Bizikletan, mendian barrena

Bizikletaz bideak egitea gustuko dutenek Durangaldea izango dute aukera ona aurki. Orain ere horko bideak bi gurpilen gainean egiten dituzten lagun ugari badaude ere, laster hamabost ibilbide jasoko dituen BTT zentro bat martxan jarriko dute bertan. Abadiñon egongo da, Tornosolo trinketean.

Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Durango, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar herrietatik pasatuko dira ibilbideok, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak jakinarazi duenez. “Betiere, titulartasum publikoa duten ibilbideak” direla azaldu du, bestalde, Guillermo Ruiz de Erentxun proiektuaren arduradunak. Izan ere, Sendo enpresari eman diote proiektua eratzeko lana.

Helburu zehatz batzuk ezarri dituzte BTT zentro bat Durangaldean jartzeko. Batetik, eskualdean kirol jarduera hori egiten dutenei erantzun fisiko bat eman nahi diete. Bestetik, zale berriak erakarri nahi ditu mankomunitateak. Hori lortuko dutela espero dute, kontuan hartuta hainbat zailtasunetako ibilbideak markatuko dituztela. Eskualdeko bideak ezagutzeko modu bat ere emango dute horrela. Azkenik, Durangaldeko turismo aktiboa indartu nahi dute, eskualdetik kanpokoak diren bisitariei kirol jarduera hori eskainita. Hala azaldu du Oskar Zarrabeitia mankomunitateko presidenteak.

Bide errazak eta muturrekoak

Behin betiko hamabost ibilbideak urte bukaerarako ezarrita edukiko dituzte. “Familia giroan egiteko bideetatik hasi eta extrem mailakoetara artekoak izango dira bideok”, adierazi du Ruiz de Erentxunek. Mari deritzon bidea aurkeztu dute proiektuaren izar gisa. “Durangaldeari buelta ematen dion bide bat izango da”. Ibilbideen artean gogorrenetarikoa da. 105 kilometro inguruko bidea da, eta asteburu batean egiteko aukera gisa aurkeztu dute. “Herrialde Katalanetako kuadrilla bat hona erakarri nahi izanez gero, ezin duzu bide sinple bat jarri, erronka bat planteatu behar duzu”, esan du Sendo enpresako ordezkariak. “Durangaldean ahalmen hori izateko aukera badaukagu: BTT bide horiekin, dauzkagun paisajeak…”.

Beste aldean kokatuko lirateke errazago egiteko moduko bideak. “Era horretako ibilbide klasiko batzuk badaude”, adierazi du Ruiz de Erentxunek: “Gaztelua inguruan, Arrazolan… Haranaren behealdetik egiten dira. Esango genuke familia giroan edo bizikletarekin bide hauetan hasi gura dutenentzako modukoak direla”.

Zailtasunaren arabera sailkatuko dituzte hamabost ibilbideak: denetan errazena berdea izango da, ondoren urdina, gorria eta zailena beltza.

BTT zentro bat izanik, zenbait baldintza bete beharko ditu Abadiñoko guneak. Besteak beste, bizikletak gordetzeko lekua izan beharko du, tailer txiki bat, alokatzeko aukera, pertsona bat informazioa emateko, ur beroarekin kanpoaldean bizikletak garbitzeko tokia, informazioa hainbat formatutan… “Klub antzeko bat izango da”, laburbildu du Ruiz de Erentxunek. “Zaleak elkartzeko zentro bat izango da. Bizikletaz bakarrik joatea batzuei gustatuko zaie, baina beste askori ez. Bertara bakarrik joanda ere, beti aurkituko du norbait bide bat edo beste egiteko”.

2013ko ekainerako proiektua guztiz bukatuta egotea aurreikusi du Sendo enpresako ordezkariak. Handik aurrera egin beharreko inbertsioak eta lan administratiboak egin ostean jarriko dute martxan zentroa, mankomunitateak iragarri legez.