Karrantzan zentsura mozioa aurkeztu dute

Karrantzako Udalari (EAJ) “dekretu bidez” jardutea leporatu diote oposizioko alderdiek. Bildu eta Karrantza Zabalaren arabera, “EAJk ez du onartu” azken udal hauteskundeen ostean gutxiengoan gobernatzera eraman duen egoera. “Egoera berri horretan, oposizioko taldeekiko jarrera irekiagoa izateko itxaropena geneukan, kudeaketa parte hartzaileagoa eta negoziatzeko jarrera espero genituen akordioak lortzeko bidean”, esan dute. Hala ere, salatu dute Karrantzako EAJk “kontrako bidea” hartu duela. Hori dela eta, udal gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute. Datorren eguazteneko ezohiko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute.

EAJk udal batzordeak edukiz murriztu dituela ere salatu du oposizioak. Dokumentazioa eta informazioa zabaltzeko orduan zailtasunak aurkitu dituztela diote, informazioa bide ofizialetatik eskatuta ere. Bi alderdion esanetan, EAJk ez ditu bete oposizioaren bozekin osoko bilkuretan adostu eta onartutako akordioak.

Bestalde, udalak egindako “oso kudeaketa txarraren” adibiderik onena Karrantzako minda planta dela diote oposizioko alderdiek. Lanotan inbertitutako 12 milioi euroak zaborretara bota direla salatu dute. Hala ere, gogorarazi dute politikari batek ere ez duela dimisiorik aurkeztu. Erantzukizunak argitzeko eskatu diote udalari, baina oraindik pausorik ez dutela eman diote.