San Andres eta Ama Sortzez Garbiaren azoka egingo dute etzi, Gordexolan

Beste urte batez Gordexolak San Andres eta Ama Sortzez Garbiaren azoka nagusia antolatu du, bi jaiegun horien arteko domekan. Gaur da San Andres, eta datorren asteko zapatuan ospatuko da Sortzez Garbia. Hala, etzi egingo dute nekazaritza, abeltzaintza eta eskulangintza azoka.

Udaletxearen ingurua, Molinar plaza, Beraskola pilotalekua eta Juan Antonio Garai plaza izango dira kokagune nagusiak. 09:00etan irekiko dute azoka, eta, ohi bezala, ordu horretan hasiko da baserriko produktuen erakusketa eta salmenta. Ortuariak, frutak, txerrikiak, eztia, gazta, txakolina, sagardoa, ogia… Denetarik ekarriko dute Enkarterriko baserritarrek. Eskulangileek ere askotariko produktuz beteko dituzte euren erakusmahaiak: larrua, beira, bitxiak, saskiak… Nekazaritzako makinen erakusketa ere egongo da.

Abeltzaintzari dagokionez, hegazti arrotzen erakusketa antolatu dute. Eta, noski, urteroko lehiaketak ez dira faltako. 11. urtez Bizkaiko frisiar arrazako behi, txahal eta zezen onenak aukeratuko dituzte. 18. urtez Enkarterriko astorik onena zein den erabakiko da. Azkenik, Gordexolako bertako baserrietako abere onenak ere sarituko dituzte.

NEKAZARITZA AZOKA

Non. Gordexolan: udaletxe inguruan, frontoian eta erdiguneko plazetan.

Noiz. Domeka goizean.