Ibai Maruri Bilbao
Gaur arratsaldean, suziriek Kamiñazpiko jaien hasiera iragarriko dute Ondarroan. Igorren, txupinazoa botako dute sanantonioak ospatzera dei egiteko. Baina ez da espero beste urteetako jendetzarik. COVID-19ak festak ere kutsatu ditu. Aurten ezohikoak izango dira ospakizunak, bakartuta egin beharrekoak. Hala ere, auzo eta herrietako jai batzordeak ez daude egonean. Festak bertan behera utzi edo udazkenera atzeratu diren arren, zegokien egunetan zer edo zer egiteko asmoa dute Bizkaiko toki gehienetan. “Pasatutakoa pasatuta, aurten inoiz baino poz eta alaitasun behar handiagoa dago”, nabarmendu du Kamiñazpiko Jai Batzordeko Elias Etxaburuk.
“Orain daukagun egoera honekin ezin duzu antolatu jairik, jakinda jende pila batuko dela eta distantzia mantentzea ezinezkoa izango dela. Ez gara Zapatu Azule, baina Kamiñazpiko jaiak ere jendetsuak dira. Oso arriskutsua da orain egitea”, argudiatu du Kamiñazpin hartutako erabakia: aurten ez da ohiko jairik izango. Baina zerbait sinbolikoa egingo dute. Jai hasierako suziriez aparte, txistularien kalejira izango dute, DJa furgonetan ibiliko da auzoa girotzen, eta paella lehiaketa ere egingo dute. “Baina bakoitzak bere etxean prestatuko du. Argazkiak atera beharko dira, eta, gero, jai batzordera bidali. Itxura epaituko dugu, ikusgarritasuna, besterik ezingo da egin eta. Originalena, politena sarituko dugu”. Umeen marrazki lehiaketa ere antzera egingo dute: etxean margotu eta argazkia jai batzordera bidali, puntuatzeko.
Gainontzeko guztiak datorren urtera arte itxaron beharko du. “Honelako egoera batean, asko jota, egin dezakezu zerbait, ikuskizun edo kontzerturen bat, jendea jarrita egoteko, eserlekuak-eta ipinita. Baina guk ez daukagu horrelako zerbait antolatzeko gaitasunik. Jai batzordean sei lagun gara. Asteburuan bertan jende gehiago egoten da laguntzen, baina antolatzen gu ibiltzen gara. Ezin dugu besterik egin”.
Gaurtik hilaren 14ra ospatzekoak ziren Igorren ere jaiak. Kontzertuak, umeentzako ikuskizunak, puzgarriak, kuadrillen arteko olinpiadak… Apirilean ia dena lotuta zeukaten. “Hasieran ez genuen espero epidemiak hain luze joko zuenik, eta erabaki genuen urrira atzeratzea. ‘Ekainerako ez gara egongo jaiak egiteko moduan, baina urrirako seguru baietz’, pentsatu genuen. Baina denbora pasatu da, eta orain ez dakit urrian zelan ibiliko garen; baina orduan ere zeozertxo egingo dugu”, azaldu du jai batzordeko Naiara Zurinagak.
Gaur, txupinazoa eta pregoia 19:00etan izango dira. Gorbeialde irratiaren bidez entzun ahal izango dute igorreztarrek euren etxeetatik. Bihar, egun osoan, txistulariak eta trikitilariak kalejiran ibiliko dira; gauean, Jokaldi taldekoak kamioi batean ibiliko dira, erromeria herri osora zabaltzeko asmoz. Aste honetan, Igorreko etxe guztietara banderola batzuk bidali dira, balkoietan jartzeko; apainenak saria jasoko du, gainera. “Igorreztarrentzat herriko jaiak beti ekainean dira. Apur bat itxura ematearren, jai giro hori zabaltzearren, zeozer egitea pentsatu dugu aurten. Nik uste dut jendeak badaukala jai gogoa”. Urrian, sukaldaritza lehiaketak egiten ahaleginduko dira, osasun egoerak modua ematen badu. Paellak eta tortillak arrakasta izaten dute Igorren urtero.
Agian kontzertuak ere egin ahal izango dituzte udazkenean. Ekainerako kontratuak hautsi egin behar izan dituzte. Oraindik batzuk sinatu barik izan dituzte, baina, hala ere, klausuletan ipini zuten osasun egoerak modua eman ezean taldeek ez dutela kobratuko. “Taldeekaz berba egin dugu eta esan diegu konpromisoa hartzen dugula eurekaz jaiak egin ahal direnerako. Ez ditugu bazterrean utzi nahi. Badakigu honek zer esan nahi duen eurentzat ere. Kultura arloan galerak asko izango dira, eta behintzat konprometitu gara, ahal den neurrian, talde berberei deitzeko”.
Getxoko Andra Mari auzoko jaiak maiatzean izan ohi dira. Baina aurten irailean ospatuko dituzte. Hala erabaki zuen jai batzordeak. “Hala ere, jaiak egin beharreko egunetan kaleak apaindu genituen, eta jendeari balkoi eta leihoetan jaietako zapi berdea jartzeko eskatu genion. Egoera larrian egon arren, bizilagunak mobilizatzea lortu genuen”, azaldu du Getxoko Jai Batzordeen Federazioak. Jagoba Agirrek egin du berba, guztien ordezkari. Maiatz hasieran bestelako jai batzuk antolatzeko elkarlanerako prestutasuna agertu zion federazioak Getxoko Udalari. “Bagenekien aurten dena ezberdina izango zela. Baina batzuek gogoa eta indarra genuen zerbait berezia egiteko, eta hala jakinarazi genion udalari. Entzun gintuzten, bai, baina esan zuten jaiak bertan behera uzteko asmoa zutela”. Eta erabaki horri eutsi dio udalak. Baina Getxon ere egingo dute ekintza sinbolikorik.
Zer eskatu eta zer onartu
Hainbat bilera izan dituzte. “Gure indarrari eta unean uneko osasun egoerara egokitzeko prestutasunari esker lortu genuen ‘zerbait’ egiteko aukera eskaintzea. Eurek zehaztu zuten zer lagunduko zuten diruz, eta laguntza hori %15ekoa izango zela. Ezin izan genuen negoziatu: edo onartu, edo ez zen ezer egingo. Beraz, askorik pentsatzeko asti barik, onartu egin genuen, herritarrek eskertuko dituztelako jaiei egingo zaizkien keinu sinboliko horiek”. Eskainitakoa onartu beste aukerarik ez zutela izan salatu dute jai batzordeek. “Seguruenik udalekoek Eudelek onartutako agiriaren presioa izango zuten, udako jai guztiak irailaren 15era arte bertan behera geratzen direla dioen dokumentuarena”.
Nahiz eta ez izan eurek gura luketena, zerbait egin ahal izango dutela eta, pozik daude jai batzordeetan. Maiatzean federaziokoek argitaratu zuten oharra gogoratu du Agirrek: “Ez dugu uste jaiak ezinbestekoak direnik. Baina inoiz baino gogo gehiago dugu jaiak ospatzeko; horregatik esan genuen egoerara egokitzeko prest geundela. Izan ere, jaiek auzoko bizilagunen arteko loturak estutzen laguntzen dute, tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzen dituzte. Zerbait eskaini nahi genien gure bizilagunei”.
Hasieratik jaiak beste data batean egitearen kontra egon dira Getxon, Andra Mariko jaien salbuespenarekin. “Azpiegitura arazoak eragin ditzake. Herrialde guztian denok egoera berean gaude, eta egun antzekoetan ospatu beharko genituzke atzeratutako jaiak. Ez litzateke denontzako agertokirik egongo, adibidez”. Gaineratu du jai batzuetan ezinezkoa dela negura atzeratzea, ekitaldiek “eguzki ordu asko eta tenperatura beroak” behar dituztelako. Uztailaren 10ean berriro elkartuko dira udal ordezkariekin, eta aztertuko dute zer egingo den irailaren 15aren ondoren ospatu ohi diren jaiekin.
Datorren hilean iritsiko dira Zornotzako jaiak ere. Bizkaiko luzeenetakoak dira: uztailaren 15etik uztailaren 27ra ospatu ohi dira. Udala eta eragileak egunotan ari dira negoziatzen, zer egin daitekeen eta zer ez erabakitzen. Eguaztenean izan zuten azken bilera. Aurten txosna bakarra jartzea izan da txosna elkartearen asmoa, baina udalak ez du onartu. Erika Barrenetxea jai batzordeko kidea da, txosnen ordezkari modura. “Orain arte txosnak herriaren kanpoko aldean egoten ziren, baina lortu genuen aurten erdiguneko eskola bateko jolastokian jartzea. Hesitutako lekua denez, jendea mugatzeko eta segurtasuna bermatzeko errazagoa da. Gure asmoa da txosna horiei kutsu herrikoiagoa ematea”.
Kuadrilla edo familia arteko lehiaketak eta era horretako ekintzak dituzte buruan. Egunez, terraza jarri eta ogitartekoak saltzea ere pentsatu dute. Bilboko Konpartsak hartu dituzte eredu. “Eguneko egitaraua indartzea da gure asmoa. Ez dakit honek aldaketarik ekarriko duen. Baina aurten arrakastatsua balitz, izan daiteke Zornotzan ere txosna eredu berri bat finkatzea”.
Baina udalak ezetz esan die. Barrenetxearen arabera, honakoa da udal ordezkariek emandako argudioa: “Gu prest gaude segurtasun neurriak bermatzeko, baina eurek ez dute argi ikusten. Arazo txikiren bat egonez gero, txikiena izanda ere, erantzukizuna eurena dela diote, eta ez dute arazorik gura”. Txosnetakoak ez daude ados, eta euren asmoak zein diren idatzi eta udalera bidaliko dute. Izan ere, egunotan zinegotziarekin eta beste ordezkari batekin bildu dira. “Uste dugu ez gaituztela entzun ere egin”. Udal osoak euren proposamenaren berri izatea nahi dute. “Distantzia eta higienea mantenduta tabernak zabalik egon badaitezke, txosnak zergatik ez?”.
Jai batzordeko kide diren bestelako elkarte eta eragileei ere antzeko zerbait gertatu zaie. Esaterako, udalak ez du onartu urtero egiten diren kirol norgehiagokak antolatzea. Zornotzako Udalak jai sinboliko batzuk egin nahi ditu aurten. “Bileran esan zutenez, 15ean kortzertu birtual bat egongo da. Txistularien kortzertua ere era berean egingo da. Jaietako zapiak balkoietan ipintzeko eskatuko da. Eta abesti bat asmatu gura da jaietarako. Besterik ezer ez”.