“Garrantzitsua da, dolua duenarentzat, besteek hitz egitea hildakoaz”

Gabonak dira eta jesarleku bat hutsik dago. Izenburu horrekin topaketa bat egin dute asteon, Santurtziko San Juan de Dios ospitalean. Aurten etxekoren bat galdu duten familiekin elkartu dira Adolfo Perez argazkilaria eta Marije Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko Bioetika irakasle eta psikologoa (Mungia, 1961). Familia, poza eta jaia nagusi diren urteko egun hauetan doluari aurre egiteko gakoak eman dizkie Goikoetxeak. “Lehen pausoa samina onartzea da”.

Jarlekua hutsik ikusten dugunean, zer sentitzen da?

Doluan dauden pertsonek barrutik hutsik daudela sentitzen dute. Egiaz, ez da jarlekua hutsik dagoela, barruan hutsa sentitzen dugula baizik. Norberari zerbait falta zaio. Hil zaigun horrekin batera, gure zatitxo bat ere hil da. Pertsonaren nortasunaren arabera, hainbat sentipen izan ditzake: tristura, haserrea, amorrua, larrimina, errua. Hildakoarekin izan dugun harremanak eta heriotza eragin duten arrazoiek ere sentimendu bat edo bestea izatea eragin dezakete.

Mahaian jesartzeko ordua edo eguna iritsi aurretik ere hasi ohi gara horrekin bueltaka, ezta?

Duela bizpahiru astetik hedabide guztietan elkartzera dei egiten digute, maite dugun jendearekin batu eta gozatzera, elkarri opariak egitera. Hala, dolua duenak bere buruari galdetzen dio: “Eguna iristen denean, norekin elkartuko naiz? Zer oparituko diot nori? Zer daukat nik ospatzeko? Gehien leba didan hori falta zait”. Horrek kontraesan bat eragiten du. Pozik sentitu behar duzula esaten dizute, ospatzeko sasoia dela eta opariak egin behar dituzula, baina zuk ez duzu horretarako gogorik. Justu kontrakoa, ospatu gura duzun hori ez baita dagoeneko existitzen.

Ez al dugu guk geuk hutsune hori handiagotzen, etengabe gabezia horretan pentsatzen dugulako?

Pertsonak harremana gara. Beraz, beste pertsonek gure beharretako asko betetzen dituzte. Hala, nor falta den, beharrizanetako batzuk bete gabe geratuko zaizkigu. Gainera, beste batzuen arabera definitzen dugu geure burua: ni honen ama edo aita naiz, haren neba edo arreba, beste baten lankidea… Nolabait esateko, gizakiok bibiparoak gara, ez gara obiparoak. Harremanaren beste aldea falta zaigunean, pertsonaz gain gure zati bat ere falta da. Harremana osorik dagoenean, goserik ez dugunean bezala gertatzen da: ez dugu janariaren faltarik sentitzen. Osasunaz ere gaixorik gaudenean gogoratzen gara. Are gehiago, pertsona horrenganako menpekotasun emozionala dugunean. Gure zaurgarritasunak beste batzuekin du zerikusia; zaurgarriak gara, min egin diezagukeen norbait dagoelako. Doluaren kasuan, ez dagoelako egiten digu min falta den beste horrek.

Gabonak urteko egunik labur eta ilunenekin bat egiteak mina areagotzen du?

Gaua beti da gogorragoa, latzagoa. Doluarentzat negua okerragoa da uda baino. Gure kulturan iluntasuna heriotzarekin lotuta dago. Iluntasunera argia datorrela ospatzen dugu Gabon jaietan. Hori da jai honen esangura. Baina dolua sentitzen duen horrentzat iluntasunera ez dator ezelango argirik; heriotza baino ez du ikusten. Garai zaila izaten da. Paradoxikoki, kaleak erabat argitzen ditugun arren, dolua duenaren barruan iluntasuna baino dago. Ez da argirik sartzen.

Ingurukoak pozik ikusita, jai giro horrek inguratuta, zer sentitzen du dolua duenak: besteen alaitasunarekiko amorrua edo aldartea hobetzeko lagungarri da?

Norberaren izaeraren araberakoa izaten da. Heriotza zerbaiten galera moduan ulertzen badugu, haserrea sentituko dugu beste norbait pozik ikusita: “Horrek badu edo ahal du, eta nik ezin dut edo ez dut”. Ostera, nik heriotza tristurarekin bizi badut, ondokoaren alaitasunak lagun nazake. Gure kulturan, euskaldunon izaeragatik, jendea negarrez ikustea baino hobeto onartu izan dugu haserretuta ikustea. Beraz, ohikoagoa da heriotza haserrez bizitzea, tristeziaz bizitzea baino. Norbait haserre ikustean, indarra aterako duela, eta aurrera egingo duela pentsatzen dugu. Negar egiten duena, berriz, koitadutzat daukagu, adorerik ez duen pertsonatzat. Horregatik, normala da haserre sentitzea triste baino gehiago.

Nola aurre egin jarleku huts horri?

Bakoitzak egin dezakeena egin behar du, ez besterik. Ezin duena bizitzeak frustrazioa eragingo dio. Ez da batere ona ezer gertatuko ez balitz moduan jokatzea, ondo gauden plantak egitea. Ezin dugu besteen arabera jokatu; sentitzen dugunari kasu eginez bizi behar dugu. Gainera, abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra, egun asko dira itxurak egiten ibiltzeko. Istiluak ere sor daitezke. Ingurukoek animatzera bultzatu nahi gaituzte, eta, okerrenera, jaia izorratzen dugula sentiarazi. Horregatik, ezinbestekoa da Gabonak iritsi aurretik denak elkartu, doluaz hitz egin, nola sentitzen garen azaldu eta gorputza eta gogoa zertarako prest ditugun esatea.

Eta eguna iristen denean, zer egin? Komeni da falta direnez hitz egitea?

Nik esan diet familiei hildakoa gogoan izateko eta hura gogoratzen dien elementuren bat eskura izateko. Ekintza sinbolikoren bat izan daiteke; adibidez, haren gustuko janariak prestatu. Bestela, jar dezakegu argazki bat, edo hartaz hitz egiteko tartetxo bat hartu. Dolua dutenentzat, oso garrantzitsua da gainontzekoek hitz egitea hildakoaz. Inork ez badu ezer esaten, pentsatzen du bere senar edo emaztea, gurasoa, seme edo alaba edo dena delako hori azkarrago ahaztuko dutela.

Baina ez dago halako kontuez hitz egiteko ohiturarik, ezta?

Ba, ez. Euskaldunon kontua da. Ausarta izatea garrantzitsua da guretzat. Arazoei haserretuta egiten diegu aurre. Haserreak sekulako indarra eta kemena ematen ditu. Haserre gaudenean, mendirik garaiena ere lau pedalkadatan igotzeko gai gara, ezta? Baina dolua gainditzeko bide bakarra zerbait galdu dugula onartzea da, besteekin haserretu ordez. Besteek ez dute galera horren errurik. Ez da ezer gertatzen triste eta ahul egoteagatik.

Jarleku hori heriotzaren ondorioz egon daiteke hutsik, baina izan daiteke beste arrazoirik: familia barruko haserreak, atzerrira lanera joan den senitartekoa, ospitalean dugun gaixoa edo kartzelan dagoena. Halakoetan hustasun hori berdina da?

Edozein galerak min ematen du, eta handia. Ez dira gutxi haserretuta dauden familiak, adibidez. Gabonetan horrek min ematen du. Baina, era berean, egoera aldatzeko aukera izan daiteke. Minaz jabetu zaitezke, eta, bide batez, konpontzeko konpromisoa hartu. Gaixoa, presoa edo lanera joan dena ere itzuliko dira noizbait. Hildakoa ez, ordea. Horregatik, heriotzak ezintasuna eragiten du. Gainontzekoek ere mina sentituko dute, baina gutxienez itxaropena ere geratzen zaie.

Bada jarleku guztiak beteta egon arren Gabonek goibeltzen duten jendea. Zergatik?

Inork ez dauzka jarleku guztiak beteta. Sufrimendua gizakion bizitzaren parte da. Beti daude bete gabeko beharrizanak. Adibidez, norbaitek maite gaituen baino gehiago maitatzea gura dugu. Batzuek, izaeraz, daukatenari erreparatzen diote. Beste batzuei, ordea, Gabon jaiek ez duten hori ekartzen diete gogora. Sasoi honetan, nahi gabe bada ere, balantze moduko bat egiten dugu. Inguruan inor hil ez arren, lanik galdu ez arren, harremanik hautsi ez zaigun arren, denok ditugu porrotak. Azken batean, bizitza kaixo esan eta irabaztea eta agur esan eta galtzea da.