Imanol Magro / Natalia Salazar
Konfinamenduaren neurri zorrotzak malgutzen hasi dira. Umeak, heldu batek lagunduta, etxetik ateratzen dira joan den asteaz geroztik. Astelehenetik aurrera, gero eta jende gehiago aterako da kalera. Apurka, joera horri jarraituko zaio, pandemiaren datuak egokiak badira. Denentzako maskararik ez dago, ordea. Erakunde publikoek bete ez duten behar horri erantzun diote herritarrek.
Herriz herri sortu dira sareak. Bizilagunek babes neurriok izan ditzaten bermatzeko lanean ari dira hainbat herritan; besteak beste, Ugaon, Otxandion eta Ermuan. Horietako sare bat osatu dute Larrabetzun ere.
Herriko Patchwork taldea eta udala elkarlanean ari dira han. Amaia Barrena taldeko kidea da. “Ikusi genuen beharrizana egongo zela. Denontzako maskararik ez zela egongo pentsatuta erabaki genuen udalaren eskaerari baiezkoa ematea”. Etxe bakoitzean gutxienez maskara bat izango dutela bermatu nahi dute.
Buru-belarri ari dira lanean. Patchwork taldeko zenbait kidez gain, denera 60 boluntario inguru batu dira. Erronka handia da. 700 maskara egitea aurreikusten zuten. Hala ere, 764 jaso zituzten astelehenean, eta gaur jasoko dituzte azkenak. 850era iritsiko direla uste dute. Datorren astean hasiko dira banatzen. Zer-nola erabili eta garbitu zehazten duen ohar eta guzti banatuko dituzte.
“Udalak bandoa atera zuen oihalak eskatu eta jasotzeko. Erantzuna oso ona izan da”. Gomak lortzea izan da buruhausterik handiena. Baina horiek ere lortu dituzte, beste herritar batzuen elkartasunari esker. Hala adierazi du Leire Etxebarria Larrabetzuko zinegotziak: “Barakaldoko mertzeria batekoak ehun metro goma eman digu. Eta Derion ospitaleetarako mantalak josten dituen beste talde batek, berriz, hari mordoa”.
Sarea ehuntzeko zirrikitu guztiak izan dituzte kontuan. Sare nagusiaren barruan beste sare bat osatu zuten, oihalak mozteko. Hala, jostunek josteko prest uzten dituzte. Josten ez dakitenek ere jarri dute, beraz, alea.
Herriko sendagileekin eta erizainekin hitz egin zuten maskarak egiteko era eta material egokienak zeintzuk diren jakiteko. Barrenak azaldu du: “Kotoizkoak izan behar dute, %100. Iragazkia sartzeko aukera dute gure maskarek: sukaldeko paper xurgatzailea, slip babesleak edota labako papera sar dakizkieke”. Hala ere, argi dute maskara horiek besteak ez kutsatzeko besterik ez direla. Ez dute balio norbera ez kutsatzeko.
Dozenaka tutorial ikusi dituzte maskarak egiten ikasteko. Hala ere, hainbat adineko ere batu zaizkienez, eta horietako askok ez dakitenez bideook zer-nola ikusi, beste aukera bat eskaini diete. Barrenak eman ditu xehetasunak: “Maskarak egiteko eman beharreko pauso guztiak jaso genituen argazkietan. Zoramena izan zen”. Horri esker, jostun guztiek dauzkate jarraibideak eskura. “Hunkituta gaude. Jendearen erantzuna itzela izan da”.
Bilbo “salbatzen”
Zazpikaleetan ditu sustraiak Bilbo eta inguruetan maskarak eta batak banatzen ari den sareak. Artekale kalean etengabekoa da oihal arrunt eta sanitarioen, gomen eta maskaren joan etorria. 40 bat jostun eta hainbat taxilari izatera iritsi dira, eta merkatari batzuek oihalarekin lagundu dute. “Oso eskertua natzaie; pertsona oso on askorekin egin dut topo. Bilbo eta inguruak salbatzeko abian jarritako ekinaldi bat da. Maskaren salmenta ezin da merkatuaren legearen esku utzi”. Esaldia Imanol Osa sarearen sortzailearena da, aspaldian Bilbon bizi den ondarroarrarena. Bere egitasmoaren oinarria Basurtuko ospitaleko langileei laguntzea zen, haiekin zorretan dela sentitzen duelako. “Iazko urtarrilean bizitza salbatu zidaten. Maskuriko minbizia nuen, eta hemen nago. Tratu bikaina jaso nuen, eta koronabirusaren krisiko lehen egunetan babes neurri eskasekin zebiltzan. Nire begiekin ikusi nuen. Zerbait egin behar zen”.
Ideia buruan zuen, eta sarea iruten hasi zen. Maskarak oihal gogorrezkoak egingo zituen, eta oihal sanitario geruza batekin. “Maskarak etxean jositakoak dira, makinaz, baina oihal sanitario horrek bihurtzen ditu birusaren aurkako babes. Are gehiago, garbitu eta berrerabili egin daitezke”. Basurtuko ospitalearekin harremanetan jarri, eta hartuko zizkiotela esan zioten. Batak ere behar zituztela jakinarazi zioten. Egin zitzakeen, oihal sanitarioarekin egiten baitira haiek ere.
Jostunak behar zituen, trebeak, maskara onak makinaz jostea ez baita erraza. Irratira hots eginez lortu zituen. “Gaueko programa batean sartu nintzen, 02:00ak aldera. Telefono zenbakia eman nuen zuzenean. Ordu erdian hiru emakume jarri ziren harremanetan nirekin. Jende askok entzuten du irratia gauez”. Eta, ahoz aho, jostun sarea handituz joan zen: Bilbokoak, Basaurikoak, Urdulizkoak… Hainbat taxilari ere batu zitzaizkion, ezinbestekoak materiala mugitzeko. Lehen banaketak zahar etxeetan egin zituen, baina iragan asteko astelehenean mila maskara eta ehundik gora bata utzi zituen Basurtuko ospitalean. Bertan, gaixoen senideen artean banatu dituzte. Gurutzetara ere beste hainbeste bata eraman zituen iragan ostiralean.
Sarean, helduentzako maskarez gain, ume eta nerabeentzakoak ere josi dituzte. 500 inguru dituzte. Igandean kale banaketa bat egiteko asmoa zuten Casilda Iturrizar parkean. Baimenekin arazo bat egon zenez, tokiz aldatu behar izan zuten, eta Portugaletera eraman. “Materiala, diru pixka bat, borondatea edo jana jasotzea zen asmoa. Sarean parte hartzen ari diren jostun batzuk premia gorrian daude. Eta oihalak behar ditugu lanean jarraitzeko. Diru dezente jarri dut nire poltsikotik”. Egun hartan 50 maskara eraman zituzten Urdulizko zahar etxera eta ospitalera. Asmoa jarraitzea baita, hala eskuz eskuko banaketan, nola babes eta laguntza elkarteen bidez.