira emakumeak hartzeko beste hogei leku egokitu zituztela. “Indartze hori beharrezkoa” izan dela azaldu dute aldunditik. “Bizkaian berehalako harrera egiteko hamabost lagunentzako lekua dago. Konfinamenduan, batez beste 21 leku izan ditugu beteta”. Martxoaren 14tik maiatzaren 8ra, hamahiru andre eta bederatzi adingabe hartu dituzte premiaz etxeotan. Arreta psikologikoa ematen duen zerbitzuak, berriz, alarma egoera hasi zenetik apiril bukaerara arte 110 kasu berri erregistratu zituen, “iaz baino gehiago”.
Saizek esan du baliabideak ez direla nahikoak: “Emakumeek jakin eta sentitu behar dute ez daudela bakarrik”. Andre horien beharrak identifikatzea ezinbestekotzat jo du. “Benetako baliabideak” eskatu ditu; besteak beste, etxeak, baliabide ekonomikoak, arreta psikologiko “espezifiko egonkorra eta luzea”, arreta juridikoa edota emakumeak ahalduntzeko zerbitzuak eta aholkularitza: “Ikusi dugu benetan hau dena ez dutela ematen. Propaganda eta erakundeen adierazpen hutsak izaten dira”.