“Ezin ginen hizkuntza gabe gelditu; euskaldunak garen kontzientzia geneukan”

Ohorezko Lauaxeta saria jasoko du Karmele Goñi etnografo eta euskaltzaleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1926) gaur, Foru jauregian. Bilbora ezkondu zenetik gaur egunera Bizkaiko hiriburua asko euskaldundu dela dio, baina kosta egiten zaio ulertzen gazteek eskolan ikasi duten arren zergatik ez duten euskaraz hitz egiten. “Kalean erdaraz dabiltza jo eta ke”.

Euskarari eta euskal kulturari emandako bizitza saritu gura izan dizu Bizkaiko Foru Aldundiak. Zuk zelan laburbilduko zenuke bizitza hori?

Familia euskaldun batean jaio nintzen. Gerra hasi arte gure mundua euskalduna izan zen. Amona zeraindarra geneukan. Udan, Zerainera [Gipuzkoa] joaten ginen, ikasturtea hasi arte. Euskaldunen artean bizi izan naiz. Gerrarekin hori guztia erabat aldatu zen. Gure mundutik atera gintuzten. Kendu ziguten euskara. Kristau dotrina eta mezak euskaraz kendu zituzten. Gure mundua erabat aldatu zen. Euskaldun herriari inork ez al dio barkamenik eskatu behar? Horrek ez dauka garrantzirik? Herria txikitu ziguten. Hori zela eta, gutxi edo asko, beti bizi izan ginen politikan sartuta. Horrek gogortu egiten zaitu, eta horri esker eutsi genion. Gure barruan euskaldunak garen kontzientzia geneukan. Euskal Herrian ezin genuen gelditu hizkuntza gabe. Herriaren alde lanean hastea ez zitzaidan batere kostatu.

Zelan hasi zinen etnografian?

Jose Migel Barandiaran ezagutzen nuen. Harekin hasi nintzen. Aranzadin oso goiz sartu nintzen, 18 urterekin. Han neukan osaba Manolo [Manuel Laborde], Jesus Elosegi… On Jose Migel etortzen zen gure batzarretara, eta poliki-poliki etnografia sailera bideratu ninduten.

Non ibiltzen zinen?

Zerainen. Baserri guztiak ezagutzen nituen eta! Amonak han igarotzen zuen ia urte osoa, eta harekin egotera bidaltzen ninduten. Galdetzen nien gariari buruz, adibidez. Ikusten nituen simaurra botatzen, eta hartaz hitz egiten genuen. Vespa bat nuen, eta harekin ibiltzen nintzen. Oraindik ere segitzen dut. Uda aurretik joaten naiz, eta Arimen Egunera arte egoten naiz. Talde txikiak osatzen ditut. 80 urtetik gorakoak izaten gara denak. Arratsaldero leku batean edo bestean elkartzen gara. Galdetzen diet: “Ea, zuen garaian zenbat erromeriatara joaten zineten? Ze musikarekin? Zenbat emakumek jotzen zuten zerbait?”. Ez dakizu ze musikariak diren baserritarrak! Erromeriak egiten zituzten. Askotan emakumeak joaten ziren bakarrik, eta beraiek jotzen zuten, beraiek kantatu. Dantzan ere aritzen ziren, baina soltean. Oraindik gogoratzen naiz agarraua egin zen lehen urtea. Abadea fina jarri zen. Nik horiek ikusita dauzkat, eta horregatik etnografian aritzeko erraza daukat.

Gero Bilbora ezkondu zinen.

Hau oso erdalduna zen orduan. Bost seme-alaba ditut. Etxean dena euskaraz egiten genuen. Nire lagunek eta nik maisua edo maistra bilatu eta etxeetan ematen genituen eskolak. Gure umeek euskaraz ikastea nahi genuen. Denak etxe batera joaten ginen. Baina hemen bat, han bestea, eskola txiki asko genituen. Azkenean, pisu bat hartu eta eskola jartzea pentsatu genuen. Resurreccion Maria de Azkue ikastola. Amak arduratzen ginen guztiaz. Administrazioa gure kontu hartu genuen, maistra berriak bilatu, garbiketa, telefonoari kasu egin… Laster txiki geratu, eta beste leku bat bilatu behar izan genuen.

Arazorik ere izango zenuten.

Sustoak ere bai. Baimenik gabe ireki genuen. Baina inspektorearengana joan ginen, eta esan genion eskola ireki nahi genuela. Bete genituen paper guztiak. Esan genuen umeak txikiak zirela eta euskaraz errazago egiten zutela erdaraz baino. Txiripaz eman ziguten baimena. Eskaeran esaten genuen Abandon ez zegoela ezer, ume txikiekin ezin ginela urrutira joan, eta nahi genuela eskola bat erdaraz, noski, eta euskaraz. Jarri genuen: “Y en euskera“. Ez genuen aipatu ikastola zenik. Denek esaten ziguten ez zigutela baimenik emango. Baina inspektorearengana joan ginenean eman zigun.

Eta nola joan zen hazten?

Ume txikientzako eskola zen hasieran, 7 urte arterakoa. Baina, handik aurrera, eskola koadernoa behar zuten. Eta, 10 urtetik aurrera, Batxilergoa. Horretarako, ez dakit zenbat metro eskatzen zizkiguten. Umeek ikastolan euskaraz egin ostean, institutuan zailtasunak zituzten erdaraz aritzeko. Azterketak ere erdaraz egin behar zituzten. Hala sortu genuen kooperatiba, Lauro ikastola. Horri esker, legeak Batxilergoa ere irakasteko aukera ematen zigun. Orain hor dago, ondo ikastola ederra. Nire bilobek han ikasten dute. Eta ondoren zenbat ikastola sortu ziren!

Bilbon dotrina euskaraz emateko ere egin zenuen borroka.

Atera zuten lege bat esanaz bakoitzak ikasi behar zuela doktrina bere parrokian. Joan ginen gurasook Abandoko parrokoarengana, eta dotrina euskaraz eskatu genion. Sekulakoak esan zizkigun. Azkenean, eskaini zigun igandeetan 05:00ak aurretik. Gotzaitegira joan ginen, zer nahi genuen azaltzera. Meza euskaraz emateko baimena iritsi zenean ere gotzainak ez zuen ezer egin, e? Guk ekarri genituen Iparraldetik euskarazko meza liburu txiki batzuk. Emakume talde bat autoetan joan ginen bila, eta Bizkaian eskualdez eskualde banatu genituen. Elizak ez zuen ezer egin! Orain ere, Abando osoan meza bat ere ez daukagu euskaraz. Horretarako eskubiderik dagoela uste duzu? Jesuiten elizan izan dugu igandeetan, 11:00etan. Ni urteetan joan naiz. Orain, abadea gaixotu da, eta ez digute beste bat jarri. Gu euskaldunak gara, eta meza euskaraz entzuteko eskubidea dugu. Jaungoikoak euskara ere jarri zuen munduan. Nor dira gure hizkuntza ondo ez hartzeko?

1977an Elizbarrutiak Labayru ikastegia sortu zuen, euskara eta euskal kultura gorde eta sustatzeko. Martxan jartzeko bilerak zuen etxean egiten ziren.

Bai, eta gure senarra [Jose Maria Mujika] izan da zuzendarietako bat. Gizon ona, apala, langilea, abertzalea. Aralarren ezagutu genuen elkar. San Migel da Euskal Herriko patroia, eta ehunka eta ehunka abertzale joaten ginen santuaren egunez, Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik… Meza entzun, bazkaldu eta iluntzera arte egoten ginen. Bilboko talde bat ezagutu genuen behin, eta tartean zegoen nire senarra izango zena.