Ibai Maruri Bilbao
Denok dugu gertukoak zaintzeko idatzi gabeko itun bat. Eta pertsona horien bizitzaren azken uneetan obligazio horiek handiagoak dira”. Marije Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko Bioetika irakaslea da, eta doluan espezializatutako psikologoa. Haren esanetan, koronabirusaren krisia hasi zenetik askok sentitzen dute “itun” hori hautsi egin dutela. “Asko lasaitzen du hildakoa hurkoek inguratuta joan dela edo ez duela sufritu jakiteak. Baina orain ez dago horrelakorik”. Horrek dolua latzago egingo duela ohartarazi du, erruduntasun sentimendua sortzen zaielako; edo, are okerrago, haserrea eta amorrua. “Norbaiti huts egin duzula sentitzen duzun beste kasu gehienetan, baduzu zuzentzeko aukera; baina hauetan ezinezkoa da, hildakoa ez delako itzuliko. Horregatik, gaitzagoa da egoera gainditzea”.
Azken asteetan arean arindu dira neurriak ospitaleetan eta adinekoen egoitzetan, eta batzuetan hasi dira, segurtasun neurri zorrotzekin bada ere, hil hurren daudenentzako pertsona bakarraren bisitak onartzen. Goikoetxeak ezinbesteko deritzo horri, bisitan joango den hori familiako gainontzeko kideen ordezkari moduan joango bada. Eta komeni da joango denak zerbait sinbolikoa egitea. “Gizakiontzat oso garrantzitsuak dira sinboloak. Oraintsu Santa Marinan hil den andre baten familiak etxeko guztien izenak idatzi zituen orri batean, eta erizainak irakurri zizkion andreari. Hunkitu egin ei zen. Erizain hori ez zen familiaren ordez egon han, ordezkari baino”.
Hasierako agindua, ordea, bestelakoa zen. Eta asko dira bakarrik hil direnak. Zaintza aringarriak dituzten ospitaleetan “kontzientzia gehiago” izan dutela nabarmendu du, eta ahalegindu direla ospitaleratuaren eta familiaren arteko harremana nolabait mantentzen. Baina zaintza intentsiboetako unitateetan eta barne medikuntzako unitate gehienetan ez da halakorik egon. “Horrek hil hurren egon diren askori sufrimendua areagotuko zien. Eta inguruko norbaitekin haserreren bat izan eta bakeak egiteko aukerarik gabe joango dela ohartu direnei, are gehiago”.
Agur esateko unea ere asko aldatu da. Hiru senide baino ezin dira egon lurperatzean, erraustean eta beilatokian. Hasierako asteetan, koronabirusagatik hildakoen kasuan, inor ez. “Senarraren hilotza poltsa zigilatu batean jaso duen paziente bat izan dut. Ez zuen sinesten bere senarraren gorpua zenik. Gizakiontzat oso garrantzitsua da hilotza gure senidea dela baieztatzea. Begira, adibidez, gerran hil zituztenen senideen kasua”.
Osasun krisiak plangintzarik gabe harrapatu zuen mundu osoa, eta kutsatzea saihestera bideratu dira osasun sistema guztien indarrak. “Baina ez gara konturatu egoera honek bestelako premia batzuk ere bazituela, psikologikoak, adibidez. Hori kontuan hartzen hasi behar dugu”. Krisiak sufrimendu psikiko handia utziko duela nabarmendu du. Esaterako, egunotan dolua sentitzen ari direnek prozesu horretan edukitzen diren ohiko babesak falta dituzte. “Normalena izaten da ingurukoekin elkartzea hildakoa agurtzeko edo omentzeko; ingurukoek gaizki sentitzeko eskubidea eta arrazoiak dituzula aitortzea nolabait; kontsolatzea. Hori dena desagertu egin da”.
Agur ekitaldi publikoen beharra ere azpimarratu du, hildakoari egindako aitortza direlako. Baina ezin da hileta zibil edo erlijiosorik egin, eta alternatibak bilatu beharko liratekeela esan du. Joan den astean Arratian izandako ekimena ipini du adibide moduan: bailarako eliza guztiek hil kanpaiak jo zituzten eguen iluntzean. “Seguru nago jende askori on egin diola”. Uste du horrelako egitasmoek beste pauso bat behar dutela aurretik: gogoratu nahi direnen izen-abizenak publiko egitea. “Sentitu behar dute euren etxetik joandakoa agurtzen dela, eta ez zenbaki zerrenda bateko ezezagun bat”. Halakoak tokian-tokian egitearen aldekoa da, pertsonalagoak izango direlako.