Derio
Metal, rock eta punk doinuak gustuko dituztenek aukera ona dute bihar Derioko frontoian. Hain zuzen, CemenDerioRock (CDR) antolatu du herriko Santzoka elkarteak.
Bosgarren aldiz antolatzen duten jaialdiaren barruan hainbat talde igoko dira taula gainera. Deriotik bertatik, Seismo taldeak metal eta rock doinuekin emango dio hasiera saioari. Eskualde horretan oso urruti joan gabe, Sondikatik Cacas Blancas irisiko dira. Punk estiloa jarriko dute horiek eszenatoki gainean. Argentinatik, Penadas por la ley emakumeen taldeak, aurrekoen estilo bera zabalduko du frontoiko giroan. Azkenik, Bilbotik, Barricada taldearen bertsioak egiten dituen Pikadura iritsiko da.
Kontzertuei bukaera eman ostean, jai giroak ez du etenik izango. Izan ere, dantzatzeko musika jarriko dutela iragarri dute antolatzaileek.
Frontoiko ateak 20:00etan zabalduko dituzte. Txosna bat jarriko dute, eta, bertan, mokadutxoak hartzeko aukera ere izango da. Kontzertuak, bestalde, geroago hasiko dira, 22:00ak aldera.
CDR jaialdia San Isidro jaien harira antolatu izan du Santzoka elkarteak. Aurten, ordea, data aldaketa egitea pentsatu dute. Elkartetik bertatik jakinarazi dutenez, bertako kide guztiak jai batzordean ibili dira aurten eta horregatik hartu dute jaialdia Gabonei begira egiteko erabakia. Izan ere, bide batez, “beste aukera bat sortu da herriko eta inguruko gazteak elkar daitezen, lagun artean afal dezaten eta herrian bertan musikaz goza dezaten”.
Biharko jaialdian ondo pasatzeaz gain, derioztarrek, eta, bereziki gazteek, herriko jardueretan parte hartzea du helburu Santzokak, elkartetik bertatik jakinarazi dutenez. Izan ere, elkartearen arabera, herria norberarengan dago. “Derio guk geuk egiten dugulako. Geuk aldatu eta berreraiki behar dugu. Ezin gara beste batzuek gugan pentsatzen antolatuko dutenaren zain egon”. Beraz, dei egin diete herriko eta eskualdeko gazte guztiei mugitzera eta CDR jaialdira joan daitezen.