I. M. B.
“Txikitatik konturatu nintzen euskaldunon hizkuntza euskara dena, eta are gehiago hona etorri eta euskaraz berba egitea debekatu zigutenean”. Kontxi Belandia Lekue (Galdakao, 1920-2020) atzerrian maitemindu zen bere ama hizkuntzarekin. Rouera (Frantzia) erbesteratu zen etxekoekin, 1936ko gerrari ihesi. Hara bidean, amama galdu zuen: trenetik erorita hil zitzaien. Joan den domekan zendu zen galdakoztarrentzat eta euskaltzale askorentzat amama Kontxi izan dena. Astelehenean, balkoi eta leihoetan kandela bana piztuta agurtu zuten herrikideek.
Musuak emateko ohitura itzela izan du Belandiak. “Ez dago neure musurik jaso ez duen bertsolaririk!”, aitortu zuen 2016an Beinke aldizkariari emandako elkarrizketa batean. Eta seguruenik hala izango da. Horregatik, aste hasieran sare sozialetan nabarmen sentitu zuen bertso munduak Belandiaren heriotza. Ez zuen saio batera ere huts egiten. Oro har, ez zuen kale egiten euskararekin zerikusia zuen ekitaldietara. Berbalagun egitasmoko kidea ere izan da.
Eta euskarari zion maitasun hori musuen neurri berean zabaltzen ahalegindu da bizitza guztian. Izan ere, ohikoa zen kalean gaztelaniaz berbetan entzuten zituenengana gerturatu eta euskaraz egitera animatzen ikustea. “Askok euskara ez dakitela esaten dute praktikan jartzeko lotsaz, baina geure ardura ere bada denak euskaraz egitera animatzea!”.