June Prieto
Hainbat ikasle taldek parte hartu zuten Nafarroako Unibertsitateak antolatzen duen 2019-2020ko Clinical Case Competititon lehiaketan. Bertan bio-osasungintza alorreko bigarren batxilergoko ikasleak soilik lehiatzen dira, eta, gainera, baldintzetako bat da Batxilergoko lehen mailan 8,5 baino gehiagoko batez besteko nota edukitzea. Baldintza guztiak betetzen zituzten Bilboko Kirikiño ikastolako Jone Alonsok, June Hernandezek, Jokin de la Iglesiak eta Izar Madinabeitiak. Izena eman zuten, eta Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako beste ikasle batzuekin lehiatu dira. Eta bigarren saria lortu dute hepatitis birikoa zuen emakume baten kasua aztertuz.
Biologiako klasean sortu zen lehiaketan izena emateko ideia. “Andereñoak ekarri zigun biologiarekin zerikusia duten pila bat lehiaketaren informazioa, eta tartean hau zegoen: Clinical Case Competition. Interes handia sortu zitzaigun, medikuntzaren munduan praktikatzen hasteko aukera ematen zuelako”, gogoratu du June Hernandezek. Ikasleek benetan gertatutako kasu kliniko bat aztertu behar izan dute lehiaketan, eta, horretarako, mediku eskolako profesional bat izan dute tutore.
Lau ikasleko taldea sortu zuten ikasle bilbotarrek, eta Likitak izena jarri zioten. “Afrikako hizkuntza batean likita hitzak medikua esan nahi du, eta, euskarazko kutsua emateko, amaierako -k gehitu genion, plurala adierazteko”. Afrikarekin inolako loturarik ez duten arren, izen originala iruditu zitzaien, eta horrekin aurkeztu ziren lehiaketaren lehenengo fasera. Hiru fasek osatzen dute lehiaketa, eta ikasleak kanporatuz doaz fase bakoitzean.
Ume jaioberri bat zuen Kantabriako (Espainia) emakume baten kasua egokitu zieten. Benetako kasua zen. Lehenengo diagnostikotik azkenengo tratamendura arteko azterketa egitea zen lehiaketaren helburua. “Hasieran azaldu zizkiguten sintomak oso orokorrak ziren: nekea, mina giharretan… Ez genekien oso ondo zelan bideratu genezakeen. Gero, bigarren fasean, datu gehiago eman zizkiguten, eta ondorioztatu ahal izan genuen hepatitis birikoa zuela emakumeak. Eritasunari aurre egiteko tratamenduak bilatu genituen, eta azaldu behar izan genuen egindako prozesu guztia”.
Hernandezen arabera, taldekide guztiek egin dute lan berdina. Eta selektibitatea ate joka eduki duten arren, lehiaketan “asko gozatzeko” astia ere izan dutela esan du. “Arratsaldeetan geratzen ginen lana egiteko, eta momentutxoak bilatu behar izan ditugu dena bateragarri egin ahal izateko”.
Informazioa lortzeko, hainbat lekutan arakatu dute: etxeko liburutegietan zeuzkaten liburuetan, irakasleei galderak egiten, eta baita Interneten ere. Azken honekin kontuz ibili beharra dagoela nabarmendu du Hernandezek; izan ere, informazio baliagarri asko dago, baina, era berean, kontrajarria den informazioa ere topatu dute. Iturriak begiratzeko eta tentuz ibiltzeko gomendatu du Kirikiño ikastolako ikasleak.
Kasu klinikoa ebazteko datu zehatzagoak jaso zituzten lehiaketaren antolakuntzatik. “Bagenekien senarrak hiru gramo parazetamol eman zizkiola emakumeari, eta hurrengo egunean emakumeak ikterizia zeukala; hau da, begiak eta azala hori kolorekoak jarri zitzaizkion. Ospitalean frogak egin zizkioten, eta benetako analisiak eman zizkiguten guri lehiaketako bigarren fasean; horrela lortu genuen diagnostiko zehatz bat egitea”.
Bigarren fase horretan, gainera, bideo bat egin behar izan zuten. Bigarren lauhilekoaren hasieran izan zen, eta jada ikasleak oso lanpetuta zeuden selektibitatearekin. “Egun bakarra eman genuen bideoa grabatzeko, eta, ez genuenez denbora askorik, baina profesionala geratzea nahi genuenez, benetako kontsulta batera joan ginen grabatzera”.
Bideoa, auzoko klinikan
Baimena eskatu zuten auzoko erietxean, eta hango gelatxo batean grabatu zuten. “Kasuaren birsortze bat egin genuen: ni nintzen medikua; Izar, gaixoa; Jone, erizaina; eta Jokin, gaixoaren senarra”. Bideoa sortzeko, mediku batek zer esango zuen pentsatu behar izan zuten. Ez hori bakarrik: zelako esplorazioak egin gaixoari eta nolako analisiak eskatu ere bai. “Tratamendua ere grabatu genuen, senarrari azalpenak ematen genizkion bitartean”.
Hipotesiak eta diagnostikoa aurkeztu eta gero, tratamendua ere eman behar izan zioten gaixoari. “Tratamenduan, ZIUra [zainketa intentsiboetako unitatea] eraman genuen, emakumea kontrolpean edukitzeko eta txarrera ez joateko; giltzurrunek hutsik ez egiteko”. Hori guztia azken fasean izan zen. Madrilen egin behar zuten aurkezpena, baina, koronabirusaren ondorioz, Internet bidez bidali behar izan zuten informazio guztia. “Bageneukan hotela eta bidaia hartuta, eta penaz geratu gara. Baina pozik gaude ikasitakoarekin”.
Sariari dagokionez, hainbat izan dituzte aukeran: kirola egiteko kamera bat edo kable bako entzungailuak, esaterako; baina Hernandezek anatomia liburu bat aukeratu zuen azkenean. “Uste dut aukeratzeko zeuden gauzen artean nire kabuz erosiko ez nukeen gauza bat dela anatomia liburua”.
Sariaz harago, taldeko kide bati ariketa honek balio izan dio bere etorkizuna argitzeko ere. “Batzuek argi geneukan, baina Izarrek hasieran ez zekien bio-osasungintzako alorreko gradu bat hautatuko zuen edo ez. Orain argi dauka baietz”. Talde lanaren garrantzia azpimarratu du Hernandezek. “Konturatu gara mediku ona izatea oso garrantzitsua dela, baina, are gehiago, talde lana ondo egitea. Guretzat esperientzia itzela izan da”.