Denon dirua eta ezkutuko paktuak

Zer diren ondo ulertzen ez badugu ere, herritarrok urtero ordaindu behar izaten ditugu IBIa, Ibilgailuen Zerga edo gure udalen finantzaketaren ezinbesteko zutabe diren beste zergak. Horrek esfortzu ekonomikoa suposatzen digu guztiori; baina esfortzu hori are nabarmenagoa da egoera ekonomiko larria bizi duten familia zein banakoentzat. Esfortzua eta zergak ordaintzeko betebeharra guztiona bada, zelan da posible udal zergen inguruko erabakia alderdien arteko ezkutuko hitzarmenen menpe egotea?

Bildun argi daukagu ez dugula ez udalaren zerga sisteman ezta udalei dagozkien beste erabaki batzuetan ezkutuko paktuen sistema defendatuko.

Are gehiago, ez dugu bidezkoa ikusten herri batean erabakitakoak beste herri bateko neurriak baldintzatzea. Udal zerga eta tasen inguruko erabakiak gardentasunez hartu behar dira, udal bakoitzaren eta horien parte diren herritarren egoera kontuan hartuz.

Bizi garen garai ekonomikoa oso larria da Bizkaiko udal askorentzat, baina batez ere oso larria da udal horietan zergak ordaintzen dituzten milaka emakume eta gizonentzat.

EAJk eta PSEk bulegotxo batean su motelean egositako ezkutuko paktu baten bitartez baldintzatu dituzte Portugalete, Gueñes, Ermua, Arrigorriaga, Galdakao eta Barakaldoko bizilagunek 2013an ordaindu beharko dituzten zergak. Zeri erantzuten dio herrialde mailako akordio horrek? Herritarren beharrizanei ez behintzat.

Bildun gogor salatzen dugu jarrera hori. Alkatetzan zein oposizioan egon, garai sozioekonomikoari eta herri bakoitzeko ezaugarriei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiten ari gara Bilduko alkate zein zinegotziok. Oposizioan gaudenon kasuan, ez dugu alkatetzan dagoenaren kolorea begiratzen gure proposamenak aurkezteko; jarrera eraikitzailearekin, progresibitate irizpideetan oinarritutako proposamenak aurkeztu ditugu, gehiago daukatenek gehiago ordain dezaten gutxiago daukatenen mesedetan.

Horrela lan egiten gabiltza herriz herri, IBIa ordaintzen laguntzeko ordenantzak bultzatzen edo igoerak beharrezkoak direnean, horiei mugak jarriz. Argi daukagu udalen finantzaketan ezinbesteko diru sarrera direla plusbalia, IAE, IBI, Ibilgailuen zerga edo zaborren tasa, beste askoren artean; horiekin lortutako dirua politika sozialetan egindako inbertsioa indartzeko beharrezkoa da, besteak beste. Horregatik, udal finantzaketari nabarmen kalte egin ez, baina langabezian edo errenta baxuekin aho asko elikatu beharrean dauden familiei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu Bildukook. Horretarako, gehiago dutenen esfortzu handiagoa beharrezkoa da (luxuzko autoengatik zerga altuagoak exijituz adibidez).

Bide horretan lan egiten jarraituko dugu, politika egiteko beste modu bat posiblea dela sinesten dugulako, gardena eta hurbila. Ezkutuko paktuak ez dira gure politika egiteko modu horretan sartzen.