Adarrak gordeta, eltzera

Txapelketa

Gorliz

Batzuentzat, jainkoen jaki; beste askorentzat, higuingarri. Barraskiloek ez dute inor axolagabe uzten. Horiek prestatzeko prozesua erritual luze bat izan ohi da, gainera. Jaso, lehortu eta ondo baino hobeto garbitu ostean, txorizo, solomo, piper, urdai, tomate… Osagaiak nahastu eta lapiko koloretsua atera.

Bihar, era horretako eltzez beteko da Gorliz. Zehatzago, Elizako Plazaren atzealdea. 08:00etatik aurrera hasiko dira betetzen inguruak, Andre Mari Sortzez Garbia Gorlizko zaindariaren jai egun horretarako antolatu duten lehiaketarako. Bizkaitar eran jarritako barraskiloen V. txapelketa izango da etziko hori.

Bi kilo barraskilo

Lehiaketa horretan parte hartzen duten lapikoek, gutxienez, bi kilogramo barraskilo izan beharko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Horrez gain, bizkaitar saltsa, nahitaez, egunean bertan egin beharko dute lehiakideek. Horretarako, antolatzaileek leku bat prestatuko dute.

Lapikoak berotzeko, ez dute egurrik erabiltzen utziko. Ezinbestean, butano botilak edo barbakoak erabili beharko dituzte parte hartzaileek, eta eurek eraman beharko dute material hori. Sukaldatzeko behar dituzten bestelako tresna guztiak ere lehiakideek eurek eraman beharko dituzte etxetik.

Lapiko guztiak 13:30 inguruan aurkeztu beharko dira. Lehiakide bakoitzak barraskilo eltze bakarra aurkezteko aukera izango duela iragarri dute, gainera.

Epaimahaiak hartzen dituen erabakiak irmoak izango direla ohartarazi dute. Sari banaketa 14:30ean egingo dute.

Eguna girotzeko, ezustekoak ere izango dira. Hain zuzen ere, hainbat opariren zozketa egingo dute. Gorlizko merkatarien elkarteak, gainera, otarraintxoak dastatzeko aukera emango die joaten diren guztiei.

SARIAK

Lehenengo saria. Txapela, lapikoa eta garaikurra.

Bigarren saria. Lapikoa eta garaikurra.

Hirugarren saria. Lapikoa eta garaikurra.

Lehenengo hamar sailkatuak. Sariak izango dituzte.