Ibai Maruri Bilbao
Ordu eta egun asko dira, beti leku batean eta jende berarekin, eta horrek batzuetan elkarbizitzan tentsioa sortzen du, baina oso ondo moldatu gara”. Unaik —asmatutako izena da— 35 urte ditu, eta Etorkintza fundazioaren Kortezubiko Mendekotasunen Tratamendu Egoitzan dago sartuta, drogekiko mendekotasuna gainditzeko terapian. Astelehenean lau hil bete ziren sartu zenetik. Konfinamenduak prozesuaren bigarren fasean harrapatu du; hau da, asteburuak familiarekin pasatzeko aukera izaten den etapan. Baina martxoaren 14tik zentrotik irten gabe dago, senideak aurrez aurre ikusteko aukerarik gabe. “Tristura ematen dit etxekoak ez ikusteak. Telefonoz egiten dugu berba, eta hori ondo dago, baina ez da gauza bera”. Hori egin zaio bakartze egoeran gogorrena.
Orain, Unairekin batera, hogei paziente inguru daude Kortezubiko egoitzan. Gehiago ere egoten dira, baina apirilean ia ez dute berririk jaso; normalean baino sarrera gutxiago izan dituztela azaldu du Maddi Labaienek: “Dena nahiko geldituta egon da”. Etorkintzako psikologoa da Labaien, eta Kortezubiko zentroan egiten du behar.
Alerta egoera ezarri zenetik pazienteak ezin dira egoitzatik irten, eta ezin dute bisitarik jaso. Hala gertatu da edozein zentrotan bizi diren egoiliar guztiekin; han bakartu behar izan dira. Egoera berean daude, esaterako, Gizakia fundazioak Gordexolan duen egoitzan. Berrogei lagunentzako lekua dute, eta 37 paziente ari dira une honetan sei hilabeteko terapia betetzen. Haiek ere bakartuta daude, egoitzatik irten ezinik eta bisitarik jasotzeko aukerarik gabe; beharginen sartu-irtena baino ez dago baimenduta.
Gordexolako eta Kortezubiko zentro bi hauetan koronabirusa sartzea eragozten lagundu die bakarraldiak, eta lortu dute. Baina euren egunerokotasunean eragin nabarmena izan du. Labaienek kontatu du Etorkintzaren zentroan egiten dituzten ekintzetan nabarmen igarri dela aldaketa. Esate baterako, ezin dituzte egin arratsaldeetan eta asteburuetan zentrotik kanpo egiten zituzten paseo, bizikleta txango eta bestelako ekintzak. Labaienen esanetan, jarduera horiek “oso garrantzitsuak” dira, “burua oxigenatzen laguntzen dietelako”. Eta familien bisitek ere mesede itzela egiten dietela azpimarratu du.
Azken egunetan ahalegindu dira normaltasunera itzultzeko pausoak ematen; adibidez, taldekako ekintzak, terapia saioak eta tailerrak berreskuratu dituzte zentro barruan. Baina oraindik falta dute ohiko egunerokotasunera itzultzeko.
Alarma egoera ezarri ondorengo lehen asteetan behargin batzuk zentroan bertan geratu ziren, itxialdia pazienteekin batera betetzen. “Denok lanera etorri beharrean, talde bi sortu genituen; bat etxean gelditu zen, eta bestea lanean konfinatuta egon da. Bataren bat gaixotzen bazen, etxekoak zeuden ordezkatzeko”. Labaien konfinamendu egoerako lehen astean zentroan egon zen, eta gero etxean igaro ditu beste taldekoei lekukoa emanda. “Hemen egon diren lankideek hiru aste egin dituzte bakartuta, pixka bat egoera lasaitu den arte. Denbora horretan positiborik ez da egon, eta, jendea ez denez atzera eta aurrera ibili, seguru egon gara ez zegoela gaixorik”. Orain, lantaldea handiagoa da: psikologo guztiak daude lanean, eta sukaldaria ere hasi da beharrean.
Labaienek ohartarazi du zentrora doazenetako batzuk, drogamendekotasuna dutenez, “desegituratuta” iristen direla. “Kontsumoaren gaineko kontrola galduta egoten dira; ez da egoten ordenarik euren bizitzan. Hasieran, ordena hori sortzen saiatzen gara: ondo jan, ondo lo egin…”. Eta, oinarrizkoa berreskuratzen dutenean, lehen bi asteen ondoren, terapeutikoki lanean hasten dira.
Guztira, sei hilabete egiten dituzte Kortezubin. Lehen bi hilabeteetan, bisitak jasotzen dituzte, asteburuetan. Bigarren hilabetetik laugarrenera, dena ondo badoa, arazorik ez bada egon eta familiak pazientearen jarraipen bat egiten badu, asteburuetan irteten dira familiarekin egotera. Laugarren hilabetetik hasi eta amaitu arte, familiarekin irteten dira, baina badute aukera bakarrik edo familiakoa ez den beste pertsona batzuekin egoteko ere.
Terapia prozesuaren parte hori erabat gelditu zaie, osasun agintariek bakartzea hausteko erabakia hartu arte. Eta bukaerako faseko jendea, lana aurkitzen eta non bizi ahal den begira ibili dena, irteera prestatu ezinik geratu da. “Antsietatea sortzen die, frustrazioa, baina suposatzen dut itxialdia dela-eta gainontzeko guztioi gertatu zaiguna dela”. Paziente baten kasua kontatu du; bizpahiru astetan kanpora irtetekoa da, terapia prozesua bukatuta. “Aste honetan deika dabil lana bilatzen, baina enpresa askotan esaten diote itxaron egin behar dela, dena lotuta dagoela. Ziurtasun falta itzela sentitzen du”.
Barrua, seguruago
Unaik , hala ere, topatu dio alde onik itxialdiari. “Barruan itxita egoteak, kalera ez ateratzeak, segurtasuna eman dit, kanpoan berriro kontsumitzen hasteko arriskua daukat eta. Barruan ez dago horrelakorik”. Labaien “oso pozik” dago paziente taldeak egoerari aurre egin dion moduarekin. “Oro har, ondo dabiltza. Egon dira txokeak, aste hauetan etxe askotan gertatu den bezala, baina dena atera dute aurrera”. Uste du neurri batean on egin diela, balio izan dielako euren artean gehiago elkartzeko, taldea sortzeko; animatzeko eta elkar babesteko. “Eta hori ere oso ona da euren prozesuan aurrera egiteko”.
Azaldu du drogamendekotasuna arlo emozionalean zerbait ondo ez doan ondorio izaten dela sarritan. “Emozioak kudeatzeko zailtasunak izaten dituzte. Hau bizitzak denoi jarri digun egoera bat da, proba moduko bat, eta ikusi behar dugu zelan moldatzen garen. Gauza asko ez daude gure esku. Zelan egiten diegun aurre, zer tonu emozionalekin… Haserrea eta tristura sentitzen ditudanean, zer egin dezaket? ‘Lehen kontsumitu egiten nuen, orain zelan kudeatuko dut?'”.