Begirada bat 1937ko Bizkaiari

Begirada bat 1937ko Bizkaiari

I. Maruri Bilbao

Etxetik mugitu ere egin gabe, ibilaldi bikoitza egin daiteke: espazioan eta denboran. Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak nolabaiteko bisita gidatuak eskaintzeari ekin dio, konfinamendu egoera indarrean egongo den asteetarako. “Hainbat bisita genituen hitzartuta udaberriko hilabete hauetan egiteko, baina, alerta egoera dela eta, denak bertan behera geratu dira. Horregatik, pentsatu genuen alternatiba bat eskain genezakeela gure museoa eta burdinazko hesia ezagutu nahi duten guztientzat”, azaldu du museoko kide Aitor Miñanbresek. Bisita hitzartua izan dutenentzako aukera bat izan daiteke, baina baita 1936ko gerrak Bizkaian izan zuen bilakaera ezagutzeko interesa duen beste edonorentzat ere.

Bisita birtuala egiteko, bi bide erabili behar dira. Batetik, Vanesa Piresek museoaren beraren bisita birtuala jarri du Google Mapseko Street View sistemari esker. Hala, lekuen bilatzailean museoaren izena sartu, eta, topatu ostean, 360 graduko bisita egiteko aukera sakatu behar da. Hartara, erakusketan dauden informazio panelak eta objektuak gertutik ikusi ahal izango dira. Bestetik, aldi berean, norberak ikusten duen horren osagarri, Jataondo Uribe Butroeko landa garapenerako bulegoak bere turismo webgunean duen audiogida entzun daiteke (http://www.uribe.eu/aurki-ezazu/burdin-hesia). Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez daude aukeran. Hamabi minutu irauten du azalpenak.

Bizkaiko hiriburua frankisten erasoetatik defendatzeko asmoarekin, 80 kilometroko defentsa sarea irudikatu zuen garai hartako Eusko Jaurlaritzak; baita neurri batean eraiki ere. Burdin hesia deitu zuten frankistek, gainditzea lortu zutenean. Bilboko eta inguruko herrietako 600.000 biztanle babesteko helburua zuen, horien artean 100.000 errefuxiatu. Baina ez zuen bete helburua: 1937ko ekainaren 19an, frankistek Burdin Hesia suntsitzea eta Bilbo bereganatzea lortu zuten.

Museoan bertan dauden panelek hesiaren bilakaera erakusten dute, modu kronologikoan. “Besteak beste, proiektua zein zen, zergatik egin zen, zelan hasi ziren lanak, beharrean nortzuk ibili ziren, hesia osatu zuten baliabide arkitektonikoak zein izan ziren, Bilbo defendatzeko batailen kronologia eta frankistak hirira iritsitakoan zer gertatu zen… Hori dena dugu jasoa. Testuetan azalpen labur bat dago, eta argazki askori esker irudika dezakegu zein zen orduko errealitatea”.

Panelekin batera, hainbat elementu daude bilduman. Kristalezko bitrinetan denetarik dagoela esan duMiñanbresek. Adibidez, Euzko Gudarosteko gudarien uniformeak, kaskoak, armak eta enparauak dituzte ikusgai. Herritarrek jatekoa lortzeko erabili behar izan zituzten errazionamendu kartak ere badituzte bilduta. Baita erbesteratu egin behar izan zuten umeek atzerritik etxera bidalitako postalak ere. Faxistek bonbardaketetan erabilitako lehergaiak daude erakusketan, erasoaldi horietan bete beharreko protokolo idatziekin eta babesgune erreplikekin batera. “Elementu horiei esker, paneletan kontatzen den errealitatea hobeto irudika daiteke”.